astekaria 2017/04/21
arrowItzuli

bizigiro

Emea eta piztia

Edu Lartzanguren

Emea eta piztia

Jadanik patroi bat da, eredu edo gestalt bat: argazki batean emakume bat agertzen da, lasaitasun osoz, baina irmo, mundua zeharkatzen dabilen faxismoaren eta autoritarismoaren mamuari aurre egiten... eta irudia, berehala, biral bihurtzen da sare sozialetan.

Tess Asplund emakume beltz suediarra erretratatu zuen David Lagerlof argazkilariak, iazko maiatzaren 1ean, eskuin muturreko manifestazio baten aurrean ukabila altxatuta. Bi hilabete geroago, Ieshia Evans emakumea protagonista duen irudi harrigarria hartu zuen Jonathan Bachman argazkilariak, Baton Rougen (AEB). Poliziaren bortizkeria salatzen ari zen emakumea superbotereak balitu bezala agertzen da, atxilotuko duten bi polizia superarmatuen aurrean. World Press Photo saria irabazi zuen irudiak. Hirugarrena, duela egun gutxikoa da. Saffiyah Khan emakumeak irribarre baten bidez egin zien aurre English Defence League talde xenofoboko kide bortitzei, Birminghamen (Ingalaterra), apirilaren 8an, eta hala ageri da Joe Giddensen irudian.


Argazkiok kontzientzia kolektiboan duten eragina ulertzeko Vietnamgo gerraren garaira joan behar dela uste du Tere Maldonado etika irakasle eta Feministalde elkarteko kideak. Gudaren aurka Washingtongo Pentagonoan 1967ko urriaren 21ean eginiko protestan emakume bat agertzen da, Polizia Militar baten fusilaren kanoian krabelin bat jartzen. Bernie Boston argazkilariak hartu zuen irudia, eta Flower Power izenburuarekin pasatu da kontzientzia kolektibora. «Orduan sare sozialak egon balira, biral bihurtuko zen irudi hura ere», esan du Maldonadok. Argazki horiek biral bihurtzen dira mezu sinple eta indartsua dutelako: «Hauek dira nire armak, nire gorputza, nire eskuak, lore bat».

Berta Caceres Hondurasen iaz hil zuten ekologista, Palestinako Manal Tamimi... indarkeriarik gabeko erresistentzia sustatzen duten emakumeen zerrenda egin du Maldonadok. «Irudi hauetako emakumeen begiradan beti ikusten dut lasaitasun bat, arrazoia izateak ematen duena».

Zergatik ari dira orain patroi horri jarraitzen dioten horrenbeste irudi sortzen? «Feminismo globalak XX. mendean landatutako haziak orain ari dira fruitua ematen», adierazi du Maldonadok. Emakumeek ikusgarritasuna orain lortu dute, eta horregatik ari dira agertzen etengabe lehen lerroan. «Borrokaren subjektu ere bihurtzen ari dira, eta, orain, ikusten ari gara».

Indarkeriarik gabeko erresistentzia da azken hilabeteotako irudiotako beste ezaugarria. Baina hor arrisku bat ikusten du Maldonadok: «Esentzialismoan erortzeko tentazioa»; hau da, emakumea bakearekin, bizitzarekin berez loturik dagoela adierazten duen diskurtso sinplista eta manikeoa. «Emakumea ere oso krudela izan daiteke». Edonola ere, «indarrarekin gauzaturiko borroka guztiek porrot egin dute azkenaldian, eta, horietan, gizonak izan dira protagonistak», esan du irakasleak. «Orain, ikusten da beste modu batean egin behar direla gauzak».


Irudi eta jarrera horiek oso eraginkorrak dira bestearen bortizkeria desarmatzeko. «Arren arteko norgehiagokarekin, Trumpen eta Ipar Korearen artekoarekin, esaterako, nora goaz?».

Marine Le Pen

«Faxismoak gizonezkoen jarrera matonistan oinarritzen du indarra», esan du Juan Etxenikek. Iruñeko Katakrak kooperatibako kidea da, eta eskuin muturraren gorakada aztertzen dabil. Emakumeak lehen lerroan daude, bai, baita eskuinean ere. «Ez da kasualitatea eskuin muturraren buru berriak emakumezkoak izatea gaur egun», adierazi du Etxenikek. Alemaniako Alemaniarentzako Alternatiba (AFD) alderdiko Frauke Petry, Frantziako Fronte Nazionaleko Marine Le Pen eta Baionan joan zen astean protestak eragin zituen haren iloba Marion Marechal-Le Pen. Baita Madrilgo neonazien aurpegi den Melisa Dominguez ere.

Fronte Nazionalari ospe txarra kentzeko (dédiabolisation) erabili dute emakumearen irudia, adierazteko dagoeneko ez direla betiko erreakzionarioen jarraitzaileak. Ez da kasualitatea Joana Arc-ekoa martiria ikur nagusi gisa hartu izana. «Le Penek jarrera lasaiago bat ekarri die». Horretan mugarri izan zen, Etxenikeren arabera, Le Penek eta Jean-Luc Melenchon Frantziako ezker jakobinoaren buruak 2014an telebistan izaniko eztabaida bat. Emakumeak irabazi egin zion eztabaida, besteak beste uko egin ziolako Melenchonen estilo «erasokorrari» jarraitzeari. «Bere burua biktima duin gisa jarri zuen, eta bestea erasotzailearen paperean. Gau horretatik, aurrea hartu zion galdeketetan ezkerreko alderdiari». Estilo kontu bat da, beraz. Etxenikeren arabera, Espainian Vox eta halako alderdi batek arrakasta izango luke emakume bat buru balu, eta PPri egunero «neoliberal» deituko balio.

Irudi borroka bat dago, beraz, eta emakumezkoa lehen lerroan dago, horretan ere. «Feminismoak aurrera egin izanak badu paradoxa saihetsezin hori», azaldu du Maldonadok. «Eskuineko emakume guztiek hitz egiteko aukera dute feminismoari esker, baita feminismoaren kontra mintzatzeko ere», gaineratu du. Eskuin muturreko alderdiek berdintasunaren kontrako aldarriak «mozorrotzeko edo ezkutatzeko» erabiltzen dituzte emakumeak, Maldonadoren arabera. Baina hori ere aurrerapenaren zantzutzat du, inork ezin dituelako orain emakumeak atzera baztertzeko mezuak plazaratu, mozorrorik gabe. «Feminismoaren lorpena da. Lehenengo urrats hori irabazita dago».

Evans, Khan eta Asplund protagonista dituzten irudiak «oso indartsuak» dira, Gari Garaialde argazkilariaren arabera, «balio dutelako jendeari erakusteko ez dela beldurrik eduki behar, eta kontra egiteko modu egokiak daudela».


Argazkilaria izanik, estetikoki ere aztertzen ditu Garaialdek irudiok. Khanen irudiak ahalmen politiko izugarria du, irribarre huts batekin, eta eskuak patriketan, «aurkaria suntsitu» egin baitu. Baina irudia besteak baino «askoz zikinagoa» da. «Une baterako oso ondo funtzionatzen badu ere, agian ez da etorkizunean gogoratuko, irudi gisa gauza batzuk falta baitzaizkio». Bai, ordea, Suediakoa. Garaialderen arabera, konposizioa «oso ona» da, kontrastea dago emakume beltzaren eta neofaxista uniforme zuridunen artean. «Horrek asko balio du irudi gisa».

Angela Mejias argazkilari hendaiarra Parisen dago. Jakin-min handiz erreparatu die azken hilabeteotan biral bihurturiko irudioi. «Ondo begiratzen badiezu, konturatzen zara emakumeek zuzenean begiratzen dietela erasotzaileei, eta ez dute aurpegian inongo gorroto keinurik», esan du. «Horrela egin behar da borroka, adore hutsez».

Baina noraino da erabakigarria argazkilariaren begirada irudiotan? Mejiasek azaldu duenez, profesionalak bere kabuz mintzo den irudia lortu nahi du, «iruzkinik edo argazki oinik behar ez duena». Evans estatubatuarra protagonista duen irudia nabarmendu du argazkilariak: «Emakumeak hor adierazten du ez zaiola jada axola gerta dakiokeena». Gaineratu du Khanen irudia ere asko maite duela: «Irribarre goxo horrekin aurre egitea sekulakoa da». Asplunden irudiak argi adierazten du, Mejiasen arabera, «emakumeok ez dugula ezer galtzeko». Mejiasen arabera, emakumeak beti egon dira lehen lerroan: «Kontua da lehen ez ginela argazkietan ateratzen. Zenbat hil dituzte, ordea, azkenean nabarmentzen hasi aurretik?». Argazkilariak askotan ikusten du adore hori bere lanean.

«Ordu erdi barru, manifestazio batera joango naiz, hemen, Parisen», esan du Mejiasek. «Adi egongo naiz, argazki oinik behar ez duen irudia harrapatzeko».

 

 

 

BERRIAn argitaratua (2017/04/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA