astekaria 2017/04/13
arrowItzuli

ekonomia

Txinak ez du paperik nahi

Zigor Aldama

Txinak ez du paperik nahi

Vingoo etxea Txina osoan ezartzen ari den zuku makinak baliagarriak izan daitezke jabetzeko ordainketa ohiturak nola aldatzen ari diren munduan populazioarik handiena duen herrian. Laranjaz lepo beteta dauden kaxa erraldoi horietan eroslearen begi aurrean zukutzen da edaria, eta hura ordaintzeko lau modu ditu bezeroak: Alipayren bidez —Alibaba merkataritza elektronikoko enpresaren online ordainketa plataforma—, WeChat Pay bidez —Tencent lehiakideak diseinatutako alternatiba—, aurreordainketarako ukipen txartel bidez —NFC sistemarekin—, edota esku diru soilarekin —bost eta hamar yuaneko billeteak onartzen ditu bakarrik—. «Zalantzarik gabe, gutxien erabiltzen den modua paperezko diruarena da», aitortu du zerbitzu teknikoko langileetako batek. «Izan, baditugu makinak eskudirurako sistema hondatua dutenak, eta jendea ez da kexatu», gehitu du, irribarrea ahoan.

Shanghaiko metro geltoki jendetsuan,Vingooren makinetako baten aurrean hamar minutu nahikoa dira ikusteko sakelako telefonoa dela zuku naturalaren truke hamabost yuan (bi euro) ordaintzeko gehien erabilitako modua. Izan ere, oso erraza da. Zenbat zuku nahi diren aukeratu, eta makinaren pantailan agertuko den QR kodea Alipayrekin edo WeChat Payrekin eskaneatu behar du bezeroak; eragiketa amaitzeko, segurtasun kodea sartu edo hatz marka jarri beharko du telefonoaren sentsorean. Betiere, smartphone-ak Interneterako sarbidea izanda, ordainketa zuzenean aplikazioaren diru zorrotik egiten da, edota online ordainketa zerbitzura lotuta dagoen kreditu edo zordunketa txartelaren kontu korrontetik.

Aplikazio horiek hain dira ezagunak, ezen oso saltoki gutxik ez dituzten onartzen. Are gehiago, neurri jakin batetik gorako saltokiek laser irakurgailuak ezarri dituzte, bezeroen sakelakoek ordaintzerakoan sortutako barra kodeak eskaneatu ahal izateko. Alegia, Vingooren makinak egiten duten gauza bera egiteko, baina alderantziz. «Segurtasuna bermatuta dago, sakelakoak sortzen duen kodea behin bakarrik eta soilik minutu batez delako baliagarria pantailan agertzen denetik», azaldu du Alipayk bere web orrian. Beraz, Visa, MasterCard eta UnionPayren—ordainketa txartel sistema txinatarra— betiko logotipoekin batera, Alipay eta WeChat Payren logotipoak sekulako abiadan zabaldu dira. Gauza gutxi dira gaur egun telefonoarekin ordaindu ezin direnak.

Azoketan ere, dirurik ez

Hori bakarrik ez, aire libreko azoketan harakinek eta barazki saltzaileek ere on line kobratzen dute. Sofistikatuenek paper batean inprimatu dute euren QR kodea, bezeroek aparteko ordainik gabe transferi dezaten erosketaren zenbatekoa. Beste batzuek telefono erabiltzaileen arteko eskuzko transferentzia egiten dute, eta eragiketak minutu bat hartzen die bakarrik. «Oso erosoa eta praktikoa da, orain amonek ere badutelako telefono adimenduna. Gainera, askoz seguruagoa da, lapurreta arriskurik ez dagoelako. Eta higienikoagoa ere bada, ikusi besterik ez dago-eta nola gelditzen diren billeteak arrandegitik pasatzean!», azaldu du Wang abizeneko fruitu saltzaileak.

Kontuan hartzen bada Txinak 731 milioi internauta dituela, eta haien %95 sakelakoen bidez sartzen direla sarean, erraz ulertzen da zergatik Txinan askoz gehiago garatu den Internet bidezko ordainketa. Batetik, smartphone-aren erabiltzaileen gehiengo zabalak bere transakzioetarako ere erabiltzen du gailua. Transakzio horiek 5,13 bilioi euroraino iritsi ziren 2016. urtean. Bestetik, soilik 635.000 milioi euro joan ziren Interneteko produktu eta zerbitzuak erosteko plataforma espezializatuetan edo denda elektronikoetara. Horrek frogatzen du aplikazio horiek masiboki erabiltzen direla transferentziak egiteko ere, soldatak jasotzeko, fakturak helbideratzeko —argia, ura, gasa eta antzeko zerbitzu publiko nagusiak modu horretan ordain daitezke—, edota billeteak erosteko —tartean metrokoak—.

Eta kopuru horiek neurri ikusgarrian haziko direla diote. Transakzioen bolumen orokorra 15,7 bilioi eurora iritsiko da 2019. urtean, iResearch aholkularitzaren aurreikuspenen arabera. Haren lehiakide Acuity Reserch-ek iragarri du 2020. urtean ordainketa guztien %60 Internet bidez egingo direla, sistema biometrikoen bidezko egiaztapenekin, hatz markekin edo iris eskanerrekin.

Zibersegurtasuna, arazo

Ordainketa elektronikoen hedapenak eztabaida piztu du sistemaren segurtasunari buruz, baita birusen eta zibergaizkileen kontrako neurrien behar gero eta handiagoaz ere, haien harrapakinak proportzionalki hazi baitira.

Norton Cybercrime Report txostenaren arabera, internauta txinatarren %85ek jasan dute halako delituren bat. Ratio handiena da munduan. 2015ean, Txinako Gobernuaren txosten batek 11.000 milioi eurotan zenbatu zuen ziberkrimenen eragina. Eta arazoa asko areagotu daiteke Gauzen Internet-a iristearekin, batez ere gailuek sarean transakzioak egiteko gaitasuna badute, eta asmo hori dute etxetresna elektrikoek fabrikatzaileek. «Zein elikagai falta diren detektatzen duenean zure hozkailuak erosketak egingo dizkizu sarean», azaldu du Midea herrialdeko marka nagusietako baten ordezkariak.

Egun hori iritsi arte, argi dago aurrekari gabeko goraldi horretan badagoela elementu protagonista bat: sakelako telefono adimenduna. Gailuok Txinan duten gero eta arrakasta handiagoak —herrialdea da haien ekoizle nagusia—, Interneteko ordainketen izar bihurtu ditu, eta ez soilik Maoren jaioterrian. Gero eta kopuru handiagoetan atzerrira bidaiatzen duten turista txinatarren bitartez, Alipay eta antzeko aplikazioek gero eta onarpen handiagoa dute munduan.

Aireportu nagusietan duty free saltokietako merkatarientzat premia bilakatu dira, baita bidaiari txinatarrentzat ere, horrela Europako Batasunean egindako erosketen BEZa kontinentetik atera aurretik euren sakelakoen bidez itzultzen zaielako. «Dirua esku diruan jasotzea baino askoz azkarragoa eta praktikoagoa da», dio Global Blue-ren Amsterdamgo aireportuko bulegoan Alipayren erabiltzaile gazte batek. Aduanako zigilua lortu eta ia momentuan, ez du bere QR kodea erakustea besterik egin behar prozesua abiatzeko. «Euroak eskudirutan emango balizkidate aldatu egin beharko nituzke, eta, aldiz, Alipayrekin trukea berehalako da, eta dirua nahi dudan tokian erabil dezaket».

Baina guztiak ez daude pozik iraultza geldiezin horrekin. Kaltetuetako bat bankuen sektorea da. Kalkulatu dutenez, 2015. urtean bankak 20.000 milioi euro irabazteari utzi zion txartel bidez egin ez diren ordainketen komisioengatik. «Alipay eta WeChat Payren abantailetako bat da ez dutela kobratzen 20.000 yuan [2.700 euro] azpiko ordainketengatik. Eta, gero, tarifak bankuenak baino askoz txikiagoak dira», azaldu du Hu Yuanek, ekialdeko Jiangsu probintziako emakume ekintzaile batek. «Shanghaiko kutxazain automatikotik dirua atera nahi nuen bakoitzeko, ICBCk %0,5 kobratzen zidan, zergatik eta kontua Nanjingen —400 kilometrora— zabaldu nuelako. Alipayk ez dit kobratzen, ezta nire diru zorrotik kontu korrontera dirua bidali nahi dudanean ere— PayPalek eta antzekoek kobratzen dute eragiketa hori—. Beraz, erne ibili beharko dute bankuek, ez badute merkatuek baztertzea nahi».

BERRIAn argitaratua (2017/04/12)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA