astekaria 2017/04/21
arrowItzuli

gizartea

MUNDUKO GERNIKEN TXINGARRA

Jon Rejado

MUNDUKO GERNIKEN TXINGARRA

Bonben beroa senti nezakeen». Hamaika aldiz kontatu du Luis Iriondo Aurtenetxeak (Gernika, 1922) 1937ko apirilaren 26an bizi izan zuena. «Hiru ordu baino gehiago iraun zuen. Halakoetan otoi bat esateko esana ziguten katekesian. Hasi nintzen, bonba batek eten zidan arte. Bigarren aldiz; beste bonba bat. Hirugarren aldiz; eten. Hamar. Ehun. Ez nuen oraziorik amaitu hiru ordu luze horietan». Askotan kontatu badu ere, bizipenak ez du indarrik galdu. Ezta gaurkotasunik ere. «Amaitu zenean, babeslekutik atera nintzen. Herri osoa sutan zegoen. Gernika gar bat zen. Korrika hasi nintzen, beldurrak jota. Ordurako jendea herritik ihes egiten ari zen».

Apirilaren 26an 80 urte beteko dira Gernika bonbardatu zutenetik. 1937ko apirilean, bertako 5.000 biztanleez gain, iheslariak ere bazeuden. Gipuzkoako fronteak bultzatuta heldu ziren. 3.000, orduko kazetarien arabera. Apirilaren 26tik aurrera mendebalderantz jarraitu zuten, gerratik ihesi, suntsitutako herriko bizilagunak gehituta. Ordea, Gernikak mugarri bat finkatu zuen desplazatuen kasuan. Nazioarteko kazetarien kronikek iheslariak hartzearen aldeko mugimenduak hauspotu zituen herrialde askotan. Adibide argia da La Habana itsasontzia. Santurtzitik Erresuma Batura 3.800 haur inguru eraman zituen; Gernikako haurrak deitu zituzten; Iriondoren iritziz, hala ere, bere herriko haur gutxi zeuden horien artean.

Errefuxiatuek garrantzi handia izango dute bonbardatzearen 80. urteurrenaren kariaz egingo diren ekitaldietan. Garai bateko errefuxiatuek, baita egungoek ere. CEAR eta Gernika Gogoratuz-ek behartutako desplazamenduak eta asilo eskubidea izango dituzte mintzagai. Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak hausnarketarako gunea ahalbidetuko du, Gernikan jazo zena eta egun hamaika lekutan gertatzen dena aztertzeko. Bonbardaketaren urteurrenaren atarian, BERRIAk 1937ko eta gaur egungo errefuxiatuak bildu ditu, etxetik egotzia izateak dakarrenaz hausnartzeko. Begirada eta bizipen askotarikoek partekatzen dituzten muinen gainean aritzeko.

Azken unera arte, sustraiei heldu

«Iheslari batek aurretik dena galdua duelako edo galtzear dagoelako egiten du ihes», hausnartu du Yahia Koddok (Idleb, Siria, 1984). Baieztapen hori baliagarria izan zen 1936ko gerragatik Hego Euskal Herria utzi zutenentzat, baita gaur egungo munduko beste gatazka armatu eta jazarpenetatik ihes egiten dutenentzat ere. Hori ondoriozta daiteke belaunaldi ezberdinetako errefuxiatuen hitzak entzunda. Etxea uztea azken erabakia da.

Yahia Koddo eta Ruba Hassan (Alepo, Siria, 1987) Gasteizen bizi dira egun. Modu ezberdinean bizi izan zuten Siriako gerraren hasiera. Koddo Gasteizen ari zen ikasten 2011. urtetik; Hassanekin ezkondu zen hona etorri aurretik. Hassan, aldiz, Alepon zegoen gatazka piztu zenean, alaba jaio berri batekin, oposizioak kontrolatutako aldean. Orduan bizitakoek argi islatzen dute gatazka egoerara moldatzeko gaitasuna, ihes egiteko erabakia hartu aurretik.

Alepon bertan, bonbardatua ez zen eremutik kanpo bizi izan zen bolada batez. «Egunero hiltzen ginela sentitzen nuen; ez gintuzten pareko gisa tratatu, etsaiak bagina bezala baizik». Azkenik, etxera itzuli, eta bertan bizitzera egokitu zen. Eraikinen azpiko solairuetan bizi ziren, «frankotiratzaileengandik eta bonbetatik babestuago egoteko». Urik eta argindarrik gabe ere bizi izan ziren: «Gobernuak moztu zizkigun, zigor moduan». Lanera joaten zen egunero, unibertsitatera, alaba norbaiten zaintzapean utzita. Aisialdirako tartea ere bilatzen zuen, asteburuetan, egunez, alabarekin kalera ateratzeko.

Beldurrak baldintzatutako bizimodua zela azaldu du. Egun batean, alabarekin jolasten ari zela, kalean tiro bat entzun zuen, eta, segituan, hankatik gertu pasatu zitzaion bala baten beroa sentitu. «Gobernuaren soldadu batena zen; ez dakit armarekin jolasten ibiliko zen edo...». Alaba Turkiara bidaltzea lortu zuen, senide batzuen etxera. Horrek lasaitasuna eman zion Alepora itzuli eta ordura arteko bizimoduari eusteko.

1936ko gerran bestelakoa izan zen egoera. Estatu kolpeak iheslariak egotea zaildu zuen. Lehen egunetan, Ipar Euskal Herrira ihes egin zuten batzuek; Gipuzkoa eta Bizkaiko mugetatik gertu zeuden batzuek ere ihes egiteko parada izan zuten. Ordea, gainontzeko desplazatuak gerra fronteak eragin zituen. Frontea gerturatzen ikusteak eguneroko bizimodua baldintzatu zuela adierazi du Juana Sacristanek (Palentzia, Espainia, 1927). Gerran, Bilbon zen. «Etxetik gertu zegoen portuko biltegia. Urte batez bonbardatzeak izan ziren; sirenak entzuten genituenean tuneletan sartu behar genuen. Artxandako tuneletan hiru gau eman nituen behin».

Iriondok gogora ekarri du nola, hegazkinen abisuaz ohituta, apenas egin zioten kasu 1937ko apirilaren 26an entzun zenari. «Zortzi hilabete generamatzan gerran. Hegazkinak pasatzen baziren ere, ez zen inoiz ezer gertatu; alegia, ordurako ohituta geunden». Are gehiago, kontatu du babeslekuetara behartuta joan zela, Gernikan errefuxiatutako Banco Bilbaoko langile batek hala eskatuta. «Gizona tematu zen, lagundu behar niola; ez dakit horrek bizia salbatu ote zidan».

Maryam Fathik (Irango Kurdistan, 1982) ez zuen ageriko gerra baten ondorioz utzi sorterria. Irango Gobernuaren jazarpenak behartuta utzi zuen. Giza eskubideen aldeko ekintzailea da, eta emakumeen eta Kurdistango herriaren alde lan egin zuen: hitzaldiak eman, emakumeei osasun zerbitzuak eskaini, adingabeen eskubideez informatu... Ordea, gobernuak horren berri izan zuenean elkarte horietako kideen aurka egin zuen. «Atxilotuz gero, bost minutuko epaiketa duzu zain, jainkoaren etsai izateagatik. Heriotza edo espetxealdi luzea dira aukera bakarrak». Egoera horretan, emakume ekintzaile askok bi aukera baino ez dituztela azaldu du: beldurra edo heriotza. «Gehienek ihes egitea erabakitzen dute, beste herrialde batean babesa izan dezaketelakoan».

Helmuga ezezaguneko bidetik ihesi

Etxea uzterakoan ez dago asko pentsatzeko tarterik. Hala ondoriozta daiteke errefuxiatu izan zirenen eta direnen hitzetatik. 1936ko gerran, herritarren ekinbide eta elkartasunari estatu batzuen laguntza gehitu zitzaion, baita orduko Errepublikako Gobernuarena ere. Habana itsasontzia izan zen horren adibide. 1937ko maiatzaren 21ean Southamptonera Euskal Herriko 3.800 haur eraman zituen ontzi hark Royal Navy-ren babesa izan zuen, Erresuma Batuko itsas armadarena. Ordea, babes hori Erresuma Batuko gizartearen ekimenak erdietsi zuen, hein handi batean.

Santurtziko portutik atera zen ontzia. Juana Sacristanek 414. zenbakidun txartela zuen bularrean. «Umeen sentipenak genituen bertan geundela: zergatik egiten dute hau? Zergatik egozten gaituzte?». 10 urte zituen. Gerora, harremana izan du beste leku batzuetara babes bila bidali zituzten umeekin.

Habana ontzian zihoan Herminio Martinez ere (Barakaldo, 1929). 11 urteko anaiarekin sartu zen; lurrean geratu ziren gurasoak eta bost anai-arreba. «400 pertsonarentzako lekua zegoen, eta 4.000 ume sartu zituzten. Bidaia ikaragarria izan zen. Bizkaiko Golkoan ekaitzak harrapatu gintuen. Umeak lurrean botata, negarrez, botaka, gurasoekin itzuli nahi zutelako negarrez». Ia bi eguneko bidaia izan zen, 23an lurra zapaldu zuten arte. «Jendetza genuen zain, musika banda eta guzti. Eliza katolikoa eta gobernua ez zeuden pozik, ordea; gerran parte ez hartzeko itunaren aurka ari zirela pentsatzen zuten».

Luis Iriondoren familiaren ihesak, beste milaka pertsonenak bezala, ez zuen beste estaturen baten babesik izan. Bonbardatzearen hurrengo egunean oraindik sutan zegoen jaioterria utzi zuten, Bilborako bidean. «Amaren bertako senide batzuek etxe huts bat zuten, udaletxearen atzean; frontean zegoen sindikalista batena omen zen». Gernika utzi eta hilabete bat ere ez zela, obus bat entzun zuen anaiak Artxanda inguruan. Frontea bertan zen.

Gau horretan bertan ihes egin behar zutela erabaki zuten. Santanderrerako tren bat aterako zela entzun zuen Iriondoren aitak. Tren geltokirako bidean, Artxandara ematen zuten kaleak saihestu zituzten, frontetik zetozen balak saihesteko. Geltokira heltzean, baina, ez zen trenik; bai, ordea, jende andana. Ingelesen Zelaira joan ziren: itsasontzi bat omen zegoen zain. «Irtetear zegoela heldu ginen; aitari agur esan eta abiatu ginen, ilunpetan, itsasadarra zaintzen zuten Francoren ontziei izkin egiteko; Artxandako borrokaren argiak ikusten genituen».

Santanderrera heldu ziren. Torrelavegara mugitu zituzten gero, baina, jatekorik gabe seme-alaben egoerak okerrera egiten zuela ikusita, Iriondoren amak beste ihesaldi bat prestatu zuen. «Gau horretan bertan itsasontzi bat hartu genuen; ez genekien nora. Amari galdetu genion nora joan behar genuen: 'Atzerrira', erantzun zigun». Bordelen jaitsi ziren, eta, azterketa medikoak pasatu ondoren, Normandiara joan ziren.

Maryam Fathik, Irango Kurdistango beste hainbat emakumek bezala, mafien bitartez bilatu behar izan zuen irteera, semearekin batera. «Ezinezkoa da herrialdea legea beteta uztea», argitu du. Fathiren bikotekidea Madrilen zegoen, eta hara heltzea zuen helburu. Bulgariara eraman zuten. Ondoren, oinez, Errumaniara. Hiru hilabeteko bidea izan zen. «Mafiek dirua dute helburu, eta, horretarako, ahal duten guztia egiten dute».

Azkenik, mafiatik ihes egin, eta, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren eta CEARen bitartez, Madrilera heltzea lortu zuen. Duela sei urte lortu zuten, eta azken bi urteetan Bilbon bizi da. Ordea, Madrilera heldu zenerako, aurretik ez zuen arazo bat zuten: dirua. «Heltzen direnek ez dute ezer; aurretik zuten diru guztia utzi dute bidean, leku seguru batera heltzeko. Ez ginen atera arazo ekonomiko batek behartuta, baina leku segurura heltzean agertu zitzaigun».

Fathik zehaztu du askok ez dutela berak izan zuen zortea. «Batzuk Turkia edo Irakera heltzen dira. Nazioarteko erakundeak ari dira bertan lanean, baina estatu horiek txanpon gisa erabiltzen dituzte errefuxiatuak. Turkiak, adibidez, bere interesen alde erabiltzen ditu errefuxiatuak Europarekin dituen harremanetan». Horrez gain, mafien esku geratzearen arriskua handia da, edo bidaian hiltzekoa. «Bide zailak dira, eta ez dago inolako segurtasunik, ez dietelako uzten herrialdetik modu arautuan ateratzen».

Yahia Koddok eta Ruba Hassanek jarraitu zuten bidea ez da ohikoa. Hain zuzen ere, Koddo Gasteizen ikasten egoteak norabidea eman zion ihesari. Edonola ere, Hassanek aitortu du ez zuela ihes egiteko asmorik Alepo azkenengoz utzi zuenean. Erabakia hartu zuenean Turkian zegoen, hango senideekin bizi zen alabaren urtebetetzea ospatzen, Koddorekin batera. Han zeudela, Alepoko bonbardatzeak gogortu zituzten. «Yahiaren [Koddo] ama hil zen bonbardatze horietan, eta erabaki genuen ez zuela zentzurik bertara itzultzeak». Turkian geratu zen, Gasteizera joateko tramiteak egiten.

Harrera gizartea, egokitze aldirako giltza

Koddoren iritziz, funtsezkoa da harrera egokia eskaintzea ihes egiten duten horiei. Harrera horren oinarria sinplea dela gaineratu du: «Errefuxiatuak gizaki sentitu nahi du: bere bizitzak balioa duela. Heltzen zaren lekura heltzen zarela pareko gisa tratatzen zaituztenean lortzen da hori. Bestela, errudun sentitzen zara; oraindik argi ez duzun zerbait egitearen errudun».

Alde horretatik, berak eta Ha-ssanek zortea izan zutela hausnartu du. 2011. urtean heldu zen Gasteizera, Sirian gerra hasi aurretik. Gaztelera ikasi zuen, gizartea ezagutu, lagunak egin... sareak josi zituen. Horrek gerorako bidea erraztu zion. Dena den, argi ikusten du zer behar dituzten errefuxiatuek. «Bi ildotan landu behar da harrera: pertsona horrek bizkarrean duen zamari arreta berezia eman, eta, aldi berean, gizartearen parte senti dadila».

Lan horietan gizarte mugimenduen aitzindaritza nabarmendu du. «Gizartea askoz aurreratuago dago, gobernuekin alderatuta». Sirian zein beste hamaika lekutan bizi den egoera ekarri du gogora. Ihes egiten ari diren pertsonak hiltzen dira, egunero. «Premiazko neurriak behar dira, baina haiek idatzi dituzten araudiak eskuak lotuta daude; horren aurrean gizartearen logika da egoerari aurrea hartzea».

Maryam Fathik gogorarazi du pertsona beste prozesu gertatzen direla. «Madrilera heldu ginenean, ez genekien gaztelerazko hitz bakar bat ere. Ez geneukan programatuta hara joatea. Gure herria utzi behar izan genuen une batetik bestera, ezer prestatu gabe». Kultura ezberdin batetik joateak egoera are gehiago zailtzen duela azaldu du. «Letren grafia bera ere ezberdina da; errotiko aldaketa da». Espainiako araudiak ere ez du asko laguntzen, Fathik aitortu duenaren arabera. Espainiako Gobernuak ez die laguntzarik ez lanik bilatzen errefuxiatuei, beste herrialde batzuetan ez bezala.

Duela hilabete batzuk, errefuxiatu izaera aitortu zieten familiako kideei. Agiriak izateak egoera apur bat erraztu diela azaldu du. «Paperik gabe ezin zara bizi, eta, paperekin, nekez». Denbora behar da hizkuntza ulertzeko, non zauden jakiteko... «Bide luze eta gogorra egin dugun pertsonak gara. Denbora apur bat behar dugu egokitzeko». Gizarteak prozesu horretan duen garrantzia ere goratu du. «Euskal Herria nire herria da, nire familia bezala; duela bi urte heldu nintzen, eta, sentimendu politikoen gertutasunaz gain, gizarteko kide sentitzea lortu dut». Ildo horretan, errefuxiatuen auziari heltzerakoan gizarte mugimenduek izaniko kemena goratu du, Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak, kasurako.

Juana Sacristanen oroitzapenek agerian uzten dute gizartearen harreraren garrantzia. «Ez nuen Erresuma Batutik itzuli nahi; ez nekien hemengo egoeraz, baina han haur izaten utzi zidaten», gogoratu du. Hain zuzen ere, haurtzaroko oroitzapen onenak bertakoak dituela nabarmendu du. Southamptonen jaitsi, eta aste gutxira kolonietan banatu zituzten. «Irteerak egiten genituen, bikote batekin joaten ginen bazkaltzera... Urte batzuen buruan bertan egon ziren batzuekin hitz egin nuen, eta hitz onak baino ez genituen jaso genuenari buruz».

Etendako harremana urrutitik begiratuta

Ihes eginda ere, ezin diote sorterria begiratzeari utzi. Gatazka beste modu batean bizi da, ordea. Koddok gogora ekarri du bikotekidea eta alaba Alepon zeuden garaia. «Ezjakintasuna tortura izan zen: ez nuen haiekin hitz egiterik, ez nekien non zeuden...». Egun, distantziak eraginda, «irrealtasun» kutsua du egoerak. «Iaz, maiatzean, aitaren etxea bonbardatzen ikusi nuen. 'Hori gure etxea da', pentsatu nuen. Argazkiak ikusi nituen gero. Hildakoen zerrendan han nituen azken bi senideak zeuden. Ezin nuen barneratu. Hori ari zen gertatzen benetan?». Hassanek hartu dio hitza. «Gogorragoa da kanpotik bizitzea, barrutik baino».

Gatazka luzatu ahala itzultzeko itxaropena ere aldatuz doala hausnartu du Hassanek. «Itzultzeko gogoa erraz pizten da, baina gehienetan itxaropen faltsua da. Itxaropenari beldurra hartzen diozu, azkenean». Koddok gaineratu du nazioarteko egoerak ez duela itxaropentsu egoteko tarterik ematen. Halaber, gaineratu du barruko eztabaida horrek beste osagai bat duela: gasteiztar gisa hazi den alaba. «Ezer erabaki aurretik galdera asko daude argitzeko».

Maryam Fathik argi du ez duela itzultzeko aukerarik. Ez behintzat errotiko aldaketa gertatzen ez bada. Ordea, urruti egonda ere lan egin daitekeela nabarmendu du. Batetik, Kurdistanen diren egoerei ahotsa jarriz: presoen egoera, emakumeen egoera, giza eskubideen urraketa... Bestetik, sorterriaren eta errefuxiatuen arteko zubi lanak eraikiz giza eskubideen alde lanean jarraitzeko.

36ko gerratik ihes egin zuten asko itzuli ziren. Batzuk, hilabete gutxiren buruan. Iriondoren familiak hiru hilabete inguru eman zituen Normandian. «Amak aitaren berri izatea lortu zuen, Jaurlaritza eta Gurutze Gorriaren bitartez. Itzultzeko eskatu zigun, bakarrik zegoela. Anaia nagusia espetxeratuta zegoen. Etxerako bueltan Paristik pasatu ginen; garai horretan Picassoren Gernika ikusgai omen zegoen han».

Habana ontzian bidaia egin zuten haur asko ere itzuli ziren. Itzuli zituzten, hobeto esanda. Francoren gobernuak horien gurasoen sinadurak faltsutu zituen, itzul zitzaten. Horrela bueltatu zen Juana Sacristan, haren senideek horren berri izan gabe ere. Osaba-izebek bizilagun bati esker izan zuten Sacristanen berri. Herminio Martinez eta haren anaia ere itzultzekotan egon ziren. «Gurutze Gorriak parte hartu zuen azken unean; amarekin hitz egitea lortu zuen, eta jakinarazi zien ezer ez zutela sinatu. Bost anai-arrebentzako janaririk ere ez zutela». Ordutik, Erresuma Batuan bizi da.

Irteera zaileko espirala, 80 urteren buruan

Gernikako bonbardatzetik 80 urte pasatu dira ia. Tarte horretan ez dela asko ikasi sentitzen du Iriondok. «Seme bat Lesbosen egon da, Grezian. Egungo egoera ikusi du, bertatik bertara: nola tratatzen dituzten errefuxiatuak; mafiek nola engainatzen dituzten pertsona horiek... Ateak ixten dizkiogu, eta gu izan ginen modukoak dira. Laguntza nahi dute, eta ateak ixten dizkiegu».

Iriondok gogorarazi du bakearen aldeko mugimendua abiarazi zutela, Nagasaki eta Hiroshima (Japonia), Dresden (Alemania) eta gerrak suntsitutako beste hiri batzuetako elkarteekin batera. 2013an, Barack Obamari gutun bat idatzi zioten. Garai horretan Siriako Gobernuak bonba kimikoak erabili zituen, eta, zigor gisa, bonbardaketa baten mehatxua zegoen. Halakorik ez egiteko eskatu zioten. «Ez dakit gutunak heldu ziren, baina azkenean ez zen erantzun armaturik egon. Berriki egoera errepikatu da, eta Donald Trumpek kontrakoa egin du, hain justu», azaldu du, penaz.

Sirian erabilitako bonba kimikoen harira, Yahia Koddok eta Ruba Hassanek Gernikako bonbardaketa ekarri dute gogora. 80 urteren buruan jokabide bertsuak errepikatzen direla hausnartu dute. «Siriako Gobernuak aitortu du bonbardatu zuela, baina gai kimikoak bonbardatutakoen eremuan zeudela; 1937an Francok esan zuen Errepublikaren aldekoek bonbardatu zutela Gernika. Hamarkadak igaro dira, herritarrak dira kaltetuak, eta gerraren sustatzaileek desinformatzen jarraitzen dute».

Maryam Fathik ez dio irtenbide argirik ikusten errefuxiatuen egoerari. «Interes kapitalisten ondoriozko gerrak dira borroka inperialistak eskualdeen baliabideak eskuratzeko. Biztanleak ez zaizkie axola, bestela irtenbidea aurkituko lukete. Gerra hasi baino ez da egin». Halaber, Fathiren iritziz, gerran zeresana duten herrialdeek ez diote errefuxiatuen auziari konponbidea jarri nahi. «Europako herrialdeak, AEBak, Errusia, Txina... Sirian zeresana duten herrialdeek gerra etxetik urrun nahi dute; ez dute kanpoan sortu duten arazoa etxean sartzerik nahi». Egoera zitala dela berretsi du, eta kaltetuak errefuxiatuak eurak direla. Gar bihurtu dituzten sorterrietako iheslariak. Munduko Gerniketako txingarrak.

BERRIAn argitaratua (2017/04/15)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA