astekaria 2015/11/22
arrowItzuli

mundua

Salbuespen neurrien menpe

Iñaki Petxarroman

Salbuespen neurrien menpe

Ipar Euskal Herria eta Frantziako Estatuko lurralde osoa salbuespen neurrien menpe daude atzotik. Ministroen Kontseiluak ezarri du martxan larrialdi egoera, beste hainbat neurrirekin batera, eta hamabi egunetan iraun dezake dekretu administratiboz. 1955ean onartu zen, eta hiru aldiz bakarrik jarri da indarrean; behin bakarrik lurralde osoan, oraingo honetan, hain justu ere.

LARRIALDI EGOERA

1955ean onartu zuen Frantziak, Aljerko Gerraren harira, eta funtsean salbuespen neurriak ezartzen ditu, kontrol eta prozedura juridiko bereziak. Atzo ezarri zuten lurralde osoan dekretuz, eta hamabi egunez iraun dezake. Ordutik aurrera mantentzea erabakiz gero, parlamentuaren oniritzia beharko luke neurri horrek. Funtsean, larrialdi egoera ezar daiteke «ordena publikoko kalte larriak gertatzeko arriskua» dagoenean, «hondamendi publikoa dakarten gertakarien harira, haien larritasuna eta izaera» kontuan edukita.

Larrialdi egoerak neurri zehatzak jartzeko ahala ematen die prefetei. Besteak beste, autoen zirkulazioa debekatzea zehaztutako ordu eta tokietan; eta, halaber, segurtasun eremuak ezartzea botere publikoen lana oztopa edo eragotz dezaketen pertsonei.

Aldi berean, prefetak etxeratze agindua ezar dezake, eta hainbat pertsonaren bizilekua debekatu. Toki publikoak itxi ditzake, esate baterako, ikuskizun aretoak, batzar aretoak eta kafetegi eta saltokiak. Neurri larriagoak ere agindu ditzake; besteak beste, neurriak iraun bitartean, prentsaren gaineko zentsura ezarri, agerkariak publikatzeko debekuak bultzatu, irrati saioak eta zinema nahiz antzerki emankizunak mugatu.

Horrekin batera, justiziaren kontrol jarduera arin dezake segurtasuneko prozeduretan. Modu horretan, agintariek jazarpenak egiteko eskubidea dute, epaileen agindurik gabe, gauez zein egunez, eta justizia militarra indarrean jar dezakete.

Neurri berezi hori beste bi alditan bakarrik jarri da indarrean, 1955etik. 1985ean, Kaledonia Berrian izan ziren istilu eta borroken harira, baina bakarrik kolonia hartan. Eta bigarren aldiz, 2005ean, Parisko auzoetan izan ziren errebolta eta istiluen harira, Dominique Villepin gobernuaren ekimenez.

KONTROLAK MUGAN

Klima aldaketaren inguruko goi bileraren harira, COP21, Frantziako Gobernuak Schengeneko ituna baliogabetua zuen herenegundik, hilabete baterako. Atentatuaren ostean «mugak itxi» zituela agindu zuen Eliseoak, baina handik ordu gutxira François Hollande presidenteak zehaztu zuen neurri hori ez zegoela indarrean; bai, ordea, mugetan kontrol etengabeak egiteko agindua. Esate baterako, Lapurdi eta Gipuzkoa arteko mugan egun osoan egon ziren indarrean halako kontrolak.

MANIFESTAZIOAK DEBEKATUTA, PARISEN

Frantziako agintariek manifestazioak debekatu dituzte Parisen azaroaren 19ra bitartean. Gobernuak hala justifikatu du neurri hori: «hiriaren segurtasun orokorra bermatzeko», halako ekitaldi jendetsuek helburu hori oztopa dezakete.

PLAN ZURIA OSPITALETAN

Osasun sistema egoera berezietarako prestatzen duen neurri sorta biltzen du Plan Zuriak. Neurri berezien bidez, alerta egoera jartzen du indarrean ospitaleetan, larrialdietako zerbitzuetan, baita osasun publikoaren gainerako atal guztietan ere. Plan Zuria Parisen bakarrik da indarrean.

ESKOLETAKO GARRAIOA, ETENDA

Paris eta Ile-de-France Departamenduko eskola eta unibertsitate guztiak itxi zituzten atzo, Parisko Akademiaren aginduz. Errektoretzak jakinarazi du krisi batzordeak ezarrita daudela hiru akademietan: Paris, Creteil eta Versailles. Aldi berean, eskola garraio eta bidaia guztiak bertan behera utzi dituzte aste buru osorako, baita atzerrikoak ere.

KIROL LEHIAKETAK ETA KULTUR JARDUERAK

Parisen jokatzekoak ziren kirol lehiaketa guztiak bertan behera utzi dituzte. Anne Hidalgo Parisko alkateak jakinarazi du leku publikoak ixtea erabaki dutela, bereziki gimnasio eta igerilekuak. Disneyland parkea, Eiffel dorrea eta Asterix museoa ere itxi egin dituzte. Kultur ekitaldietan ere eragin handia izan da. Besteak beste, museoak itxi egin dituzte. Saltoki asko ere itxita egon dira.

BERRIAn argitaratua (2015/11/14)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA