astekaria 2015/10/09
arrowItzuli

bizigiro

Dei baten menpe egotearen ajeak

Maialen Belarra-Ainara Arratibel Gascon

Dei baten menpe egotearen ajeak

Bakardadea, etxetik kanpo bizi behar izatea, errepidean ordu mordoa pasatzea, eta, batez ere, egunerokoa ezin antolatzea. Horixe da eremu publikoan ordezkapenak egiten ari diren langileen patua. Haatik, lan egiteko modu diferenteak eta jende asko ezagutzeko aukera ematen die.

1. XABIER PEREZ-CUADRADO Irakaslea

«Autoan beti neraman maleta bat»

Ikasturte batean hamasei ikastetxetatik pasatzen zen lehen; orain, hutsik gelditutako lanpostu bat betetzea lortu du. Halaxe aldatu da azken bost urteetan Xabier Perez-Cuadrado Alonsoren (Donostia, 1971) egunerokoa. «Ikasturte osorako bakantea lortu dut aurten Artziniegan». Hezkuntza bereziko irakaslea da, eta ondo ezagutzen du zer den zerrenden menpe egotea. «Gogorrena bakardadea, semea bi astean behin ikustea eta egoerak sortzen dizun ezegonkortasuna da. Ez duzu bizimodurik. Kontua irautea da». Dena den, ez du soilik alde txarra aintzat hartu nahi izan. «Jende asko ezagutzeko aukera ematen dizu, baita eskola diferenteen metodologia ezagutzeko ere». Dena den, argi du beraiek ez ezik zein diren egoera horrekin kaltetuenak: «Ikasleak dira. Ikasturte osoan hainbeste aurpegi ikusi behar izatea ez da ona».

Aurtengo ikasturtea diferentea izango den arren, 2011-2012koari erreparatu dio. Orduan hasi zen zerrenden bidez lanean. Garbi zuen Gipuzkoan zaila izango zela. «Gipuzkoan, hezkuntza bereziko arreta nahikoa pribatizatua dago. Ume asko Aspacera eta Gautenara eramaten dituzte. Beraz, ikastetxeetan dauden lanpostuak lanaldi erdikoak dira askotan, eta nire egoera pertsonalarekin oso bat behar nuen». Aukera onena Araba zen. «Amonak etxea du Bastidan, eta hara joan nintzen. Hura zen nire bizitokia». Baina lehen ikasturte hartan hamasei ikastetxetatik pasatu zen. «Beti nindoan maletarekin autoan. Gogoan dut egun batean, Donostiatik Bastidara itzultzen ari nintzela, autoan nengoela deitu zidatela, Gipuzkoan ordezkapen bat egiteko. Buelta erdia eman, eta itzuli egin behar izan nuen». Araban egonda ere, eskualde batetik bestera distantzia dago, eta, horrenbestez, ezinbestekoa da herri horretan edo handik gertu geratzea. «Bigarren urtean, adibidez, ikasleetako baten gurasoen baserrian egon nintzen. Logela bat alokatu nien. Oso esperientzia polita izan zen». Dena den, beti ez zen hain polita.

Bazen harentzat gogorragoa zen zerbait: «Bananduta nago, eta semea bi astetik behin baino ezin nuen ikusi, asteburuetan. Izan ere, astean zeharreko bisitetara ezin nintzen joan. Eskerrak oso txikia zen».

Aurten aldea nabarituko du. «Amurrion biziko naiz, eta egunerokoa antolatu samar izango dut» Bera ibili den moduan dabiltzanei aholkua eman die: «Pazientzia izan dezatela».

2. MADDALEN GONZALEZ DE TXABARRI OSTOLAZA Erizaina

«Ingurukoei egiten zaie zailagoa nire egoera»

«Ostiral bazkalostera arte ezin duzu planik egin, eta, gainera, ez oso urrutira. Izan ere, larunbatean ere deitu zaitzakete». Maddalen Gonzalez de Txabarri erizainak (Zarautz, Gipuzkoa, 1991) naturaltasunez darama zerrendaren menpe bizitzea. «Niri baino, ingurukoei egiten zaie zailago. Ni jakitun naiz nire lanaren parte dela. Ez zait besterik geratzen». Donostiako eta Mendaroko ESI unitateetan aritzen da. Hau da, Donostialdeko eta Mendaroaldeko ospitaleetan eta osasun etxeetan egin dezake lan. «24 ordu baino gutxiagoko aldearekin ezetz esan dezakezu, baina ni beti naiz deia jaso eta joateko prest dauden horietakoa». Bi urte daramatza horrela, eta pixkanaka ari da ohitzen. «Badakit maiatzetik irailera eta abendutik urtarrilera %100ean egon behar dudala lan egiteko prest, eta gero hilabete aukeratu dezaket, deitzen badidate ere ezetz esan dezakedana». Horren arabera antolatzen ditu oporrak. «Zorionez, mutilak aukera du nahi duenean oporrak hartzeko».

Zailena bikotekidearekin eta lagunekin planak egitea. «Mutila Gasteizkoa dut, eta gertatu izan zait harekin plana egin eta handik ordu gutxira bertan behera geratzea. Edo Gasteiztik itzuli behar izatea, deitu nautelako. Hasieran ez dute ulertzen, eta gogorra egiten zaie. Baina ohitzen ari dira. Badakite egin behar dudan ahalegina dela». Saiatzen da telefonoaren menpe egotea naturaltasunez eramaten. «Nik plana egiten dut, eta, deitzen badidate, aldatuko dut. Lana osagarri gisa ikusten saiatzen naiz, eta egoera hau ahalik eta ondoena eramaten».

Alderik handiena erietxean edo osasun etxean lan egiten antzematen du. «Nik nahiago dut ospitalekoa». Bestalde, batetik bestera ibiltzeak errealitate desberdinak ezagutzeko aukera ematen dio. «Sekulako eskola da. Adibidez, egokitu izan zait herri txiki bateko arreta gunean egotea. Han, zu eta medikua zaudete. Ez duzu lankiderik laguntza eskatzeko edo zalantzak argitzeko, eta asko ikasten duzu».

3. MAIDER SAENZ DE NAVARRETE Irakaslea

«'Bihar nora tokatu zaizu?'. Hori izaten da afalorduko galdera»

Iaz hasi zen irakasle moduan ordezkapenak egiten Maider Saenz de Navarrete (Bilbo, 1984). Egun, Itsasondon (Gipuzkoa) bizi da. Deitu ziotenean Lazkako Udalean egiten zuen lan, hezkuntza proiektu batean. «Lan kontratua izanda, posible nuen ezetz esatea, baina, irakasle moduan lan egin behar banuen, pausoa eman behar nuen. Bikotekidearekin, aurrera egitea adostu genuen».

Etxe ondoan lan egonkor samar bat zuen, eta kontrako egoerara pasatu zen. «Urtarriletik ekainera sei ikastetxetan egon nintzen». Bizimodua goitik behera aldatu zitzaion. «Bezperan kozinatzen hasi nintzen, goizean goiz deitzen bazuten ziztu bizian ateratzeko. 'Eta bihar, nora?' zen afaltzeko galdera». Gainera, beti egon behar zuen telefonoaren zain. «Bikotekidearekin ere antolatu behar duzu. Adibidez, guk auto bakarra daukagu, eta ondo lotu behar ditugu gauzak. Gainera, sarritan ez dakigu zenbaterako den». Egokitu izan zaizkio gauza bitxiak. «Gogoan dut: Basurtuko eskolara joateko deitu nindutenean, 10:00etan deitu ninduten, eta patio ordurako han egon behar nuela esan zidaten. Esan nien Itsasondon bizi nintzela, eta beranduago iritsi nintzen».

Gogorrena etxetik kanpo egon behar izatea egiten zaio. «Zure etxearen falta sumatzen duzu, zure ohean lo egitearena, eta bikotekidearekin egotearena. Nahiz eta ni, Bilbon nengoenean, adibidez, gurasoen etxean egon». Lan ordutegietatik kanpo planen bat egitea ere zailtzen du halako bizimoduak. Dena den, Saenz de Navarrete saiatzen ari da horretan. «Ni bezala dauden hainbat irakasle bildu gara, eta kirola egitera eta txalaparta jotzen ikasteko ikastaro batean izena eman dugu».

Orain, Saenz de Navarrete ez dago lanean. «Espero dut abendu inguruan berriz deitzea». Ordura arte, zain egotea tokatzen zaio. «Nahiz eta batzuetan zaila den, ez larritzen eta lasai hartzen saiatzen naiz». Izan ere, hori da hala ibiltzearen beste arazoetako bat. Ezin ditu bestelako lanak hartu. «Adibidez, eskola partikularrak ematen aritu nintzen, eta berriro deitu didate. Oso gustura egon nintzen, baina ezetz esan diet. Ez zitzaidan serioa iruditzen hemendik gutxira uztea zerrendetatik deituz gero».

Denbora honetan, mutila izan du akuilurik onena. «Beti saiatzen da etorkizunari begiratzen, baikortasunez. Asko animatzen nau, eta hori inportantea da».

4. IRUNE FERNANDEZ Medikua

«Neguan zailagoa da lan kontratu luzeak lortzea»

Medikuntza ikasi du Irune Fernandezek (Iruñea, 1986), Euskal Herriko Unibertsitatean. Ondoren, familia medikuntzan espezializatzea erabaki zuen, eta, horretarako, Nafarroako Ospitale Gunean eta Sanduzelaiko osasun etxean egon da egoiliar gisa. Guztira hamar urte behar izan ditu mediku izateko.

Maiatzean bukatu zituen prestaketa guztiak, eta ekainaz geroztik ordezkapenen zerrendan dago. Orain arte, Nafarroako Ospitale Guneko larrialdi zerbitzuan lan egitea tokatu zaio. «Udan izaten dira ordezkapen gehienak, jendearen oporrengatik. Neguan zailagoa izaten da lan kontratu luzeak lortzea».

Ekainean deitu zioten lehen ordezkapena egiteko, eta irailaren 30era bitartean kontratua izan du. Duela egun batzuk bertze dei bat jaso zuen: «Urriaren 18ra arte beste ordezkapen bat eskaini didate, baina argi utzi didate hemendik aurrerako kontratuak laburragoak izango direla».Orain arte zortea izan duela baieztatu du, etxetik hurbil egon baita. «Hemendik aurrera, telefonoari itsatsita egon beharko dut. Nafarroa osoan mugitzea tokatuko zait seguruenik, eta bizimodua erabat aldatu beharko dut», dio. Eguneroko bizitzari buelta emateaz gain, bizilekua ere aldatu beharko du, akaso. Dena den, argi du oraingoz horrekin konformatu beharko duela.

Gainera, «dei magikoa» jasoz gero, ia ezin da ezetzik erran. «Ni lanean baldin banago eta zerbait hobea eskaintzen badidate, ezin dut ezetz esan, zerrendetan atzera joango bainintzateke». Aldiz, baldintzak kaskarragoak balira, ezetz esanda ez litzateke bere tokitik mugituko. Baina «erabat subjektiboa» da baldintzen kontua. Orain arte denetarik egitea tokatu bazaio ere, hurrengo bi asteetan zaintzaldiak izanen ditu soilik, orotara bost egunetan. Baldintza onenak ez izan arren, larrialdietan lan egiten jarraitu nahi du: «Gaztea naiz, eta gustatzen zait adrenalina hori sentitzea». Fernandezen helburua Iruñetik gertu dagoen herri txiki batean lan egitea da, baina horretarako ongi prestatu nahi du, erantzukizun handia baita.

BERRIAn argitaratua (2015/10/02)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA