astekaria 2017/04/21
arrowItzuli

iritzia

O, ez, bibotea!

Miren Amuriza

O, ez, bibotea! Miren Amuriza

Horrelaxe agertzen da, kolpetik, usterik gutxien duzunean. Sartzen zara, adibidez, taberna bateko komun ondo iluminatura, garbitzen dituzu eskuak, arrimatzen zara ispilura eta... O, ez, bibotea!! diozu kopeta urdinduta eta eskuak masailetara eramanda (WhatsApp-eko oihuaren keinuak lez). Zer egingo dut orain? Paper higieniko txatal batekin estali? Ez! Ea zer dagoen komunean... Hara! Makina bat! Kondoiak? Mesedez, nork behar ditu kondoiak eta hortz-eskuilak? Pintzak, komunetan jarri pin-tzak! Negua balitz, kokotsa beheratu eta bufandarekin ezkutatu ahalko zenuke behintzat... Baina apirilean? Azkenean, lagunartera itzuli eta (ustez) disimuluan eskuarekin ezpainak tapatzen amaitzen duzu, besteak pintxoaren ganbari buruz hizketan ari diren bitartean, gogoeta sakonak egiten bazenbiltza lez. Etxeratu bezain laster, argizaria berotu eta tris-tras! Ai!! Nork demonio erabaki ote zuen emakumeok ezin genuela biboterik eduki? Eta orduan, muturra gorri-gorri eginda, zeure buruari hamster itxura hartzen diozunean, pentsatzen hasten zara: zelan iritsi zara, polit hori, munduak begietara barik bibotera begiratuko dizula sentitzeraino? Zelan mundua zeuri begira dagoela sinesteraino? Lasai, ez zara bakarra eta. Zeren, inguruko zenbati antzeman diezu biloa ezpain ertzean? Inauterietan Fridaren biboteak performatzea gustatzen zaigunarekin... e, neskak?

BERRIAn argitaratua (2017/04/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA