astekaria 2017/04/21
arrowItzuli

kultura

HAUSPOA HAUSPOTZEN

Maialen Unanue

HAUSPOA HAUSPOTZEN

Bigarrenean lortu dute: trikitia irakasten duten musika eskolen eta taldeen errolda egin du Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak. Lehen aldia da halako zerbait egiten dena; 2006an egin zuten lehenengo ahalegina, baina ez zuten lortu guztiengana heltzea, Maider Jauregi eta Andoitz Antzizar kideek azaldu dutenez. Zehazki, 2015-2016ko ikasturtekoak dira bildutako datuak: azterketa egiteko dute oraindik, baina lehenengo ondorio batzuk atereak dituzte —Ainhoa Ansa historialari eta kantariak izan du erroldaren ardura—.

Zein presentzia du trikitiak musika eskoletan? Gainontzeko musika tresnekin alderatu daiteke ikasle kopuruan? Trikiti eta pandero ikasketetan jarri du arreta elkarteak; beraz, ezin dute konparaziorik egin datuekin. «Hala ere, harreman zuzena daukagun irakasleen arabera, musika eskoletan gehien ikasten diren instrumentuen artean lehenena edo bigarrena izan ohi da, pianoarekin batera». 2015-2016ko ikasturteko trikiti eta pandero ikasleak gehituta, 3.845 izan ziren; trikitia ikasi zutenak, ordea, pandero ikasleen halako bi baino gehiago izan ziren: 2.608.

Ikasle horien profila marraztu dute, gutxi gorabehera: emakumeak dira ikasle gehienak, 7-16 urte bitartekoak, eta gehienek solfeoz ikasten dute, ia gehienek euskaraz. Nabarmen gehiago dira emakumeak, azaldu dutenez; bai trikiti bai pandero ikasleen artean. «Trikitiaren kasuan, lurralde guztietan gertatzen da: gizonezkoen aldean, emakumezkoen kopurua ia hirukoitza da. Panderoaren kasuan, ia laukoitza». Aipatu dute kontrako kasua Ipar Euskal Herrian soilik gertatzen dela; hau da, pandero jotzaile gehiago direla gizonezkoak.

Errolda lurraldeka egin dute. Trikiti zein pandero ikasle gehien duen lurraldea Gipuzkoa da, baina Bizkaian ere «ikasle kopuru handia» dago: «Gainerako lurraldeekin alderatuz gero, ikasleen kopuru bikoitza baino gehiago dago bi lurralde horietan». Gipuzkoan, 980 trikiti ikasle zeuden, eta 549 pandero ikasle; Bizkaian, 791 eta 455, hurrenez hurren. Nafarroan Araban baino ikasle gehiago egon arren, bien artean ez dago alde handirik; Ipar Euskal Herria litzateke ikasle kopuru txikiena duen lurraldea, euren datuen arabera, betiere.

Elkarteko kideek azaldu dutenez, erroldari jarraipena emateko asmoa badute: «Ez urtero, baina bost urtetik behin eguneratzea oso interesgarria da, jarraipen orokor bat egiteko eta, batez ere, irakasle eta ikasleen beharrak zein diren identifikatzen jarraitzeko».

Eskoletatik plazetara

Ikasle kopuruak erakusten du «modan» jarraitzen duela trikitiak, «1980ko hamarkadako boom-aren ondoren», elkartekoen arabera. Eta hori agerikoa da plazetan: «Euskal Herriko herri guztietara iristen da jaietan, edo bestelako ekitaldietan: kalejirak, triki poteoak, bazkari-afariak, jaialdiak, erromeriak...». Trikitiak egun «euskal musikak oro har pairatzen duen egoera bera sufritzen du», haien esanetan: «Ez da erraza mundu globalizatu honetan dagokion tokia mantentzea, eta, askotan, folklorizatzeko ohitura dago». Dena den, Euskal Herrian ez ezik, nazioartean ere «sona handia» du, haien arabera, hainbat jaialditan entzun baitaiteke soinu txikia. Hauspoak ez duela hauspo faltarik, alegia.

Trikitia eta panderoa dira Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Ttirriki Ttarraka musika eskolan nagusi. Gitarra ere irakasten dute, baina lehen biak dira nagusi, «alde handiarekin», Lierni Arozena trikitilari eta irakasleak azaldu duenez. «Oso garbi» dute kaleko instrumentua dela trikitia, eta, edozertan parte hartzeko aukera dutela ikusiz gero, ikasleekin kalejiran ateratzen ahalegintzen dira. Arozenaren ustez, «pisu handia» du trikitiak plazetan: «Esango nuke oso gustura hartzen dela, edozein formatutan, bai erromerietan, eta bai taldeka edo binaka joanda». Arozena bera ibilia da bai binaka eta bai taldean, Itzartu erromeriarekin.

Ohiko trikiti-pandero bikoa zen nagusi hamarkada batzuk aurrerago; egun ere jarraitzen du eredu horrek, baina gero eta talde gehiagok integratzen dute trikitia bateria, gitarra eta baxuarekin. «Formatu aukera desberdinak jorratzen ditu gaur egun trikitiak, baina ezagutu izan dugun oinarria bazter utzi gabe», azpimarratu dute trikiti elkartekoek. Trikiti-pandero kontzertuak igande arratsaldero egiten dituzte urritik ekainera Aristerrazun (Aia, Gipuzkoa): «Molde horri dagokionez, ez da ezer aldatu. Oraindik ere modu horretako erromeriak mantentzen dira Euskal Herriko bazterretan».

'Triki-pop'-aren ondokoak

1990eko hamarkadan oso entzutetsuak izan ziren Maixa Ta Ixiar, Gozategi eta Etzakit; hamarkadaren amaiera aldera sortu zen Alaitz eta Maider taldea; 2005. urtean sortu zenez geroztik, trikitia musika elektronikoarekin uztartu du Gose taldeak. Gaur egun, oraindik ere, talde haien kantuak entzuten dira tabernetan, parranda giroan: «Triki-pop izan zen haren egarria oraindik nabarmena da; Huntza fenomenoa ere hor dago, iritsi bezain pronto trikitia dela medio publikoetara bueltatzea ekarri du». Gainera, urteotan guztiotan ez da falta izan trikitirik Euskal Herriko oholtzetan: «Korrontzi, Esne Beltza eta Xabi Aburruzaga bera aipa ditzakegu, besteak beste, trikitia bera baitute oinarri talde horiek: trikititik sortutako taldeak dira».

Urteko garaiaren arabera, formatua aldatzen du Oxabik, Jon Eguskiza taldeko trikitilariak azaldu duenez: uda garaian, kontzertuak ematen dituzte, eta, neguan, kalejiran edo bertso poteoan aritzen dira. Gaur egungo musika estiloetara integratzeko erraztasuna du trikitiak, Eguskizaren ustez: «Instrumentu alai eta dinamikoa da, eta baserri girotik edo antzinako erromeria testuingurutik irten, eta talde formatuan integratzea lortu du». Gaur egun taldean sartzeko joera handiagoa izan arren, garrantzitsutzat du bikoteka aritu direnen ekarpena: «Nahiz eta lehen trikiti txapelketek jende gehiago erakarri, edo ezagun egiten ziren bikote gehiago egon, ez dut uste indarra galdu duenik: uste dut eboluzio naturala dela. Hala ere, garrantzitsua da jakitea nondik gatozen, haiei esker jaso dugulako gaur egun dakiguna». Telebistan ikusgarritasuna galdu duela iruditu arren, plazetan duen presentzia «agerikoa» da, Eguskizaren ustez: «Gaur egun, arrunta da edozein herritako festetan erromeria talde bat ibiltzea edo triki poteoren bat egitea».

Arozenaren ustez, taldean jotzen duten erromerietan, gainontzeko instrumentuek ez dute trikitiaren presentzia ahultzen. «Trikitiarekin plaza ez da betetzen bateria batekin adina, baina iruditzen zait erromeria taldeetan trikitia dela protagonista: laguntzaile gisa ikusten ditut gainerako instrumentuak». Arozenak uste du gaur egungo kantuek beste instrumentuak sartzea eskatzen dutela, trikitiarekin bakarrik jota «motz gelditzeko arriskua» baitago: «Hala ere, beste instrumentuak, beharrezkoak diren arren, laguntzaileak direla uste dut».

Garaira egokitua

Ezten Giro erromeria taldeko trikitilariak dira Maitane Unanue Gabirondo eta Alaitz Eskudero Unanue. Lehengusinak izaki, elkarrekin sarri jo izan dute —Eskuderok hasieran panderoa ikasi zuen, nahiz, denboraren poderioz, trikitia duen tresna nagusi—. Pixkanaka bateria, baxua eta gitarra batu zaizkie, eta horrela sortu zuten taldea, 2010 inguruan. Txapelketetan aritu izan dira —Eskuderok bitan jantzi du Euskal Herriko txapela, Josune Arakistainekin batera—, baina orain taldean jarriak dituzte indar guztiak. Kontzertu dezente ematen ari dira, gainera. «Oso harrera ona izan dugu hasieratik, eta oraindik ere urtean 40 bat kontzertu baino gehiago ematen ditugu», azaldu du Eskuderok.

Binaka eta taldean, bietara arituak dira. «Trikiti-panderoa bikotea oholtzan ikustea ez da hain arrotza, giro hori bizirik dago; taldearena beste alderdi bat da, trikitiaren abanikoa zabaltzen laguntzen duena», azaldu du Unanuek. Bikotearekin oholtzara igotzean bezain trikitilari sentitzen da Unanue Ezten Girorekin aritzen denean, eta horrekin bat dator Eskudero ere: «Taldean integratzeak iraunarazi egin du, eta trikitiak moldatzeko gaitasuna duela erakutsi du, gainontzeko instrumentuen gisan».

Jendea dantzan jartzeko gai da trikitia, Unanueren ustez: «Horri eutsi behar diogu, daukagunari behintzat; gero eta indar gehiago hartzen badu, hobe». Eguskizarekin bat dator Eskudero; trikitiaz osaturiko talde asko ikusten dira festetan: «Gorabeherak izan dituen arren, badu indarra; hein handi batean, urteek aurrera egin ahala moldatzeko gaitasuna izan duelako». Musika estilo bakoitzak du bere publikoa, Unanueren ustez, eta egokitu izan zaie beste era bateko taldeekin oholtza berean aritzea: «Jendea izatea eta publikoa gozatzen ikustea da garrantzitsuena; alde horretatik, ez dugu sentsazio negatiborik izan». Testuinguruaren arabera, desberdintasunak daude, Eguskizaren ustez, baina plazak «nahiko» betetzen dira: «Ikusten da jendeak baduela jairako gogoa».

BERRIAn argitaratua (2017/04/15)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA