astekaria 2017/04/13
arrowItzuli

kirola

RUBEN GOñI

«Nafarroa Arena ez zen behar, baina ezin dugu itxita eduki»

Ainara Arratibel Gascon

«Nafarroa Arena ez zen behar, baina ezin dugu itxita eduki»

Legegintzaldi erdia egitera doa Ruben Goñi Nafarroako Gobernuko Kirol zuzendari gisa (Iruñea, 1982). Argi utzi du Nafarroa Arena puntualki irekiko dela, eta ez diela eragingo herrialdeko beste kirol azpiegiturei. Goi mailako zein harrobiko kirola egoera onean ikusten du. Baina erronkak ez zaizkio falta: Emakumea eta Kirola Plana garatzea, eta tokiko kirola sustatzea dira horietako bi.

Euskal Herriko Itzulia amaitu berria da. Irteera Iruñean izan zen. Ze iritzi duzu?Berriro gertatuko al da halakorik?

Nafarroan txirrindularitzarekiko zaletasun handia dago, eta, alde horretatik, oso egun garrantzitsua izan zen. Proba handia da Itzulia, eta goi mailako txirrindulariak hemen ikustea ederra izan zen. Ekonomikoki eta turismo ikuspegitik ere oso onuragarria izan zen. Politikoki egon zen eztabaida. Baina txirrindularitza batzen gaituen kirola da; alde horretatik, zergatik ez etorkizunean aurreko asteko irudia errepikatu?

Bi urte egitera zoaz karguan. Zein balorazio egiten duzu aurreko gobernuaren kudeaketaz kirolaren esparruan?

Topatu genuen egoera nahasia zen, eta lortu dugu hori bideratzea. Arriskuan zeuden programa batzuk ere berreskuratu ditugu. Enpatia falta bat ikusten genuen. Hori aldatzeko, gertukoak izaten saiatu gara, eta federazio, elkarte nahiz taldeei informazio zuzena eta gardena ematen. Gainera, uste dut hemen lan egiten zuten langileen motibazioa berreskuratu dugula.

Nafarroako goi mailako kirola nola ikusten duzu? Eta, harrobia?

Goi mailako kirolari dagokionez, orokorrean egoera ona da. Emaitza bikainak lortzen ari gara, adibidez, atletismoan,triatloian, patinajean... Talde kiroletan ere, nahiz batez ere emakumezkoetan hutsune bat eduki, egoera ona da. Ahaztu gabe entrenatzaileak eta epaileak ere. Goi mailan daude horiek ere. Dena den, joan behar dugu berreskuratuz krisi garaian egon ziren murrizketak: beken alorrean, medikuntzaren alorrean... Horretan ari gara Miguel Indurain Fundazioarekin. Publiko egin dugu, eta asmoa da babesle gehiago lortzea.

Osasuna auziaren epaiketa gertu dago. Zein iritzi duzue?

Auzia ekonomikoa izanik, Ogasunak darama. Gu gehiago zentratzen gara kirol esparruan. Egoera, egia esan, gatazkatsua da. Auziak ezegonkortasuna bat sortzen du, eta horrek ezinbestean eragiten du kirol proiektuan. Ekonomikoki ere egoera zailtzen du horrek. Izan ere, babesleak lortzeko orduan mesfidantza bat sortzen da. Eskatu behar duguna da epaiketa ahalik eta azkarrena egitea, eta auzia argitzea.

Egungo zuzendaritzaren aldetik beste zerbait espero zenuten?

Gardentasunak eta informazioak lehentasuna izan behar du, eta bazkideei hobeto eta argiago azaldu behar zien egoera.

Laster izango dira hauteskundeak. Zer eskatuko diozue zuzendaritza berriari?

Kudeaketa ikuspegitik, gardentasuna eta bazkideekin esku hartuta joatea. Hau da, harreman zuzenago bat izatea. Kirol esparrutik, uler dezakegu denboraldi hau prestatzeko zailtasunak egon zirela, ekainean lortu zelako igoera. Baina hurrengorako behar bezalako plangintza egin behar dute.

Harremanak nolakoak dira Osasunako zuzendaritzarekin?

Beste kirol elkarteekin eta taldeekin dugun harreman bera daukagu Osasunarekin: ona eta zuzena. Guk borondate osoa dugu harekin lan egiteko. Fundazioa, teknifikazioa, campusa...Elkarlanerako esparru asko ditugu.

Datorren urteko irailean inauguratuko duzue Nafarroa Arena. Zergatik erabaki duzue irekitzea?

54 milioi euroko obra bat eginda zegoen, eta orain beste 6 milioi euroko beste obra bat falta da egiteko. Iritsi ginenetik bi izan dira gure lan ildo nagusiak. Batetik, itxita egonda, saiatu gara ahalik eta gastu gutxiena eragiten administrazio publikoari. Bestetik, azterketa bat abiatu genuen, jakiteko zein zen azpiegitura kudeatzeko modurik egokiena, eta ondorioa izan zen obra bukatu behar bezala. Egin ziren inbertsiok eginda, ireki egin behar zen. Ezin genuen itxita eduki. Obraren %90 eginda egonda, bagenuen ardura bat irekitzeko.

Beharrezkoa zen halako azpiegitura bat?

Argi dago ez zela beharrezkoa. Baina azpiegitura eginda dago, eta ikusten genuen aukera zegoela gure bulegoak eta federazioenak hara eramateko. Horrek emango dio eguneroko bizitasun bat espazio horri, zentzu bat. Barruzko espazioei dagokienez, lanean hasi gara kirol eta kultur ekitaldiak erakartzeko. 10.000 lagunentzako eserlekuak daude pista zentralean, eta frontoian 3.000 eserleku. Garbi utzi nahi duguna da puntualki zabalduko dugula, ez da egunero irekiko.

Frontoiak eragingo dio Labriten egunerokoari?

Nafarroa Arenako frontoiak ezin dio kalte egin Labriti, asteburuero programazio zabala baitu. Guk final formatuak bilatuko ditugu Nafarroako Arenako frontoiarentzat, edo gehienez finalerdiak. Enpresak etorri dira frontoia ikustera, eta haiekin hitz egin nahi dugu gure aukera mahai- gainean jartzeko. Baina harremana hasi besterik ez dugu egin.

Nolako probak erakarri nahi dituzue?

Europako zein Espainiako Txapelketak, igoera faseak... Ez bakarrik goi mailakoak, baita maila apalagoetakoak ere. Horrek ahalbidetuko du eragin ekonomiko bat izatea.

Zer eman behar dio azpiegitura horrek Nafarroako kirolari?

Dena kate bat da. Argi dago lehiaketa horiek ekartzeak, jendea, batez ere gazteak, kirolera erakarriko dituela. Alde horretatik, motor edo erreferente gisa funtziona dezake. Hainbat kirol erakartzeko ere balioko digu.

Nolakoa izango da azpiegituraren kudeaketa?

Hasierako fasea publikoa izango da, eta gure enpresa baten bidez egingo da: Nicdo. Beste aukerak ere aztertu ziren, baina baztertu egin genituen kudeaketa publikoaren bidez kontrola zuzena delako. Lehen urteetan hala izango da, eta gero ikusiko dugu kudeaketa mota hori aldatu behar den.

Noizbait errentagarria izango da Nafarroa Arena?

Normalean, kirol azpiegiturak ez dira errentagarriak. Baina puntualki irekita, datu ekonomikoak horren negatiboak ez izatea bilatuko dugu. Baina zaila da, eta lan asko egin beharko dugu. Borroka eta harreman asko egin beharko dira aipatutako lehiaketak eta txapelketak ekartzeko. Oraingoz, ikusi duguna da interes bat badagoela. Baina lehen harremanak baino ez ditugu egin, eta gauzatu egin behar dira. Ikusi beharko dugu zein kuota, kanon eta abar dauden. Iruñeko Udalaren laguntza ere beharko dugu.

Los Arcosko zirkuitua ere diru xahutze publikoaren adibide izan zen. Nola dago orain zirkuituaren egoera?

Enpresa pribatu baten esku dago, eta, kirol esparrutik begiratuta, mugitzen ari dira, lanean daude: txapelketak ekartzeko, autoen probaketak egiteko... Gero, ikusi beharko da egindako inbertsio hori nola berreskuratzen den. Baina, behintzat, martxan dago.

Esku pribatuan utzi dela kontuan hartuta, hori izan daiteke Nafarroa Arenaren etorkizuna?

Nik esango nuke desberdintasunak badaudela bi kasuetan. Izan ere, motorra oso kirol zehatza da. Hor mugitzeko ezagutza tekniko handiak izan behar dituzu, eta mundu hori oso ondo ezagutu. Nafarroa Arenarenak malgutasun gehiago ematen digute alde horretatik.

Federazioekin ere harremanak nahiko gaiztotua zeuden zuek iristean, aurreko gobernuak hainbat diru laguntza itzultzera behartu zituelako. Bideratu dira harreman horiek?

Iritsi ginenean, giroa nahiko nahasia eta zaila zen. Izan ere, 2012ko diru laguntzak itzuli behar zituzten, ia 200.000 euro inguru. Lortu genuen hori bideratzea, eta beharrezkoa zena baino ez itzultzea. Hortik aurrera saiatu gara, diru laguntzen deialdia aurreratzen. Izan ere, haien funtzionamendurako beharrezkoa da diru hori ahalik eta azkarrena izatea. Aurten gehiago aurreratzea espero dugu. Egonkortasun hori ondo hartu dute, baita informazio trukea ere. Alde horretatik, aurrerapauso batzuk eman ditugu, eta nahi duguna da egoera hori egonkortzea, hortik aurrera kirol proiektuez hitz egiteko.

Nolako harremana duzu Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendari Jon Redondorekin?

Harreman eta elkarlan ona dugu, eta handiagoa izan daiteke. Ikusi behar dugu hori zein modutan eta esparrutan gerta daitekeen: adibidez, nazioarteko probak ekartzerakoan. Jaurlaritzarekin ez ezik, Errioxako eta Aragoiko gobernuekin ere hitz egin dugu horri begira. Iparraldearekin dugun harremana ere dezente sakondu dugu, batez ere federazioen elkarlan proiektuei begira: errugbian, hipikan, pilotan... 10.000 euroko deialdi bat dugu mugaz gaindiko elkarlan proiektuetarako, eta horren bidez egin dugu.

Nola ikusten duzu euskal selekzioaren ofizialtasuna? Hitz egin duzue horretaz?

Ez dugu askorik landu. Baina landu duguna da normaltasuna hainbat probatan. Dena den, hori gobernuek adostu eta landu behar duten zerbait da. Ikusi beharko zen zein kiroletan dagoen ofizialtasuna lortzeko aukera: pilotan eta herri kiroletan, adibidez..

Nafarroako Gobernuko Kirol zuzendariak ba al du denborarik kirola egiteko?

Azken urte eta erdian ez dut ia denborarik izan. Baina duela hilabete korrika egiten hasi naiz. Igeriketa, mendia eta txirrindularitza ere gustatzen zaizkit.

Asteburuak hara eta hona ibiliko zara kirola ikusten, ezta?

Bai. Lanaren parte da, eta gozatzen dut. Kirol bakoitzaren errealitatea ikusteko balio dit, eta taldeekin harremana izateko.

Datozen bi urteei begira zein erronka dituzu?

Emakumea eta Kirola Plana martxan jarri nahi dugu. Udaletako zerbitzuen koordinazioaren bidez, jarduera fisiko osasuntsua sustatzea ere lehentasunen artean dugu. Gure kirolak ere sustatu nahi ditugu ekintza plan batekin. Balioen plana ere indarrean jarri nahi dugu. Adibidez, bitartekaritza bulego bat sortuko dugu, kirol jardueretan dauden gatazkak konpontzeko.

Itxako eta Lagunak desagertu ostean, Emakumea eta Kirola Planarekin erreferentzialtasuna berreskuratu nahi duzue?

Egitura sendoak sortu nahi ditugu, behetik gora, harrobitik hasita. Bide horretan, adibidez, Osasunarekin landu nahi dugu futbol talde bat sortzea. Estereotipoak ere apurtu nahi ditugu, eta babesleei onura fiskalak eman.

BERRIAn argitaratua (2017/04/10)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA