astekaria 2017/04/21
arrowItzuli

mundua

Ongietorririk ez Tijuanan

Amagoia Mujika Tolaretxipi

Ongietorririk ez Tijuanan

Zubi baten zeharkaldia, 120 metro, oinez, Ameriketako Estatu Batuetatik Mexikora. San Diegoko aldean utzi ditu migrak, AEBetako mugako Poliziak, eta Tijuanara doaz, ilunpean. Segundo gutxi batzuetan bukatu zaie iraganeko bizitzara itzultzeko aukera, gehienetan betiko, oraindik ez dakiten arren. Tantaka-tantaka, talde txikitan iristen dira, gauero-gauero, 200, 250 edo 300 bat, gizon eta emakume. Azken hamar urteetan milioi bat baino gehiago; 2006tik 2016ra, egunean batez beste 235. Welcome to Tijuana ongietorri seinalea muga legez igarotzen dutenentzat da soilik. Migranteen Arreta bulegoa ere itxirik aurkitzen dute, eta herritar gutxi batzuk dauzkate zain oso berandu heltzen ez direnek. Arropa eta janaria eskaintzen dizkiete, eta deportatuentzat dauden aterpetxeei buruzko informazioa. Berantiarrenek kalean ikusi beharko dute egunsentia, hiriaren iparraldean, Tijuanako droga kartelak egoitza ezarria duen gune arriskutsuan.

Biharamuna izaten da egunik okerrena, Maria Galletaren ustez. Berak aspaldian du nazionalitate bikoitza; umea zela joan zen Jaliscotik Kaliforniara, guraso eta anai-arrebekin. Tijuanatik zeharkatu zuten muga, coyote deitzen dieten mugalariekin. Ez du deportazioa ezagutu, baina deportatuen komunitatekoa da, eta aspaldian erabaki zuen bere lekua haien ondoan zegoela. Gaur egun, Ama eta Familia Deportatuak Martxan elkarteko zuzendaria da. «Burumakur, lur jota iristen dira hona, beldurrez laguntza eskatzeko ere».

Bulegoan beti ditu prest kafe egin berria eta sandwich batzuk. «Berotasun pixka bat ematen saiatzen gara. Hona iristen denak ez du odol deliturik; ez dute bota indarkeria matxistagatik, AEBetako Gobernuak dioen bezala. Badira, bai, horiek ere, baina gehientsuenak kalean harrapatu dituzte paperik gabe, lanetik atera berritan, edanda, edo gidabaimenik gabe gidatzen, eta haien artean asko dira ume zirela AEBetara joandako helduak; gaztelania hizkuntza ahaztua edo bigarrentzat dutenak. Seme-alaba estatubatuarrak harresiaren beste aldean utzi dituzten ama eta aitak».

Donald Trump Etxe Zurira iritsi aurretik, deportazio masiboak agindu zituen, eta, Galletaren arabera, orain hasi dira nabaritzen gorakada, martxo-apirilean, nahiz eta uste duen azken hamarkadako kopuruak gainditzen ari direla. «Gehiago iristen dira, baina aldaketarik handiena da deportazioetan ez dutela berezitasunik egiten delitugileen eta errugabeen artean, eta, gainera, berehalako deportazioak egiten hasi dira barra-barra. Psikologikoki latzagoa da bizitza arrunt bat egitera ohitua dagoenarentzat».

Iritsi berriak 1,7 milioi biztanleren artean nahastuko dira, babeslekuetan, kalean edo El Bordo deritzoten gunean: eremu idorrak ureztatzen dituen Tijuana ibaiaren lokatz lehortuetan bizi dira 2.000 bat pertsona, non kartelen etorkizuneko bezero finkoak bilakatzen diren asko, heroina eta beste hainbat droga kontsumitzera ere helduko direlako.

El Bordon hasi zuen bere ibilbidea Galletak, auzoko Ixehela laguna han zegoela jakin zuenean. «Istorio harrigarriak entzuten ziren hango biztanleei buruz, gaiztoak zirela, eta leku arriskutsua zela. Erabaki nuen neure begiez ikusi behar nuela, benetan zer gertatzen zen jakiteko. Laguna ere ikusi nahi nuen, nola zegoen». Ixehela orain bere lankidea da elkartean.

El Bordon, plastikozko xaflaz egindako etxolak eta zuloetan inprobisatutako logelak aurkitu zituen. «Batzuk segurtasunaren bila iristen dira hara, kalean ez baitute ezer onik, Polizia jazartzen baitzaie; beste batzuk, beren senideengandik gertu egoteko, AEBetatik gertuen dagoen lekua baita, eta telefonoek bestaldeko seinalea hartzen baitute, gehiago ordaindu behar izan gabe. Gainera, hona iristen diren guztien asmo bakarra da beste aldera igarotzeko dirua biltzea».

Baina gaur egun ia ezinezkoa da Tijuanatik igarotzea, Trumpek eraiki beharreko harresiaren aurretikoak ere ez baitu parekorik, eta askorentzat beranduegi izaten da lana bilatzea erabakitzen dutenerako, «oihana baino basatiagoa» baita egunerokoa. «Heroinari eta edateari ematen diote askok, eta lapurtu behar izaten dute eguneroko dosia eskuratzeko».

Lana bilatzen hasten direnentzat ere ez da erraza. Zergatia azaldu du Galletak: «Paperik gabe iristen dira denak; jaiotza agiria ateratzeak 300 peso balio du [15 euro], eta lana emateko ezinbestekoa dute agiria».

Boluntarioak

Konturatu zenean El Bordon zer gertatzen zen, boluntario talde bat sortu zuen. Jatekoa, edatekoa eta arropak ematen hasi zitzaizkien hasieran, xiringa garbiak ere bai, behar zituztenei, hiesa saihestearren, baina, gero, lortu zuen mediku bat, abokatu bat eta psikologo bat taldera ekartzea. «Momentuko arreta emateaz gainera, handik ateratzeko aukerak azaltzen genizkien. Orain lan hori bera egiten dihardu jende askok».

Han zebilela otu zitzaion ama eta familia deportatuei laguntzeko ideia. Bulego bat zabaldu zuen El Bordotik gertu. Agiriak nola atera, nola legeztatu beren egoera, lana non eta nola bilatu, gaztelania eta ingeles eskolak, umeentzako jolasak eta hobeto senti daitezen psikologoen kontsultak ere eskaintzen ditu; hori guztia, boluntarioen laguntzaz, eta San Diegon egiten duen lanari esker. San Diegon daukaten egoitzan lortzen ditu baliabide ekonomikoak, astean hiru goizetan. «Jendeari ekarpena eskatu, jaso, eta sosak kudeatzen ditut».

Egunero-egunero, lehenik eta behin, deportatuen umeak jaso eta bestaldera eramaten ditu, beste hainbat herritarrekin batera, eskolara, San Diegora, ume gehienek, han jaiotakoak izanik, nahiago izaten baitute AEBetan ikasten jarraitu. «Eskola da aurreko bizitzatik geratzen zaien gauza bakarra, amekin bizitzera haur asko etortzen baitira. Oso-oso gogorra da eurentzat bizitza berria. Esne kaxa bat erosteko ere pentsatu egin behar dute; lehen, berriz, bizitza erosoa zuten».

Badira emakume batzuk ofizio bat ikasi edo harekin datozenak, baina gehienek maquiletan lortzen dute lana, eta egunean ehun peso irabazten dituzte, bost euro, baina maquilak hiriaren kanpoaldean daude, eta autobuseko joan-etorriak 40 bat peso balio du, bi euro: «Nekez atera zaitezke aurrera diru horrekin».

Horregatik, umeak senideren batekin utzi ere egiten dituzte AEBetan, eta ez gutxik, hobeto biziko direlakoan. «Aitarekin uzten dituzte emakume batzuek, edo amonarekin, edo beste senideren batekin. Aita diren ia guztiak, berriz, bakarrik geratzen dira».

Laguntza eske joaten zaizkion gizonak Casa del Migrantera bidaltzen ditu, elkarlanean aritzen dira-eta Galleta eta Patrick Murphy aterpetxe horretako zuzendaria. Haien aldeko hitzak besterik ez dauzka Aita Patriciok: «Ez dute ezer txarrik egin, eta galduta datoz, noraezean dabiltza. Uste dut hori izango dela gure etorkizuna, eta oso kezkaturik gaude, gainezka bizi baikara aspaldian».

La Casa del Migrante 140 lagunentzako aterpetxea da, eta, urtea hasiz gero, batez beste 200 pertsona hartu dituzte. Gisa horretako 38 aterpetxe daude Tijuanan, ia denak txikiagoak, eta kalean bizi direnentzat goizero 1.500 bat gosari banatzen dituen zentro bat ere badago. Ez dago gobernuaren eta instituzioen beste laguntzarik, eta bai Galleta eta bai Murphy horretaz kexu dira, beren gain dutelako ardura osoa, eta ez direlako iristen beharren %10 betetzera ere.

La Casa del Migrante zabaldu zutenean, duela 30 urte, Tijuanatik San Diegora zihoazenak hartzen zituzten, baina azken hamar urteotan erabiltzaileen %90 deportatuak dira. Psikologoak eta abokatuak dituzte han ere, eta lana aurkitzeko baliabideak ematen dituzten boluntarioak. «Batzuk iritsi eta hurrengo egunean joaten dira, baina geratu nahi dutenei denbora gehiago uzten diegu, lana topa dezaten. Bi hilabete ere igaro izan dituzte batzuek».

Bestaldera igarotzeko asmoz iritsitako azkenak haitiarrak izan dira: 7.000 inguru daude Tijuanan, ez dutelako AEBetara joateko baimenik lortzen. 2010eko lurrikararen ostean, alde egin zuten Haititik, eta Brasildik iritsi dira gehientsuenak. Olinpiar Jokoetarako eraikuntza eta azpiegitura lanetan aritu ziren, baina, lana amaitu zenean, eta herrialdea krisiak jota zegoela, AEBetara jotzea erabaki zuten; izan ere, legez sar zitezkeen uztailera arte, TPS Behin-Behineko Babes Estatusari esker, baina Barack Obama presidente ohiak kendu zuen estatusa, eta «hementxe daude inoiz iritsiko ez zaien baimenaren zain. Askok Mexikoko herritartasuna eskatu dute, baina hori ere ez da erraza». Herritar batek eman dien lur zati batean ari dira beren etxebizitza prekarioak egiten, Haiti Txikia deritzonenean.

Tijuana asko aldatzen ari da, mugan egoteak legezko eta legez kanpoko negozioak ezartzeko aukera paregabeak ematen dituelako, AEBetatik hain gertu. Tijuana kartela ahuldu eta Sinaolakoak lehiakiderik ez duelako hiri seguruagoa bilakatu da duela lau urtetik. «Bi hektarea hazten da hilabetean, eta gehiago haziko da kanporatuak iritsi ahala, Tijuana deportatuen hiria baita. Biztanleen erdiak dira; bidaltzen dituztenen %30 geratzen dira hemen».

Tijuanatik Tijuanara

1990eko hamarkadan handik igarotzen zuten muga mexikar eta Amerika erdialdeko gehienek, baina NAFTA Kanadaren, AEBen eta Mexikoren arteko merkataritza askeko ituna indarrean jarri ondoren, harresia eraiki zuten, lekurik arazotsuena zeritzotenean, migrazioa kontrolatzeko asmoz. Deportazioak errazteko hainbat legek egin zuten gainerakoa, Bill Clintonen agintaldian, 1993tik 2001era. Clintonen administrazioak ezarri zuen oinarria, baina George Bushek eraiki zuen muga osora hedatutako mila kilometrotik gorako hesiaren zatirik handiena, 2006tik aurrera. Orain Trumpen garaia heldu da, eta osatu eta amaituko du lana, «hesi ederra» bere eginda. Gurutzez betetzen jarraituko du pareta erraldoiak, beste aldera igarotzeko itxaropena oraindik galdua ez zutenen izen-abizenez. Patrick Murphyk esan bezala, «askorentzat heriotza ez baita gerta daitekeen gauzarik okerrena».

BERRIAn argitaratua (2017/04/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA