astekaria 2017/04/21
arrowItzuli

gizartea

Euskal herri izenak erabiliko ditu Nafarroako Gobernuak, zuzenean ofizial egin ez arren

Garikoitz Goikoetxea

Euskal herri izenak erabiliko ditu Nafarroako Gobernuak, zuzenean ofizial egin ez arren

Udalerri gehiagoren euskal izenak ofizial bihurtzeko urratsik ez du egingo Nafarroako Gobernuak, baina horien erabilera «normalizatzeko» neurriak hartuko ditu. Dekretu bat prestatzen ari da gobernua, eta, zirriborroaren arabera, Euskaltzaindiaren herri izendegia erabiliko du gobernuak euskarazko jardunean, nahiz herri horien izen ofiziala erdarazkoa soilik izan. Euskal izena oraindik ofizial egin gabe duten herrien kasuan, udal bakoitzaren gain geratuko da zer egin: gehiengoz erabakitzen badute Euskaltzaindiaren proposamena onartzea, gobernuari eskatu beharko diote aldaketa, eta onartu egingo diete.

Euskarazko izendegiarekin lotutakoak izan dira Nafarroako aldaketa politikoak ekarritako berritasun batzuk; esate baterako, Nafarroa sarrerako errepide seinaleak euskaraz ere jartzen hasi dira —gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez, italieraz eta alemanez zeuden, eta euskaraz ez denak—, eta Iruñeko sarrera-irteeretan ere euskarazko izenak jarri dituzte. Ofizialtzat jota daudenak, betiere.

Kontua da Nafarroako 50 udalerrik baino gehiagok ez dutela ofizial egin euskarazko izena —batzuetan, erdarazkoa eta euskarazkoa bat datoz—. Bost udalerritik ia bat daude euskarazko izena ofizial egin gabe; horiei gehitu behar zaizkie udalerri izan gabe egoera berean dauden entitateak.

EH Bildu, ofizialtasun eske

Herri izendegiaren gaia eztabaidagai izan zuten orain bi hilabete Nafarroako Parlamentuan. Mozio bat aurkeztu zuen EH Bilduk, gobernuari eskatzeko erabaki ditzala Nafarroako herrien izen ofizialak, «Euskaltzaindiaren irizpena jarraituz». Koalizioak ohartarazi du Euskararen Legeak gobernuaren gain uzten duela herrien izen ofizialak zehaztea. Hau dio: «Nafarroako Gobernuak, Euskaltzaindiaren aldez aurreko txostena kontuan izanik, foru komunitateko toponimoak eta lurralde, herri eta herriarteko bideen izen ofizialak erabakiko ditu». Izenei dagokienez, baldintza bat du legeak: eremu euskaldunean, euskarazkoa izatea izen ofiziala, zer eta gaztelaniazko beste bat ez dagoen; eremu mistoan eta ez-euskaldunean, «gaur egungoa» izatea ofiziala, non eta ez dagoen euskarazko izen «desberdin, jatorrizko eta tradizional» bat —kasu horretan, bi izenak erabiliko lituzkete—.

Kontua da Nafarroako Gobernuak eremu euskaldunean soilik ezarri zituela herri izenak, 1989ko dekretu baten bidez; haren ostean, Iruñeko, Lizarrako eta Garesko herri izenak ere arautu zituen, 1991n. Hori osatzeko, herri guztietan berdin egiteko eskatu du EH Bilduk: erabaki dezala gobernuak herri guztietako izen ofiziala, gainontzean erdarazkoa soilik erabiltzen dutelako. Errepide seinale eta mapak jarri zituen adibide Dabid Anaut parlamentariak.

Ahal Dugu-k eta Ezkerrak babestu zuten EH Bilduren eskaria, baina ez zuten aurrera atera, Geroa Baik abstentziora jo zuelako.

Geroa Bai, udalei begira

Desadostasuna dute. EH Bilduk Euskararen Legea hartu du argudio, argi baitio gobernuarena dela izen ofizialak zehazteko ardura; hala egin zuen eremu euskaldunean eta Iruñean. Kontua da harrezkero UPNren gobernuek ez dutela ekimenik izan euskarazko izenak ofizial egiteko. Herri batzuen izen ofiziala ele bitan jarri dute azken urteetan, baina beti izan da udalek propio eskatu dutelako, Euskaltzaindiaren txostena eskuan. 2013an, esaterako, Atetz eta Leatxe jo zituzten ofizialtzat, eta, 2015ean, Eguesibar.

Bide horrekin jarraitzearen aldekoa da Geroa Bai: udalek eskatzen dutenean aldatzea izen ofiziala. Beste arau bat hartu du argudio: Nafarroako Toki Administrazioaren Legea. Hala dio: «Udalerrien izenak aldatzeko, udalek hartutako erabakia beharko da». Eztabaida hor dago bi koalizioen artean: euskal izena ofizial bihurtzea izen aldaketa bat ote den edo ez. Nolanahi ere, oinarrian badago arrazoibide politikoago bat ere, Koldo Martinez Geroa Baiko bozeramaileak parlamentuko eztabaidan zeharka aitortu zuenez: «Inork ez dezala esan ahal izan inposatu egin nahi dugula». Alegia, gobernua orain hasiko balitz falta diren herrien euskal izenak ofizial egiten, «inposizioaren» bandera astintzen hasiko litzatekeela oposizioa, ikusita zer jarrera duten euskarari buruzko gaiekin.

Izatez, oposizioko hiru indarrek eman zioten aurkako botoa EH Bilduren mozioari. UPNk dudan jarri zuen Euskaltzaindiak proposatutako izenen egokitasuna, azterketak «gabezia larriak» dituelakoan; PSNk udalen autonomia aldarrikatu zuen, eta «erabilerarik ez duten itzulpenak» ofizial egitearen kontra jo zuen; PPren esanetan, berriz, Nafarroa «Euskal Herrira anexionatzea» beste helbururik ez zuen mozio horrek.

Testuinguru horretan iritsi da gobernuaren proposamena. Geroa Baik agertutako jarreraren bidetik, ez ditu falta diren euskal izenak ofizial egingo, baizik eta bide horri ekitea udalen gain utzi du. Aldaketarik ez da izango, hortaz. Nobedade batzuk badira gobernuari berari dagokionez, euskarazko jardunean euskal izenak erabiltzea onartuko baitu, nahiz eta izenak ofizialak ez izan. Beste diferentzia eremu ez-euskaldunean izango da. Euskarazko izena ofiziala duten herrietan, zeharbide bat hartu zuen UPNren gobernuak 2006an: soilik euskal izena herriko sarrera-irteeretan erabiltzea, eta gainerakoetan erdarazko izena bakarrik baliatzea —argazkian, adibidez, Ziraukiko irteera iragartzeko kartelean soil-soilik erdarazko izena dago, nahiz eta Zirauki izena ere ofiziala den—. Dekretua onartzearekin, ele bitan egon beharko du seinale horrek.

BERRIAn argitaratua (2017/04/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA