astekaria 2017/04/21
arrowItzuli

politika

Bataila politikoa ez da amaitu

Joxerra Senar

Bataila politikoa ez da amaitu Joxerra Senar

Duela aste pare bat, Jose Javier Esparza UPNko presidentea haserretu egin zen, edo haserre plantak egin zituen. EH Bilduk kritikatu zion, Frantziako Fronte Nazionalaren modura, UPNk apirilaren 8ko armagabetze prozesua ez zuela babestu. Berehala, beti bezain suhar, Esparzak erantzun zuen «hemen nazi bakarra EH Bilduk ordezkatzen duena» dela, Marie Le Penen alderdiaren aipamen hutsak nazismoarekin lotuko balu bezala. Hau da, subkontzienteak traizio egin zion, eta iraintzat hartu zuen datu objektibo baten gainean egindako kritika politikoa. Dialektikarako bere gaitasunik ezak egin zuen gainerakoa. Uste du ETA, euskara eta inposizioa-rekin aski duela, eta horretan dabil azken bi urteotan.

Anekdota ez da hor geratzen. Iragan apirilaren 5ean, desarmatzeari babes zabala eman zioten Ipar Euskal Herriko eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ia alderdi eta eragile gehienek —PP bakarrik geratu zen kanpoan—. Nafarroan, berriz, panorama kezkagarriagoa da. UPNk, PPk eta PSNk ez zuten babestu, eta posizio horrek jada adierazten du hiru alderdi horiek non dauden gaur egun. UPNk eta PPk bakegintzan eta, oro har, beste hainbat esparrutan muturreko jarrerekin iraganean kateatuta segitzen dute; PSNk, berriz, egun batean tonu leunagoa eta bestean gogorragoa darabil. Sigi-saga, baina beti besteen atzetik.

Eta hara non Ana Beltran PPko presidente izendatu berriak berriki elkarrizketa batean honako proposamen hau egin duen: «Ez da baztertu behar UPN, PP eta PSN elkarrekin aurkeztea hurrengo hauteskundeetan». Erregimenaren mesedetan hainbeste zerbitzu eskaini duen PSNren anbiguotasunari kalte egiten ziola erreparatuta, bere proposamena UPNra mugatu du ondorengo egunetan, eta aho txikiarekin baino ez du aipatu alderdi sozialista. Beltranen arabera, Nafarroa suntsitzeko bidean omen dago, eta, horretarako, zer konponbide hoberik Fronte Nazional bat eratzea baino.

Ez zaie besterik geratzen. Eurek elikatutako autofikzioa elikatu beharra dute. Nafarroako aldaketa higatu, oztopatu eta baldintzatu nahian, lehen egunetik zarata eta histeria nagusitu dira. UPNko agintari batek onartu zuen 2015eko ekainean, boterea galdu ostean, jokoz kanpo geratu zirela, baina horretan jarraitzen dute, gehiegikeriaren gainean gehiegikeriak pilatuz. Azken ateraldia? Joseba Asironek Iruñea Korrikari entregatu ziola, edo ikurrina zeraman lekukoarekin «nafar gehienei irain egin» zitzaiela. Euskararekin lotutako edozein aurrerapauso inposizioarekin lotzen dute; ikurrinaren aurkako debekua kenduz, Nafarroa suntsitzen da; zerga erreforma zerga infernua dela frogatzeko gezurrezko datuetan oinarritutako webgune bat jarri dute; eta bakegintza zein elkarbizitzaren inguruko urratsak ere lokaztu egin dituzte. Estrategia oldarkor horrek apenas uzten duen tarterik elkar ulertzeko edo Nafarroak egun dituen arazoei konponbide partekatuak bilatzeko.

Aliantzak lortzeko ezintasuna gainditzeko asmoz, duela urtebete UPNk Kongresua egin zuenean neurritasunaren aldeko nolabaiteko keinu bat egin zuen, baina betiko jarrera erreakzionarioa nagusitu zaio, eta, horretan, Ana Beltranek arrakasta izan du: bere imintzio eta antzezpenek UPN baldintzatu dute. Alderdietatik harago, bestelako eragileek ere erakutsi dute oldarkortasuna: CEN, CCOO, UGT, Afapna, Sociedad Civil Navarra eta eskuinak urteotan sortutako hainbat think tank... Eta erregimenaren abesbatza horri Diario de Navarra-ren batuta gaineratuz gero, Nafarroak inposizioaren infernu bat bizi duen fikzioa elikatzen da.

Beti hor egon da 2015eko ilusioak lau urte barru zapuztu eta iraganeko mamuak indar handiagoz itzuliko diren arriskua, eta orain kartak mahai gainean daude. Konfrontazioaren jokalekua marrazten ari da, eta gal daitekeen bezala irabaz daiteke, eta etorkizunaren ateak parez pare ireki. Gizartean zauriak utz baditzake ere, bi aldeek gero eta argiago dirudite. PSNk zubi lan modukoa eraiki zezakeen —itxurazkoa edo benetakoa—, baina, oraingoz, nahiago du eskuinarekin lerrokatu eta bere proiektua noraezean murgildu.

Legealdiaren ziaboga honetan etorri da Jose Luis Mendozaren erreleboa. Zalantzarik gabe, lehen urtean higadura handien jasan zuen kontseilaria izan zen. Uztailaren hondarrean kargua hartu eta biharamunean, ikasturte berriaren prestaketa antolatu nahian, hasieratik indar betean ekitea egokitu zitzaion. Akaso, hasiera zail horrek hutsegiteak egitera eraman zuen: Lan Eskaintza Publikoaren kudeaketa, edo beste hainbat gaitan bere hasierako asmoak leuntzea. Dena den, oposizioaren zaratak zarata, PAI programa aztertu eta berrikusi du, eta D eredua Nafarroa osora zabaldu. Barkosek ukatu du aldaketak zerikusia izan duela oposizioaren higadurarekin, baina, ziurrenik, euren jarrerak zerikusia izan du Mendozaren nekean. Euren aldeko tantotzat hartuko zuten dimisioa, baina bataila politikoa ez da amaitu.

BERRIAn argitaratua (2017/04/17)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA