astekaria 2017/04/21
arrowItzuli

gizartea

Berotik hotzerako harrera

Mikel Rodriguez

Berotik hotzerako harrera

Euskal Herria mende luzeetan bi estatutan banatutako herria izaki, gatazkak eta arazo politikoak sortu direnetan euskal herritarrek maiz bilatu dute babesa mugaren bertze aldean. 1936an Hego Euskal Herrian piztutako gerraren hastapenean ihes inprobisatuan alde egin zutenek harrera beroa jaso zuten muga gurutzatzean, baina, hilabeteak igaro ahala, Iparraldeko herrikideen artean arbuio eta mesfidantza jarrerak nagusitu ziren. «Kontuan hartu behar da orduko Iparraldeko gizartea oso ezberdina zela oraingoarekin konparatuta», azaldu du Jean-Claude Larronde historialari eta Eusko Ikaskuntzako kideak. «Garai hartako giroan nagusi ziren notableak, kontserbadoreak eta oso klero tradizionalista, eta euskal sentimendu nazionalista oso txikia zen».

1936ko uztailaren 18ko estatu kolpea gertatu eta gutxira hasi ziren ailegatzen lehenbiziko errefuxiatuak. «Gerraren hasieratik iritsi ziren, Nafarroa frankisten menpe gelditu zelako, eta irailaren hasieran Irungo batailatik [Gipuzkoa] ihes egin zutelako anitzek. Nagusiki, ezkerreko jendea zen». Lehenbiziko errefuxiatu haiek «ia deus gabe» ailegatu ziren Ipar Euskal Herrira, eta hiru udalerri nabarmendu ziren laguntza emateko orduan: Baiona, Miarritze eta Hendaia, Lapurdiko kostakoak hirurak. «Harrera adiskidetsua eman zieten, bereziki ezkerreko jendeari. Ez ziren ezker iraultzaileko udalak, baina bai zentro-ezkerrekoak». Errefuxiatuei laguntzeko batzordeen sorrera babestu zuten udal horiek.

«Francoren alde»

Hilabete batzuen buruan, ordea, giroa anitz aldatu zen. Faxistek Bilbo hartu ondoren (1937ko ekainean), exodorik handiena gertatu zen. Iparraldeko sektore politiko bat errefuxiatuen aurka mobilizatu zen, eta, ekinaldi hartan, pertsona bat nabarmendu zen: Jean Ibarnegarai notable garaztarra. «Frankista hutsa zen», azaldu du Larrondek. «1936ko urrian, kanpaina sistematiko bat hasi zuen Francoren alde, eta, 1937an, indartu egin zuen». 1937an ailegatu ziren errefuxiatu gehienak abertzaleak eta katolikoak ziren. «Ibarnegaraik zioen galbidera eramandako katolikoak zirela, komunisten aliatuak, eta Francok promesa eskuzabalak egin zizkien arren, ez zutela onartu nahi izan».

Uharte-Garaziko notableak Eskualduna euskarazko astekaria zuen kanpainarako bozgorailuetako bat. Euskarazko lehenbiziko egunkariak, 1937an Bilbon sortutako Eguna-k, begi tartean hartua zuen Ibarnegarai. «Or dabil Eskualduna bere asterokoa su ta gar gure aurka, euzkeldun fededunen artean gorrotoa eta ikusi eziña sortzen. Ibarnegarai! Euzko-izatea edenez inguratu eta usteltzen dabilan arra. Destañez gogoratu irakurle!», idatzi zuen 1937ko martxoaren 20ko alean. Artikuluak Sasi euzkotarra zuen titulua; ondoan, Eamon de Valera Irlandako Estatu Askeko gobernuburuari buruzko testua zuen, Abertzale eredua tituluarekin.

Ibarnegaraik, ordea, babes handia izan zuen. Nafarroa Behereko eta Zuberoako barrutitik Frantziako Asanbleako diputatu hautatu zuten botoen %90 ingururekin. «Landa eremuetan itsu-itsuan jarraitu zioten», azaldu du Larrondek. Gainera, Ipar Euskal Herriko bertze bi diputatuek ere, Rene Delzanglesek eta Bernard de Coralek, jarrera erasokor berbera eduki zuten errefuxiatuekin. «Delzanglesek Frantziako Atzerri ministroari idatzi zion, eta honako hau erran zion: 'Gure herria ez da bihurtu behar Europako zabortegia'». Kleroaren babesa ere lortu zuen Ibarnegaraik, eta eskuineko prentsa izan zen bertze zutabe bat. «La Presse du Sud Ouest egunkariak kanpaina bat hasi zuen errefuxiatuak kriminalizatzeko. Erraten zuen krimenak eta delituak egiten zituztela, eta eskatu zuen Eusko Jaurlaritzak Baionan zuen delegazioa ixteko, asaldatzaile lana egiten zuelakoan. Pixka bat gaur egun bertze errefuxiatu batzuei buruz aditzen duguna. Historia errepikatu egiten da batzuetan».

Tokikoen eta errefuxiatuen artean indarkeriarik ez zen piztu, nahiz eta giroa anitzetan «ia erasokorra» izan zen. Larrondek bi adibide paratu ditu: bata, Donibane Garaziko La Citadelle eskolan hartu zituzten 500 haur errefuxiatuek izan zuten «harrera hotza»; bertzea, Ernesto Erkoreka Bilboko alkateari eta Jose Labauria Gernikakoari Baionan egin zieten harreraren aurkako erreakzioa. «Udaleko kontseiluak onartu zuen alkateei diru laguntza txiki bat ematea aterpea bermatzeko, eta eskuineko jendeak oso gogor egin zuen protesta, auzitara joko zutela».

1939ko martxoan, Gurseko esparrua ireki zuten euskal errefuxiatuak hartzeko. Biarnon zegoen, Zuberoatik lau kilometrora, eta ez zuten halako gune bat Euskal Herrian ireki Ibarnegaraik presio egin zuelako. 1940ko maiatzaren bukaeran, Hegoaldeko 600 errefuxiatu inguru atxilotu zituzten Lapurdin. «Ibarnegaraik sustatu zuen, eta sarekada etniko bat izan zen. Alderdi guztietako jendea zegoen —EAJkoak, PSOEkoak, komunistak, anarkistak...—, eta euskaldunak zirelako atxilotu zituzten». Alemania eta Frantzia gerran ziren orduan, eta Ibarnegarai Estatu ministro zen. Alemaniak inbasioa bururatu ondoren, Vichyko gobernu kolaborazionistan ere ministro izan zen. Jose Antonio Agirre lehendakariak «Quisling euskalduna» deitu zion, Vidkun Quisling nazien aldeko Norvegiako buruzagiarekin konparatuz.

Mugako herriak

Hala ere, Ibarnegarairen jarrerak izan zuen erresistentziarik. «Errate baterako, Saran, Urruñan, Azkainen [Lapurdi]... Ederki ezagutzen zuten mugaren bertze aldeko jendea, eta Ibarnegarairen kanpainarentzat ezinezkoa zen herri horietan haztea», Larrondek azaldu duenez. Horrez gain, 1937ko uztailetik aitzinera «batasun arraro bat» sortu zen pertsona katoliko ospetsuen eta ezkerreko alderdien artean, harrerarako batzorde bat sortzeko. Alemaniarren okupazioak egoera irauli zuen. Errefuxiatu anitz sakabanatu egin ziren, eta, gerraren ondoren, Ibarnegarai baztertuta gelditu zen. Hegoaldean diktadura egonkortu zen, eta Iparraldeak errefuxiatuak hartzen segitu zuen luzaroan, nahiz eta 1936ko uholderik ez den berriro gertatu.

BERRIAn argitaratua (2017/04/15)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA