astekaria 2015/11/22
arrowItzuli

mundua

Gauak zulatutako biharamuna

Oihan Vitoria

Gauak zulatutako biharamuna

Biharamunik gabeko biharamuna, gauak bahitutako goiza, izan zen atzokoa Parisen. Ez dira 365 egun igaro Charlie Hebdo astekari satirikoaren aurkako atentatutik, eta saminak berriro hartu ditu Frantziako hiriburuko bazterrak. Ohikoa duen bizitasuna baztertu, eta aurpegi ilunena erakutsi zuen argiaren hiriak. Triste. Kezkatuta. Inoiz baino herritar gutxiago ibili zen atzo Parisen. «Kasik esnatu ere ez da egin». Karrika hutsekin, haurrak eskutik gogor atxikitzen zituzten izututako gurasoekin eta sirena hotsekin egin zuen topo Bidarraiko (Nafarroa Beherea) Patxi Berhouet kazetariak. «Ez da bizirik. Egoera kaotikoa da, eta shock egoeran gaude». Nonahi ikus zitezkeen Poliziak, baina horrek ez zuen ezinegona baretzerik lortu. Eiffel dorrea ere ez zen piztu atzo.

Ezjakintasuna zen nagusi, bereziki Bataclan aretora joandakoengatik. Ospitalera joan-etorrian pasatu zuten eguna askok, informazio eske, eta sarean batu zituzten desagertuen argazkiak, #RechercheParis traolpean. Lehen pertsonan bizi zuen Berhouetek. «Lagun batek jakin berri du haren neska-lagunaren gertuko bat hil dela han; ez dakigu nor den bizirik», kontatu du, atsekabetuta.

Egunaren argiak atentatuaren gordina utzi zuen agerian. Oinazea, sarraskia, gerra, izua... Egunkarietako azalen lerroburu nagusiak ziren horren isla: hitz bat aski zen erasoaldien larriaz jabetzeko. Eta, sarritan, hori ere ez. Aparteko azalpenik behar ez zuten erretratu ikusgarri bezain beldurgarriekin egin zuen topo jendeak goizean goiz. Ordurako jada bolo-bolo zebiltzan sare sozialetan onik irtendako lagunek bertatik bertara grabatutako ikus-entzunezkoak; irudi latzak. Eta erreakzioak, berriz, orotarikoak: isiltasuna, harridura, haserrea, ezin sinetsia... Gaueko amets hutsa zirudiena argitara eman zuen goizaren egiak, amesgaizto ahaztezin bihurtuta.

Gau luzea igaro zuten, oro har, paristarrek, etxetik irten ezinik; Internet, telebista eta irratiko jarioari so. Informazioa, baina, tantaka-tantaka ailegatzen zen, nahi baino mantsoago eta nahasiago. Horrek, nola ez, ezinegona areagotzea baino ez zuen egin. Eta urduritasuna ez zitzaien berehalakoan pasatu herritarrei. Ezohiko maiztasunarekin baina martxan egonda ere, bada garraio publikoak erabiltzera ausartu ez, eta senideen ondoan, etxean, geratzeko hautua egin zuenik. Normaltasunetik gutxi zeukan Parisko biharamunak: hiriko zenbait barruti, esaterako, bakartu egin zituzten, eraso guneen alboko metro lineak erabat geldiarazi baitzituzten.

Hutsik zeuden atzo Parisko karrikak, baina bete-beteak, jendez borborka, zeuden ostiral iluntzean, erasoak jazo zirenean. Frantziako hiriburuaren bihotzean jarri zuten erasotzaileek mira, berriz ere, justu jende gehien biltzen duen distrituetako batean: Errepublika Plazaren alboko karriketan, Marianneren begiradapean. Paradoxikoki, Charlie Hebdo aldizkariaren egoitzatik kilometro bakarrera. Ez zuten zoriz hautatu.

Sindikatuen protestak, gobernuaren kontrakoak, Palestinaren aldekoak... Orotariko elkarretaratzeen topagune da Errepublika Plaza; leku aski sinbolikoa frantziarrentzat. Handik abiatu zen, halaber, urtarrilean Charlie Hebdo kazetaren kontrako atentatua arbuiatzeko manifestazio jendetsua. Izan zitekeen, baina ez, ez da kasualitatea erasotzaileek leku horien kontra egin izana, eta Paris berriro ere jopuntuan jarri izana.

Moda-modan dago inguru hori Parisen, sekulako goraldian, gazteen artean, batez ere: Saint Martin kanalaz gain, dantzaleku, ostatu eta areto franko daude. Tartean, Bataclan, kafe antzoki baten tankerako aretoa: hortxe ari zen jotzen Eagles of Death Metal taldea, erasotzaileak armekin sartu, eta ikusleak hiltzeari ekin ziotenean. Erabilera anitzeko lokala da Bataclan: kontzertuak, antzerki emanaldiak eta hitzaldiak egiten dituzte, besteak beste. Eta duela urte batzuk berritu zutenetik, Parisko «ikur» bilakatu da. Hollandek, esaterako, han antolatu zuen iaz PS alderdiaren ekitaldi bat.

Nork pentsatuko luke egun edo ordu batzuk lehenago hura bihur zitekeela sarraskiaren epizentro, dozenaka gorpuren joan-etorriaren eta elkartasun oldearen testigu. Atzokoa, izan ere, hildakoak oroitzeko eguna izan zen. Ostegunera arte manifestazioak debekatu badituzte ere, ehunka lagun elkartu ziren Parisko hainbat tokitan kandela eta lore sortekin.

BERRIAn argitaratua (2015/11/14)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA