astekaria 2015/11/22
arrowItzuli

mundua

Irtenbidea ez dago infinituan

Martxelo Otamendi

Irtenbidea ez dago infinituan Martxelo Otamendi

Duela bi hamarkada inguru, 1994ko martxoan, IRA Irlandako Armada Errepublikanoa erakunde armatuak mortero batzuk jaurti zituen Heathrowko aireportura, ondoko zelai batzuetatik. Morteroek, karga sinboliko handiagoa zeukaten lehergaia baino, ez zuten aireportuko inongo oinarrizko egituratan kalterik eragin. Egun berean, Wensmisterreko Parlamentuak «terrorismoaren legeek» beste urte batez indarrean segitu behar zutela bozkatu behar zuen; eta bezperan, Ingalaterrako erreginak hegazkina hartu zuen aireportu horretan. Erasoaren biharamunean egokitu zitzaidan aireportu horretara joatea, eta sekula ikusitako polizia eta militar zaintza handiena ikusi nuen. Handik bi hilabetera ostera joan nintzen Heathrowra, militarren arrastorik ez zegoen, eta polizia kopurua atentatu aurreko neurrietan zegoen. Gertatu ondoren, dena da «biderkatu», «indartu», «kopuru handia», «neurri bereziak», «armada»; herritar izutua itxuraz lasaitu, eta tentsioa jaitsitakoan, bizitza normalera iritsitakoan, betikoan segitu.

Frantzian, jihadisten eraso bat egon den aldiro gogortu egin ditu neurriak gobernuak; handitu ditu prebentziora, ikerketara eta jazarpenera dedikatutako polizia eta militarren kopurua, aurrekontu disposizioarekin batera. Charlie Hebdo-ren aurkako atentatu larriaren ondorioz gogortutako neurriek eragotzi al dituzte ostiral gaueko 129 hilketak Parisen? Orduan, zer egiteko asmoa dauka Hollandek? Polizia eta militar gehiago jarri kalean. Eta hurrengo erasoaren ondoren? Gehiago jarri, eta hurrengoaren ondoren? Gehiago.

Noraino handituko du Frantziako Gobernuak militarren eta polizien presentzia etorkizuneko erasoak eragozteko? Zenbat polizia eta militar behar dira erabateko segurtasuna eskaintzeko? Infinituak. Baina infiniturik ez dago horretan.

Lege aldaketa murriztaile handiak egin ditu Frantziak azken bi urteotan. Gaur egun, poliziek eta zerbitzu sekretuek epaileen baimen barik espiatu ditzakete susmagarrien datuak, ordenagailuetakoak eta mugikorretakoak; eta metro batzuetako jiran dagoen pertsonaren telefono mugikorreko elkarrizketa entzun dezakete. Baina ezin dute Frantzia erdia jarri beste erdia babesten, edo zelatatzen.

Beste nonbaitetik etorri behar du eraso molde berriei erantzun berriak emango dizkien estrategiak. New Yorken eta Washingtonen 2001eko irailaren 11n egindako sarraskiek markatu zuten erasoak egiteko modu berri bat, ordura arte imajina ezina zena. Ondoren etorri ziren Madril, Londres, Paris... Molde berriari molde zaharrarekin erantzutea porrota aseguratzea da, Frantzian azken urtebetean ikusi dugunez.

Poliziak bere lana egin beharko du, eta ahalik eta gehien eragotzi hurrengo erasoen aukera. Azken dozena urtetan Europako poliziek ustezko zelula jihadista asko desegin dituzte, betiere polizien esanetan, atentatuak egin aurretik. Tartean, Dixan komandoa deitu zutena Katalunian.

Inork pentsatu al du betikoa egiten segitzeko horrenbeste polizia berri jarri beharrean, diru berarekin, edo gehiagorekin beharbada, jihadismora jauzi egitear dauden herritar europar gazteekin lan egingo duten langile sozialak prestatu eta kontratatzea? Arlo horretan egin zitekeen guztia eginda daukagu Europan, helburu horrekin milioika eta milioika euro gastatu ditugu, eta huts egin dugula ikustean erabaki dugu irtenbide bakarra poliziak eta militarrak direla? Edo ez dugu ia ezer egin?

Hurrengo egunotan, zenbatgarrenez?, Europa osoko Barne eta Defentsa ministroek bileraren bat egingo dute, beste behin polizia indarren koordinazioa areagotu eta erabaki murriztaileak hartzeko. Noiz bilduko dira, ordea, Europako Gizarte Arazoetako ministroak arazoaren erroetara joan eta irtenbide sozialak pentsatzen hasteko? Ezin da ezer soziodisuasorioa egin arlo horretan? Ez da probetxugarria izango epe labur eta ertaineko neurri sozializatzaileak aztertzea? Ez du egoerak merezi saio sendo bat poliziala eta militarra ez den arlo horretan?

Oso gutxik jarriko dute dudan atentatu hauek egiteko sortu den giroaren azpian, belaunaldi batek orain arte ikusi gabe geneukan erradikalizazio horren atzean, jihadismoaren hazkundearen konstatazio horretan, Mendebaldeak herrialde arabiarretan eraman duen geopolitika eredu interesatu bat dagoela, zeinari gehiago axola zaizkion lagunen irabazi ekonomikoak eremuaren estabilitatea baino.

Iragan hori kontuan eduki behar da gaurko egoera ulertzeko, are gehiago iraganetik gaur bitartean estrategia hori aldatu ez denean. Esku hartze militarrak egin ditu Mendebaldeak Afganistanen, Iraken, Libian, Sirian... eta Israeli nahi izan duen guztia egiten utzi dio Palestinan. Aurretik zegoen egoera hobetzen saiatu, tokian tokiko agintari berriak indartu eta ahalik eta azkarren irtetea zen Mendebaldearen plana, hori kontatu ziguten. Errealitate krudelak erakutsi digu bertakoak kasu askotan ez daudela hobeto, agintari berri asko aurrekoak bezain krudel eta ustelak direla, eta batzuek espero ez genituen eragile berriak jaio dira (Estatu Islamikoa, talde txikiak..). Geopolitika hark oso mosaiko hautsia utzi digu, elkarrekin bat egin ezin duten talde eta joera asko oso leku kontzentratuan, nazioarteko politika serio bateraturik eza.

Inteligentzia militarrak huts egin du, porrot nabarmenarekin. Eman diezaiogun aukera bat inteligentzia sozialari.

BERRIAn argitaratua (2015/11/14)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA