astekaria 2017/04/13
arrowItzuli

kirola

NAHIKARI GARCIA

«Talde indartsuetan jokatu nahiko nuke etorkizunean»

Ainara Arratibel Gascon

«Talde indartsuetan jokatu nahiko nuke etorkizunean»

«Tituluak irabazi nahi ditut. Irabaztea gustatzen zait, eta horretarako jokatzen dut futbolean». Hitz horiek agerian uzten dute Nahikari Garciaren izaera lehiakorra (Urnieta, Gipuzkoa, 1997). Hazten jarraitu nahi du, eta onartu du frustrazioz bizi izan zuela liga hasieran Realak ate aurrean erakutsitako ezina. Orain, lasaiago eta gusturago daude.

Azken jardunaldietan pilatutako puntuei esker, denboraldiko azken txanpari beste modu batera ekingo diozue, ezta?

Bai, gusturago eta lasaiago gaude. Behar genituen horrelako puntuak. Hasiera ez zen izan erraza, eta taldea antsietate pixka batekin zegoen. Puntu horiek pilatuta, Kopa jokatzeko postuetara igo gara. Orain, postu horietan egonkortu nahi dugu. Badakigu non gauden, eta argi dugu gora joan behar dugula, nahiz eta ezingo dugun iazkoa berdindu.

Tacuense azkenaren kontra jokatuko duzue igandean, puntuak pilatzeko aukera ezin hobea. Non egongo da Espainiako Koparako sailkatzeko gakoa?

Azken jardunaldietan oso aurkari zailak izango ditugu. Adibidez, denboraldiko azken partida Atletico Madrilen zelaian jokatuko dugu, eta ziurrenik Liga irabaztea izango du jokoan. Zaila izango bada ere, etxean sendo egon behar dugu, eta kanpoan ahal den neurrian punturen bat urratu. Ezin dugu Koparako sailkapena azken jardunaldira arte utzi.

Jokoan aurreko sasoiaren pare aritu zarete, baina golak sartzea askoz gehiago kostatu zaizue. Nola bizi izan duzu hori?

Batetik, frustrazioz. Izan ere, lanean ondo aritu izan gara, eta aurreko sasoikoa bezain joko erakargarria egin dugu. Baina hori ez zen emaitzetan islatzen. Horren ondorioz, hainbat partidatan, azken minutuetara hutsean iritsi ginen, eta golik ez sartzeak sortzen zigun ezintasun horren ondorioz galdu egin genituen. Baina, bestetik, baita lasaitasunez ere. Taldeak gola sartzeko aukerak sortzen zituen, eta hori da garrantzitsuena. Denen artean hitz egin, eta lasai hartzea erabaki genuen. Asko dugu hobetzeko, eta horretarako ari gara lanean.

Egoera hori bideratzea lortu duzue. Zu ere gol gehiago sartzen ari zara orain. Azken neurketan bi sartu zenizkion Sporting Huelvari. Denboraldiko unerik onenean helduko diezu azken partidei?

Oso ondo nago, eta konfiantzaz. Hamasei gol sartu nituen aurreko sasoian, eta oraingoan hamabi daramatzat. Gustatuko litzaidake aurreko sasoiko gol kopuru hori gainditzea, denboraldiz denboraldi nire markak hobetu nahi izaten ditudalako.

Aurreko Ligan bosgarren izan zineten. Oraingoan, ordea, ia ezinezko duzue hori berdintzea.

Aurreko denboraldia oso berezia izan zen. Dena atera zitzaigun ondo, eta gauza guztiak alde izan genituen. Pena da berriro ez errepikatu ahal izatea. Realak dituen baliabideekin eta aukerekin gorago egon beharko genuke. Taldeak maila handia du, eta Realaren helburua goran egotea izan beharko luke. Espero dugu Koparako sailkatzea, eta bertan zerbait polita egin ahal izatea. Berezia da Kopa.

Zure denboraldiaz zein hausnarketa egiten duzu?

Sasoi gorabeheratsua izaten ari da. Hobeto hastea espero nuen. Gainera, Munduko Kopa jokatzera joan nintzen. Emaitzak ez ziren esperotakoak bezain onak izan. Baina balio izan zidan indarberrituta itzultzeko eta aurretik golak ez sartzeagatik sortu zidan frustrazio txiki horretaz ahazteko. Ordutik gero eta hobeto nago, eta espero dut ahalik eta ondoen amaitzea. Behetik gora joan da sasoia, bai taldearena, bai nirea. Zorionez, konfiantzarekin gaude orain.

Zeintzuk dira Koparako sailkatzeko aurkari nagusiak?

Talde asko daude: Sporting Huelva, Santa Teresa, Betis... Horiekin izango dugu lehia.

Mariasun Quiñonesek eta Paula Soldevillak kontratua berritu dute. Hemendik gutxira iragarriko al da kontratua berritu dizutela?

Denboraldi hasieratik gaude harremanetan, eta bi aldeentzat onena dena adostu nahi dugu. Realak aukera eman zidan goi mailan jokatzeko, eta hori beti eskertuko diot. Oso maitatua eta babestua sentitzen naiz klubaren aldetik. Baina kontratua luzatzeari begira, beste kontu batzuek ere eragina dute. Nire bilakaera pertsonalari ere begiratu behar diot etorkizuna erabakitzeko.

Medikuntza ikasten ari zara Leioan, eta asko esan izan da Athleticek fitxatu nahi zaituela. Zeure burua han ikusiko zenuke?

Inoiz ezin duzu jakin non bukatuko duzun. Egia da Athletic talde garrantzitsua dela eta emakumezkoen futbolean oso ondo ari dela. Horren adierazle da iaz liga irabazi zuela. Ikusiko dugu zer gertatuko den. Orain, egunero joan eta etorri ibiltzen naiz Leioara, eta nekagarria da. Baina Medikuntza ikasi nahi nuela erabaki nuenean banekien zer ekarriko zuen. Hori ez da erabakigarria izango nire geroa erabakitzean.

Zer eskaini beharko lizuke Realak bertan geratzeko?

Proiektu lehiakor bat. Realak dituen baliabideak eta aukerak oso onak dira, baina agian etekin gehiago atera beharko lizkioke. Niri gustatuko litzaidake Realaren helburua izatea lehen bost sailkatuen artean egotea, nire helburua ere hori baita. Gainera, emakumeen talde honekiko konpromisoa ere ikusi nahi dut, taldeak merezi duelako. Nik uste dut apustu eta lan hori pausoz pauso eman behar dela eta denok eman behar dugula gehiago: jokalariek, entrenatzaileek, erakundeek... Orain arte bezala, gauzak ondo egiten jarraitu behar da.

Beste taldeen aldetik ere ikusten duzu apustu hori?

Sasoi honetan gehiago kostatzen ari zaigu aurreko denboraldian erraz irabazten genien taldeei gailentzea. Gehienek eman dute pauso bat aurrera, eta haien maila handitu egin da. Emaitzak gero eta parekatuagoak dira. Goian dauden taldeen aldetik ere apustu garbi bat ikusten da. Atletico Madril eta Bartzelona profesionalizatu egin dira, eta hori berri ezin hobea da. Athleticek ere urte asko daramatza emakumeen alde apustu egiten, eta hor dute saria: Liga irabazi zuten iaz. Zergatik ezin du hori lortu Realak?

Liga bat irabaztearekin amesten duzu?

Bai, noski! Edozein jokalarik amesten du horrekin. Tituluak irabazi nahi ditut. Irabaztea gustatzen zait, eta horretarako jokatzen dut futbolean. Espero dut Realaren asmoa ere hori izatea.

Asko kezkatzen zaitu etorkizunak? Edo taldearen egunerokoarekin eta ikasketekin ez duzu horretan asko pentsatzen?

Buelta asko ematen dizkiot gauzei, eta kezkatzen nauen gai bat. Baina zelaira ateratzean, horretaz ahaztu, eta dena ematen dut.

Europako talderen batera joango al zinateke?

Ez nuke arazorik izango halako esperientzia bat bizitzeko: kanpoan bizi, beste liga bat ezagutu... Espainiako selekzioarekin asko bidaiatu izan dut, eta ondo moldatu naiz. Baina pausoz pauso joan nahi dut, eta maila ematen badut hori ere iritsiko da. Baina oraindik urruti ikusten dut. Hala ere, hemendik eta etorkizunera begira klub indartsuetan jokatzea gustatuko litzaidake.

Laster hartuko duzu erabakia, edo luzerako doa?

Sasoia amaitzeko bi hilabete eskas falta dira. Espero dut azken unera arte ez itxarotea eta erabakia lehenago hartzea. Denen lasaitasunerako hori litzateke onena

Quiñonesek eta Soldevillak kontratua luzatu izanak zer pentsatua emango dizu, ezta?

Bai, noski. Asun [Quiñones] etxekoa izanda, are gehiago. Ikusten da Gipuzkoako jokalarietan oinarritutako talde bat osatu nahi dela, eta hori garrantzitsua da.

BERRIAn argitaratua (2017/04/11)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA