astekaria 2017/04/13
arrowItzuli

kultura

RICHARD MANITOBA

«Naturalak gara, eta jendeak naturaltasun hori eskertzen digu»

Julen Aperribai

«Naturalak gara, eta jendeak naturaltasun hori eskertzen digu»

MC5 eta The Stoogesen gisako rock taldeen eraginpean, eta New Yorkeko punk rock eszena oparoaren altzoan sortu zen The Dictators taldea. Belaunaldikide izan zituen beste talde batzuen erreferentzialtasun maila apur bat geroago iritsi zitzaien, baina haiek baino hobeto zahartu direla dirudi, agenda kontzertuz beteta baitute oraindik. Hiru dituzte Euskal Herrian: gaur lehenengoa Donostian, apirilaren 21ean Bilbon, eta 22an, Gasteizen. Aldaketa asko izan dituzte, eta taldeko ikonoetako bat zen Andy Shernoff gitarrista jada ez da taldean. Richard Handsome Dick Manitoba (New York, 1954) abeslaria da lehengo The Dictatorsen eta egungoaren lotura nagusia.

Zertan da, egun, The Dictators taldea, sortu eta 40 urtera?

Hasierako taldea ez da sekula elkartuko berriro ere jotzeko, arrazoi pertsonalak direla tarteko, baina egungo taldea gaur ikus daitekeen orduko The Dictatorsen antzekoena da. Hasierako gitarrista bat eta abeslaria gaude, taldean urte gehien egin dituen bateriarekin. Lege arrazoiengatik, zenbait gauza ezin ditut eztabaidatu jendaurrean, baina pertsona oso sinpatiko batzuek auzibidea hasi dute, The Dictators NYC izena erabili ezin dezagun. Zertan garen? Primeran gaude! Europan bira daukagu, AEBetan bira daukagu, eta izugarri gozatzen dugu rock-and-rolla joz eta denak ematen. Umeen pare gabiltza berriz ere.

Ez dirudi punk rocka garai onenean denik, baina zuek hemezortzi kontzertu emango dituzue apirilean.

Begira, MC5eko Wayne Kramerrek beraiekin jotzera Europara etorri nahi ote nuen galdetu zidanean, erantzun nuen: «Europan zehar ibili eta Kick out the Jams jotzeagatik dirua irabazi? Bai jauna, banoa!». Erantzun bera daukat The Dictatorsi buruz galdetuta. Denok dakigu zertan den musika mundua. Nire gauzez arduratzen, gehien gustatzen zaidana eta gehien menderatzen dudana egiten dakit.

Hamabost urtean material berririk ekoitzi gabe izan eta gero, Supply And Demand singlea kaleratu zenuten. Disko berririk etorriko al da horren ostean?

Ez dut uste, egia esan. Egia da, baina, Jon Tiven lagunarekin egin nuela topo. Konpositore profesionala, moldaketa egilea eta ekoizlea da hura. Buruan nituen ideia asko lantzen hasi ginen elkarrekin, eta hamabi bat kanta sortu ziren berehala. Ez daude osatuta, baina horrekin ari gara lanean, eta pieza berri mordoxka ederra daukagula baiezta dezaket. The Dictatorsen abestien eta bertsioen ondoan abesti berriak sartu ahal izatea oso zirraragarria da niretzat.

Single hori aurkezteko, orain bezala, Europan bira egin zenuten. Ba al da alderik Europako eta AEBetako ikus-entzuleen aldean?

Orokortzen ari naiz, baina Europako publikoak AEBetako garai bateko entzuleen tankera dauka. Garai hartan, jendeak rock-and-rolla gurtzen zuen, eta grinatsu jarraitzen zion. Ez dut esan nahi estatubatuarrei rock-and-rolla gustatzen ez zaienik, baina uste dut AEBetako talde askok miresle gehiago dituztela Europan geure herrialdean bertan baino.

Andy Shernoffek taldea utzi izanak zer-nolako eragina izan zuen taldean?

Taldeak zurruntasuna galdu zuela uste dut, eta askoz dibertigarriagoa bihurtu zela. Alor askotan, baita teknikoan ere, talde askoz solidoagoa bihurtu ginen.

«Nork salbatuko du rock-n-roll-a?», abesten zenuten 2001ean. Ordutik, inork salbatu al du?

Munduko bazter guztietan talde oso on asko dago rock-and-rolla egiten, baina ez dut uste inor 1960ko eta 1970eko hamarkadetako talde on batek erdiets zezakeen mailaraino iritsi denik.

Taldearen erreferentzialtasuna urteekin areagotu egin dela uste duzue?

Bai, gero eta gertuago gaude Jerry Lee Lewisek bere diskoetako bati jarri zion izenburu hartatik: Last Man Standing [Zutik dirauen azken gizona]. Zoragarria da egiten dugunagatik estimatuak izatea, eta zenbat eta jende gehiago etorri gu ikustera, orduan eta handiagoa da sentitzen dugun esker ona eta maitasuna. Naturalak gara, eta jendeak naturaltasun hori, zintzotasun hori eskertzen digu. Hippy zahar bat ematen dut, baina aizu, hippy zahar bat naiz! Punk rockeko hippy zahar bat! Nola liteke hori?

New Yorkeko eszena horrek jarraipena izaten segitzen du? Nork hartu du lekukoa?

Bai horixe. Musika hori hain izan zen intentsua, hurrengo belaunaldietara pasatu zen. Baliteke talde berrien soinua berdin-berdina ez izatea, baina garai haren eragina nabarmena da.

Punk rocka eta hard rocka uztartzea lortu duen taldeetako bat izan al da The Dictators?

Hori egin zuten taldeetako bat izan ginela esan daiteke. Gauza asko ginen: joera oso hard rocka genuen, baina punk popetik —surfetik ere bai— asko genuen. Uste dut hainbesteko soinu aniztasunak, estilo bera behin eta berriro ez edukitzeak, zailago egiten zuela gure taldea saltzea.

Etiketa asko jarri, eta hainbat musika eszenetan kokatu zaituztete. Ondo daramazue hori?

Gaur egun ez da oztopo bat, ez behintzat lehen bezainbeste. Uste dut 1960ko, 1970eko eta 1980ko hamarkadetan sortu zen musika ikaragarria miresten dutenentzat zerbait garela gaur egun. Gu hortxe baikaude, lehen lerroan, betiko indar eta gogoarekin jotzen. Aldea da gaur egun musikari hobeak garela eta lortu nahi dugun horretan zentratuagoak gaudela.

Zuzenekoak eta bestelako bildumak kontuan hartu gabe, ez dira asko izan kaleratu dituzuen diskoak. Ba al da arrazoirik hori horrela izateko?

Lehen, kantuak egiten zituen morroia ez zen azkarrena. Ez galdetu zergatik, baina orain dela bi urtera arte, nik ez nuen kantu bat bera ere idatzi. Eta azkeneko sei asteetan dozena bat ideia izan ditut, EP batean edo disko batean aterako diren hamabi kantu. Zeinetan eta nola? Ez dakit; ikusiko dugu geroak zer ekartzen digun.

Diruari, sexuari eta, oro har, dibertsioari abestu izan diozue, batez ere. Horrek asebetetzen zaituztete?

Sexua, zalantzarik gabe, bizitza honetako pizgarri handienetakoa da. Uste dut behin irakurri nuela mutilok horretan pentsatzen dugula denboraren %90ean, modu kontzientean edo ez.

Diruari dagokionez, uste dut zorionekoa naizela maite ditudan gauzekin egin ahal izan dudalako aurrera: rock taberna bat New Yorken, asteroko irrati saio bat, lagun onenekin munduan zehar bidaiatzea musika jotzen... 14 urteko seme bat eta izugarri maite dudan emazte bat ere baditut, eta bai, inportantea da diru pixka bat ere sartzea etxean... Nire aholkua hauxe litzateke: biziki gustatzen zaizuen zerbait aurkitu, pozik bizitzeko eta diru pixka bat irabazteko balioko dizuena. Horretara pasio guztiarekin jartzen bazarete, baliteke dirua bere kasa iristea.

Azkenik, dibertsioari dagokionez... osasuna izanez gero bizitzako egun bakoitza izan daiteke dibertigarria! Behin, institutuan nengoela, galdetu zidaten zer egin nahi nuen nire bizitzarekin eta zera erantzun nuen: «Dibertitu eta ezer ez egin!».

BERRIAn argitaratua (2017/04/12)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA