astekaria 2015/11/22
arrowItzuli

mundua

PARIS, GERRAREN IZUAK HARTUTA

Adrian Garcia

PARIS, GERRAREN IZUAK HARTUTA

I zugarrikeria». «Sarraski ikaragarria». «Gerra irudiak». Jihadismoak bete-betean jo du Paris. Berriz ere. Oraingoan, ordea, inoiz baino gogorrago astindu du Frantziako hiriburua: gutxienez 129 hildako eta 300 zauritu izan dira. Horietatik 99 oso larri daude, eta hildakoen kopuruak gora egin dezake oraindik. Gorpu guztiak ez dituzte oraindik identifikatu. II. Mundu Gerratik sufritutako odoltsuena izan zen herenegun gaueko atentatu sorta. Ongi antolatutako hiru taldek denbora tarte laburrean hainbat tokitan jo zuten, bereizi gabe zibilei tiro eginez. Helburua: ahalik eta kalte handiena eragitea. Hirigunean asteburuko lehen orduez aprobetxatzen ari ziren herritarrak sarraskitu zituzten. Hildakoen zerrenda luzearen zamapean, izuak hartua esnatu da Frantzia. François Hollande presidenteak larrialdi egoera ezarri du: «Gerra ekintza izan da». EI Estatu Islamikoak bere gain hartu du erasoa.

Tiroak, leherketak, sirena hotsak. Telefono deiak, oihuak, negarrak. Beldurra, nahasmena, zalantzak, informazio kontrajarria. Parisen aspaldian izan den gaurik luzeena izan zen. Festa giroan hasi zen, futboleko lagunarteko partida batekin: Frantziaren eta Alemaniaren artekoa. Beste festa toki batean amaitu zen tragedia: Bataclan kontzertu aretoan 89 lagun hil zituzten. Tartean, jatetxeetako eta tabernetako terrazak tirokatu zituzten ezezagunek. Baina amesgaiztoa urrun da amaitzetik. Polizia erasotzaileen atzetik da, eta Parisko gune publikoak —eskolak, unibertsitateak, zinemak...— itxita daude. Ile-de-France eskualdean manifestazioak egiteko debekua ezarri du Poliziak; handia da beste atentatuak gertatzeko beldurra.

EIk ordu batzuen buruan bere gain hartu ditu erasoak. Muturreko talde islamista sunitak ohar baten bidez adierazi du «azken xehetasunera arte» prestatu dituela erasoak, Frantziak Sirian egin dituen erasoei erantzuna emateko. EIren etsaia izan arren, Baxar Al-Assad Siriako presidenteak muturreko talde sunitaren argudio berbera erabili du, eta Frantziaren kanpo politikarekin lotu ditu atentatuak.

Atentatua aldarrikatzeko adierazpen ofiziala kaleratu aurretik, Hollande presidenteak EIri egotzia zion sarraskiaren erantzukizuna. «Frantzia gupidagabea izango da basatiekin». Hiru eguneko dolua ezarri du, eta «segurtasun baliabide guztiak» indartu ditu. «Kanpotik planifikatutako gerra ekintza da». Bihar parlamentuaren aurrean hitz egingo du. «Frantzia indartsua da, eta zauritu egin badute ere, beti altxatuko da». Nazioarteko potentzien agintariek «babes osoa» eskaini diote Frantziari. Barack Obama AEBetako presidenteak adierazi duenez, «zibilizazio guztiari eginiko erasoak» izan dira.

Bernard Cazeneuve Barne ministroak azaldu ditu hartutako segurtasun neurriak: 1.500 militar hedatuko dituzte, hiriburua patruilatzeko, batez ere garraio publikoak eta «beste azpiegitura estrategikoak» zaintzeko. Mugen kontrolak ere zorroztu egin dituzte, eta Parisko ospitale guztietan plan zuriak indarrean jarraitzen du. Edonola ere, abenduan egitekoak diren klimaren bilkurari eutsi egingo diote.

Frantziako Estadioa

Frantziako Estadioan, Paris iparraldean, piztu ziren lehen alarmak herenegun gauean. 80.000 lagun ari ziren partida ikusten —Hollande eta Cazeneuve tartean—. 21:20an lehen leherketa gertatu zen —hiru izan ziren denera estadiotik gertu, erasotzaile suizidek soinean zituzten lehergailuak zartarazita—. Leherketak entzun eta sentitu ere egin zituzten harmailetan.

Hollande eta Cazeneuve helikopteroz ebakuatu zituzten, baina partidak bere horretan jarraitu zuen, «izua ez zabaltzeko». Norgehiagoka amaitzean, zelaian atxiki zituzten zaleak. Kanpoaldean dagoeneko anabasan eroria zen Paris.

Futbol zelaiko leherketak jazo eta minutu eskasera hasi ziren lehen tiroketak. Petit Cambodge eta Carillon jatetxeetan lehenengo, X. barrutian, Bichat kalean. Lekukoen arabera, auto batetik irten ziren bi ezezagun, burua estali gabe, eta arma automatikoekin —kalaxnikov motakoak, zabaldu dutenez— terrazetan eserita zeudenei tiro egin zieten. Bigarren kartutxotegi bat husteko astia ere izan zuten. Hamazazpi lagun hil zituzten hor, gutxienez. Autoa hartu, eta ondoko Cosa Nostra pizzerian beste bost hil zituzten.

Ia une berean, Charonne kalean beste tiroketa bat gertatu zen. «Ehun tiro entzun ditut. Bi edo hiru minutuz egon dira tirokatzen», adierazi dio lekuko batek Liberation-i. Gutxienez hemeretzi lagun hil zituzten hor. 21:45ean, beste leherketa bat entzun zen Voltaire etorbidean, Nation plazatik gertu. Erasotzaile suizida soilik hil zen eraso horretan.

21:50 inguruan hasi zen gaueko erasorik larriena. Bataclan aretoan sartu ziren lau erasotzaile, lekukoen arabera «Allah Akbar» oihuka eta tiro egiten. Fiskaltzak adierazi duenez, Irakeko eta Siriako gerrei erreferentziak egin zizkieten.

Minutu gutxiren buruan iritsi ziren segurtasun indarrak, eta ingurua hesitu zuten. Rock talde kaliforniar batek jotzen zuen, eta mukuru beteta zegoen. Atean barrikadak eraiki, eta banan-banan hasi ziren gatibuak exekutatzen, lekukoek kontatu dutenez. «Infernu» hitza erabili dute setioak iraundako hiru orduak deskribatzeko. Hiru euskal herritar zeuden aretoan, eta onik daude.

Urtarrileko Parisko atentatuetan gertatu ez bezala, Poliziak debekatu egin zien hedabideei asaltoaren irudiak ematea. Segurtasun indarrak Bataclanen indarrean sartzean amaitu zen itxaronaldi etsigarria. Bi minutu inguru iraun zuen oldarraldiak. Tiroketa luze bat izan zen, eta, polizia iturrien arabera, munizioa amaitutakoan erasotzaileetako hiruk gainean zituzten lehergailuak aktibatu zituzten. Laugarrena poliziek hil zuten.

Zortzi erasotzaile hilda

Ordu haietako kaosaren erakusle, setioak iraun bitartean beste tiroketa eta leherketen berri eman zuten. Horietako gutxi egiaztatu dira, ordea. 21:55ean Frantziako Estadio pareko Mc Donal's jatetxearena da horietako bat: erasotzaile suizida bat soilik hil zen leherketan.

Atentatuetan ustez hildako erasotzaileak zortzi dira; horietako zazpik soinean zeramatzaten lehergailuak zartarazi dituzte —lehen aldiz egin dituzte kamikaze erasoak herrialdean—. Frantziako hedabide nagusiek iturri ofizialak aipatuta zabaldu dutenez, Bataclaneko erasotzaile suizidetako bat identifikatu dute: 30 urteko gaztea, frantziarra. Zerbitzu sekretuek fitxatua zuten. Espetxeratua izan zen delitu arruntengatik, baina azken boladan erradikalizatutako talde batekin harremana zuen.

Erasoen gauean Poliziak ez zuen atxiloketarik egin. Baina atzo goizaldean Frantziako eta Bruselako Molenbeek auzoan hiru lagun atzeman zituen. Horietako batek Frantziako herritartasuna du. Segurtasun indarren ustetan, erasotzaileen «hirugarren taldea» osa dezakete atxilotuek, eta Bataclanekoek erabilitako Polo beltza alokatu zuten, eta kontzertu aretora garraiatu zituzten. Bruselaren arabera, atxilotuetako bat Parisen zegoen ostiralean. Ikerketak irekita jarraitzen du.

Bestalde, Londresko Gatwick aireportuan frantses bat atxilotu dute, arma bat soinean eramateagatik. Halere, Poliziak ez du argitu Parisko erasoekin lotura duenik. Horrez gainera, Alemaniako Gobernuaren arabera, joan den astean herrialde horretan atxilotu zuten lagunaren eta atentatuen arteko loturaren «zantzuak» daude.

Liberation-ek zabaldu duenez, Saint-Deniseko estadio inguruan Siriako eta Egiptoko pasaporte bana aurkitu dituzte, erasotzaile suiziden gorpuetatik gertu. Haatik, Poliziak ez du frogatu euren buruak leherrarazi zituzten kamikazeenak direnik. Izan ere, hainbat albiste agentziek filtratu dute Greziako Barne ministroak baieztatu duela Siriako pasaportearen jabea Leros uhartean erregistratu zen errefuxiatu bat dela, eta, eskuineko alderdiek luze gabe baliatu dute informazio hori iheslariak hartzearen kontra egiteko.

Marine Le Pen Fronte Nazionaleko buruzagiaren arabera, «Frantzia eta frantziarrak ez daude seguru», eta mugen gaineko kontrola hartzeko eskatu du, «EB Europako Batasunak esaten duena esaten duela». Paradoxikoki, Parisen sarraskia eta anabasa eragin duen talde armatu beretik —edo antzekoetatik— ihes egin dute iheslariek.

Ikerlariek eraso sortaren «konplexutasuna» nabarmendu dute. Irakeko, Afganistango eta Siriako gatazka eremuetan ohikoak dira jardunbide horiek, alegia, hainbat komandok ekintza ugari egitea denbora tarte laburrean, eta eraso suizidekin amaitzea, bonbak leherrarazten. Manuel Valls Frantziako lehen ministroak gisa horretako «erreplika gehiago» espero ditu: «Frantzia gerran dago».

BERRIAn argitaratua (2015/11/14)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA