astekaria 2017/04/13
arrowItzuli

gizartea

RAQUEL MONTON ETA JAN HAVERKAMP

«Parte hartze publikoa bermatu arte, Garoñak itxita beharko luke»

Jon Rejado

«Parte hartze publikoa bermatu arte, Garoñak itxita beharko luke»

Garoñako zentral nuklearra berriro martxan jartzea eragozteko biderik bada oraindik. Hala adierazi dute asteazken honetan Eusko Legebiltzarrean Raquel Monton Greenpeaceko ordezkariak (Madril, 1965) eta Nuclear Transparency Watch erakundeko Jan Haverkampek (Herbehereak, 1959). EH Bilduk eskatuta mintzatu dira, eta gogora ekarri dituzte bi itun, Espainiak berretsiak dituen arren bete ez dituenak: Aarhusekoa eta Espookoa. Lehenaren arabera, estatuek bermatu egin behar lukete informazio eta parte hartze publikoa ingurumenarekin lotutako gaien inguruan. Espooko Itunak, berriz, ingurumen eraginari buruzko txostenak egitera behartzen ditu estatu kideak egitasmoaren hastapenetan. Haverkampek argudiatu du Garoñaren kasuan biak har daitezkeela argudio gisa.

Nola uler daiteke azken urteetan Garoñaren inguruan gertatutako guztia?

RAQUEL MONTON (R.M.). Garoñaren inguruko erabakiek behartu dituzten aldaketei esker, Espainiako Gobernuak era izango du epemugarik gabeko baimenak emateko, zentral nuklearren jabeek hala eskatzen badute.

Zer eragin du horrek?

R.M. Garoñan ez du askorik eragingo; ematen du ez dutela berriz ireki nahi. Ordea, beste zentralen kasuan, gobernuari ken diezaiokete hamar urtean erabakiak hartzeko zuen ahalmena. Alegia, CSN Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak baino ez luke aukera izango zerbait esateko aldizkako errebisio teknikoetan. Gobernuak epemugarik gabeko baimena duen zentral bat itxi nahiko balu, enpresei kalte ordaina eman beharko lieke.

JAN HAVERKAMP (J.H.). Ulertu behar dugu erabaki sorta bati buruz ari garela. Aarhuseko Itunak behar batzuk ezartzen dizkie bertako kide diren estatuei, Espainiari ere bai: hastapenetik herritarrei informaziorako eta parte hartzeko aukera bermatu behar zaie. Garoñaren kasuan, azken erabakiaren atarian gaude, baina hainbat egon dira aurretik; horien aurka ere jotzeko era dago.

Garoña zabaltzeko prozesuan bete al da Aarhuseko eta Espooko itunek agindutakoa?

J.H. Ez, eta horrek ahalbidetzen digu ohiko auzitegietara jotzea. Alegia, Garoñaren luzapena auzitara eramateko aukera egongo litzateke, horren inguruko lehen erabakia hartuta dagoelako. Halaber, azken erabakia gertu dago. Horrek premia sortu du, eta, premia dagoen heinean, nazioartera ere eramateko aukera egongo litzateke.

Horrek zer esan nahi du?

J.H. Aukera guztiak zabalik daudela. Ohiko epaitegietara jotzeko aukera dago, baita nazioarte mailakoetara ere. Auzibide horietan, azken erabakia ez ezik, aurreko guztiak ere jar ditzakegu mahai gainean. Oraindik aukera dago parte hartze hori bermatzeko, baldin eta gidaritza egokia badago Aarhuseko Ituneko edota Espooko Ituneko batzordeetan.

Sektore nuklearra oso iluna dela esan ohi da. Posible al da informazio publikoa abiaraztea zentral nuklear baten luzapenaren baimenean?

J.H. Araudia oso argia da; arazoa da araudia ezartzea. Legeak dio tresna horiek eskaini behar direla, herritarrek haien partea egin dezaten. Horrek, besteak beste, kulturarekin zerikusia du. Energia nuklearrari dagokionez, talde txiki batek du erabakien monopolioa. Hor ditu arazo gehien Nuclear Transparency Watchek.

Nola islatzen da hori Garoñan?

J.H. Gardentasunik ezagatik, erantzun gabeko galdera asko daude. Zergatik ireki nahi dute? Nola argudiatzen dute? Hori arrazoitzen duen energia beharra al dago? Zeintzuk dira arriskuak? Informaziorik ez dagoenez, ezin da jakin hori guztia. Gobernuz kanpoko erakunde eta herritar askok uste dute zentral nuklearra ez dela beharrezkoa. Alegia, enpresek argudiatu beharko lukete zergatik den beharrezkoa. Hori modu bakar batean gerta daiteke: herritarren parte hartzearen bitartez. Hortaz, parte hartze publikoa bermatu arte, Garoñak itxita beharko luke.

Garoñako zentrala berriz irekiko balute, hura martxan jartzeko lan guztiak urtebetean egingo balituzte ere, 48 urte baino gehiago izango lituzke berriz abian hasterako. Urte horiekin martxan dagoen zentralik ba al da gaur egun?

J.H. Beznau, Suitzan. Baina ez dago martxan, besteak beste Garoñako zentralarekin egin beharko litzatekeena egiten ari direlako han: goitik beherako aztertua. Erreaktorearen ontzia eskaneatzen ari dira. Belgikan erabili zuten lehenengoz teknika hori, eta milaka pitzadura aurkitu zituzten. Suitzakoan ere milaka pitzadura atzeman dituzte, eta horien zergatia ari dira ikertzen.

R.M. Kontuan hartu behar da 430 erreaktore daudela martxan munduan, eta gehienak orain ari dira betetzen 20-40 urte. Alegia, orain ari dira ingeniariak ikasten materialen bilakaeraren eta erresistentziaren inguruan.

J.H. Belgikako zentrala, Doel, martxan jarri dute, baina zenbait neurri hartuta. Normalean, erreaktorea hozteko ura lau graduan zuten gordea, baina, azterketa egin ondoren, 34 gradura igo dute; tenperatura aldaketa handiegia izanez gero erreaktorea kalte lezakeen beldur dira.

Aipatu duzue CSN izango litzatekeela zentralen iraupenaren inguruan zeresana izango lukeen bakarra. Ze egoeratan dago CSN ardura horri aurre egiteko?

R.M. Independentzia, gardentasuna eta mila begi behar dira. AEBetako erregulatzailearen saioak publikoak dira; Espainian zentsura ezarri da, teknikarien artean informazioa trukatzerik izan ez zezaten. CSN bahituta dago.

Zer esan nahi duzu «bahituta» esanda?

R.M. Japoniako egoera datorkit burura. Industria nuklearrak berak baino ez zuen informazioa sortzen, eta, azkenean, haiek esandako guztia sinetsi zuten; haiek esandako gezurrak eta hutsegiteak ontzat jo zituzten. Horrek gerora eragina izan zuen. Espainian zentral nuklearren jabeak dira CSNri informazioa emateko arduradunak; ez dago erakunde independenterik.

J.H. CSNren sinesgarritasuna kolokan utz dezake Garoñak. Sinesgarritasuna irabazi behar du. Helburua erabaki hobeak hartzea da, eta, horretarako, gardentasuna eta parte hartze publikoa behar dira.

Auzibideak hasteaz mintzatu zara. Europan ba al dago adibiderik?

J.H. Ukraina izan zen lehena. Auzitegietan atzera bota zuten, baina Espooko Ituna ezartzeko batzordeak aintzat hartu zuen eskaria. Gerora, Espooko Ituneko Bilkura batzartu zen, batzordearen erabakia babesteko. Aldiz, lehenengoz, bilkurak ez zuen babestu batzordearen erabakia. Hainbat estatuk blokeatu zuten: Frantziak, Finlandiak, Txekiak... Eta Espainiak. Ebazpenari aurrekari izaera ematen zion atala kanpoan utzi zuten.

Ze ondorio ditu horrek?

J.H. Kasu guztiak banaka aztertu beharko dira. Alegia, Ukrainan gertatu zena beste edozein zentraletan gertatuko balitz, prozesua hutsetik hasi beharko litzateke, ezaugarri bereko aurreko ebazpen bat aintzat hartu gabe.

BERRIAn argitaratua (2017/04/08)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA