astekaria 2017/04/13
arrowItzuli

gizartea

Zubiak, ezti tanta batean

Garikoitz Goikoetxea

Zubiak, ezti tanta batean

Kolorea irudikatu du: jendetza eta aniztasuna. Zubiak irudikatu ditu: elkarlanerako nahia. Eta indarra agertu du: babes handia. Joan da 20. Korrika. Baina geratu egin nahi du, ondorena utzi. Irudikatutako kolorea, zubiak eta indarra egunerokora eramatea da erronka orain. Beste mugarri batzuk jartzea. Joseba Sarrionandiak idatzitako mezua ibili du Korrikak lekukoaren barruan. Euskara biziberritzeko bidean zer egina badela ohartarazi du: «Euskararen alde egitea normaltasunaren kontra egitea da oraindik». Korrika amaituta, urratsak egiten segitzeko asmoa azaldu du AEK-k: «Ezin da aukera historiko hau pasatzen utzi». Elkarlana eskatu du.

Hogeigarrena izan du Korrikak aurten, biribila, eta garai berezian iritsi da. Ziklo aldaketaren sentsazioa handitzen ari da euskalgintzan. Sarrionandiak aipatu du gai hori mezuan: «Euskararen aldeko mugimendua egonkortu egin dela esaten da, normaltasunaren alde aurrerapauso handiak egin eta normalitate moduko batean lasaiturik edo trabaturik gelditu dela euskaraz bizi ahal izateko asmo kolektiboa». Korrikak, baina, aurreko aldietan baino are jende gehiago batu du. Furgonetako kideak ari ziren esaten jende gehiago nabari zutela, eta datuek baieztatu dute: petoak bukatu egin ziren Korrika amaitu baino lau egun lehenago, aurreko aldian baino 11.000 gehiago salgai jarri arren ?46.000 baino gehiago guztira?.

Korrikaren indarra

Hamaika egun izan dira. Hamar gau. Geldialdirik gabeko 235 ordu eta erdi. Zazpi herrialde. 2.557 kilometro. Ekinean. «Badugu motibo bat: badugu altxor partikular bat balio unibertsala duena, ispilu batean bezala islatzen dela bizitza hizkuntzan», dio Sarrionandiak. Motibo bat, mugiarazten duena. Oztopoen gainetik. Caparrosoko (Nafarroa) ikasle-irakasle haiek bezala. Korrika egin ostean, mezua bidali zieten furgonetako kideei: «Eguneroko borroka zaila gertatzen bazaigu ere, zuen indarrarekin ikasturtea fuerte amaituko dugu». Indarra izan du aurtengo Korrikak. «Inoizko handiena izateaz gain, indartsuena izan da», esan zuten atzo AEK-ko arduradunek balorazioa egitean.

Indarra, elkarlanarekin. Berria izan zen lehen eguneko argazkia: hiriburuetako udalak elkarrekin kilometro berean. Nafarroako aldaketaren ordezkariak ere atera dira ?parlamentuko lau indarrak eta Joseba Asiron Iruñeko alkatea, adibidez?, eta Euskal Elkargokoak ere bai. Kilometro seinalatua izan da Irun eta Hendaia artean egindakoa, Santiago zubikoa: euskalgintzako eta erakundeetako ordezkariak elkarrekin, lekukoa eskutik eskura pasatuz. «Izan dadila lehen pausoa», adierazi du Mertxe Mugikak, AEK-ko koordinatzaile nagusiak. «Gizarte eragileen eta erakundeen arteko harremanak eta elkarlana nahitaezkoak dira. Orain, hitzetatik ekimenetara igarotzeko tenorea da». Biderako «epeak, helburuak eta gutxienekoak» zehazten hasi behar dela uste du AEK-k, eta Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa aipatu du. Hain justu, haren aldarrietako bat izan du 20. Korrikak: euskara ikasteko doakotasuna. «Hori izan beharko litzateke lehen pausoa: epe motzean Euskal Herri osoan doan ikasteko aukera zabaltzea, eskubidezkoa delako, behar dugulako». Gutxiagotua baitago euskara. «Eta hizkuntza kaltetua ispilu apurtua bezalakoa izaten da. Hizkuntza bat desagertzen denean, mundu guztiak galtzen du bizitza ikusteko eta azaltzeko modu berezi bat», dio Sarrionandiak. Hori aldarrikatu dute aurtengo Korrikan, hain zuzen ere: hizkuntzen eta hiztunen arteko berdintasuna.

Igaro da 20. Korrika. Bi urte hurrengoa iristeko: 2019ko apirilaren 4tik 14ra izango da. Bitartean, hiztunei begira jarri da Sarrionandia: «Euskara noranahikoa da, baina gutako bakoitzaren baitan dago. Lapur altxorra balitz bezala edukiko dugu zulo ilunen batean ezkutaturik? Konturatzen zara goizetan ohetik jaikitzean ezti tanta gozo bat bezala senti dezakezula ezpainetan?». Korrikak zabaldu du ezti tanta Euskal Herri osoan. Dastatzen jarraitzea da erronka.

BERRIAn argitaratua (2017/04/10)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA