astekaria 2017/04/21
arrowItzuli

gizartea

ARMANDO CUENCA

«Autoen gainetik, hiritarren segurtasuna bermatu behar dugu»

Ion Orzaiz

«Autoen gainetik, hiritarren segurtasuna bermatu behar dugu»

Astearte arratsaldean, auto batek harrapatuta hil zen 63 urteko andre bat Iruñeko Sadar kalean, semafororik gabeko zebra bide bat gurutzatzen ari zela. 2015etik, zortzi dira Iruñerriko kaleetan autoek harrapatuta hil diren oinezkoak eta txirrindulariak, eta auziak kezka eragin du hiriburuan. Segurtasunik eza salatzeko, elkarretaratzea eginen du 8-80 plataformak heldu den ostegunean. Iruñeko Udaleko Hiri Ekologia eta Mugikortasun zinegotzi den Armando Cuenca (Caceres, Espainia, 1979) prest azaldu da «aldaketa sakonak» egiteko.

Arazo bat al du Iruñeak mugikortasunarekin?

Bai, eta ez da pertzepzio kontua. Errealitatea da soil-soilik. Datuek erakusten digute gisa honetako istripu gehiegi daudela Iruñean. Eta ez gara sartuko hiriburuen arteko lehia antzuetan. Berdin zait Gasteizen, Donostian edota Logroñon gehiago ala gutxiago diren auto istripuan hildakoak. Guk zero ikuspegia aplikatu behar dugu; alegia, zerotik gorako kopuru oro onargaitza irudituko zaigu. Beti.

Administrazioak ba al du erantzukizunik?

Erabatekoa. Gidariak alkoholik edo bestelako drogarik kontsumitu ez badu, behintzat, ardura gurea da. Eta, hain zuzen, baldintza normaletan gertatzen dira istripu gehienak; hau da, autoak gehienezko abiadura muga gainditzen ez duenean eta gidaria, besterik gabe, despistatu egiten denean. Hortaz, nola lortuko dugu istripuak gutxitzea? Kalearen diseinua aldatuta. Eta hori ez da oinezkoen edo gidarien erantzukizuna, administrazio publikoarena baizik. Mugikortasun Sailarena, besteak beste. Nik ez diot izkin eginen ardura horri. Hortaz, gure lana, orain, bideen ahulguneak zehaztea eta horiek konpontzea izanen da.

Nola, zehazki?

Ez gara deus berria asmatzen ari: semaforoak jartzeak beti murrizten ditu istripuak, eta, errepidean kuxin berlindarrak jarrita [autoen abiadura moteltzeko goraguneak], ezbehar asko saihestuko ditugu. Baina ez gaitezen astearteko istripura mugatu, eta har dezagun kale hori bere osoan. Zer ikusiko dugu? 20 metroko eta lau erraileko zabalera duen errepidea, eta, ondoan, autoak ilaran aparkatzeko hegalak, bidearen alde banatan. Hori ez da kale bat; autobide bat da, hiriaren erdian. Eta halako askotxo ditugu.

Eta ez dira beharrezkoak?

Ez, gehienetan trafikoaren neurriak ez duelako justifikatzen azpiegituraren tamaina. Egunean 6.000 ibilgailu soilik igarotzen dira Sadar kaletik. Trafiko hori bideratzeko, nahikoa izanen litzateke errail bat norabide bakoitzean. Eta hori da, funtsean, gure proposamena: autoentzako errailak erdira murriztea, kanpoaldean bidegorriak jartzea eta, oro har, trafikoa lasaitzea, orduko 30 kilometroko gehienezko abiadura ezarrita. Filosofia horrekin moldatu nahi ditugu Iruñeko etorbide handi guztiak.

Hiriaren antolamendua goitik behera aldatuko du horrek...

Bai. Helburua, finean, trafikoa baretzea da, eta, horretarako, sakoneko aldaketak egin beharra dago. Gure lehentasuna etorbide nagusiak dira: Zaragoza etorbidea, Gipuzkoakoa, Sanduzelaikoa, Pio XII, Barañaingoa... Eta horiek moldatuta, ez da arazorik egonen hiri osoan orduko 30 kilometroko gehienezko abiadura ezartzeko. Oinezkoen segurtasuna bermatu behar dugu.

Aztertu al dituzue neurri horrek izanen dituen ondorioak?

Bai, noski. Eta ikerketa guzti-guztiek diote gehienezko abiadura murrizteak ez duela eraginik izanen desplazamenduen iraupenean. Izan ere, autoak orduko 15 kilometroan ibiltzen dira hiri barruan, batez beste. Askotan pentsatzen dugu autoa hartzeagatik bizkorrago ibiliko garela, eta ez da egia. Hortaz, gehienezko abiadura mugatzeak ez du trafikoaren jarioa aldatuko. Kontrara, mugikortasuna hobetuko du, eta funtsezkoena dena: gora eginen du erabiltzaileen segurtasunak.

Proposamen hori indarrean jarri aurretik, udal gobernu-taldean eztabaidatu beharko duzue.

Hiri Mugikortasun Sailak autonomia osoa du hainbat neurri aplikatzeko, baina, kasu honetan, Hiritarren Segurtasun Sailak ere badu zer esanik, finean udaltzainak direlako trafikoa kudeatzeaz arduratzen direnak.

Eta desadostasunak dituzue udaltzainen buruekin?

Hor arazo bat dago. Historikoki, Iruñeko trafikoaren kudeaketak helburu bakar bat izan du: ibilgailu motordunen mugikortasuna erraztea. Eta hori edozeinek ikus dezake: autoarekin sukalderaino sar zaitezke Iruñean, eta oso eroso mugi zaitezke hiriko edozein puntutan. Orain, irizpidea aldatu dela barneratu behar dute udaltzainek eta goi funtzionarioek. Beren lehentasuna ez da jada auto gidarien erosotasuna eta bizkortasuna lehenestea, herritarren segurtasuna bermatzea baizik. Zaila da inertzia horiek errotik erauztea, eta astearteko istripuak are gehiago tenkatu ditu gauzak, kolpe latza izan baita guztiontzat. Gainera, mugikortasunaren esparrua gainditzen du eztabaida honek.

Zergatik?

Gure planteamenduak zalantzan jartzen duelako hiriaren eredua bera. Etxegintza enpresei kalte egiten die, adibidez. Egungo eredu ekonomikoa adreiluan oinarritzen da; hiriak izugarri hazi dira, eta erdigunetik urrun eraiki dituzte auzo berriak. Etxebizitza horiek saldu ahal izateko, ezinbestekoak dira errepide handiak, aldirietatik erdigunera azkar batean iritsi ahal izateko. Adibidez: askok ez lukete erosiko hiriaren erdigunetik 45 minutura dagoen etxe bat. Bada, hortxe dago gakoa: ibilgailuen trafikoak bermatzen du higiezinen sektorearen errentagarritasuna, eta askok ez dute euren negozioa arriskuan jarri nahi. Auzi politikoa da.

UPNk, adibidez, sutsuki egin du mugikortasun planaren aurka...

Bai, baina agerian gelditzen ari dira. Bidegorriak Ipar Koreako komunismoarekin ere alderatu zituzten osoko bilkura batean, eta barregarri gelditu ziren. Horrek kalte handia egin dio euren irudiari, inork ez baitu argazkian haien ondoan agertu nahi. Auzia polarizatu egin da: mugikortasunaren alde eginen duzu, ala 1980ko hamarkadan iltzatuta gelditu ziren energumeno horiekin lerratuko zara? Bakarrik gelditu dira.

UPNrekin bakarrik ez: laukotearen barruan ere eztabaidak izan dituzue honen kontura, ezta?

Bai, baina bestelako eztabaidak izan dira, aldaketen erritmoarekin lotuta. Nik uste dut motelegi gabiltzala aldaketa hauek ezartzen, eta 2019rako mugikortasun eredu berria prest izan beharko genukeela; beste batzuek, berriz, uste dute pausoak mantsoago eman beharko genituzkeela. Teorian, behintzat, denak gaude ados, baina aldaketak praktikara eramateko tenorean, ezadostasunak azaleratzen dira. Zaila da kontsentsuak bilatzea, baina ni baikorra naiz, gizartea bera aldaketarako prest ikusten dudalako.

BERRIAn argitaratua (2017/04/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA