astekaria 2017/04/13
arrowItzuli

iritzia

Galdu egin dugu

Hedoi Etxarte

Galdu egin dugu Hedoi Etxarte

Gaur zerbait bukatu da. Gerra txiki bat Lander Garrok idatzi zuen bezala (Susa 2014). Gaur gerra txiki bat bukatu da eta galdu egin dugu. «Askoz ere zailagoa da, noski, gerra bat galtzea irabaztea baino. Denek balio dute gerra bat irabazteko; denak ez dira, ordea, gerra bat galtzeko gauza» idatzi zuen Curzio Malapartek (Igela, 2015).

Galdu egin dugula diot nahiz eta —EHko herritar gehienak bezala—ETAren azken ziklo armatuari zentzurik ikusi ez badiot ere —meritu gutxi du, 12 urte neuzkan Lizarra Garazin— biolentzia ez dudalako errefusatzen testuingurua aztertu gabe —EHko herritar gehienek bezala—. Badakigulako biolentzia ez dela soilik ekintza armatu bat. Biolentzia zuzenaz gain badirela biolentzia egiturazkoa eta kulturala. Isaias Carrasco —ordainleku bateko langilea— hil zuten urtean —2008— 57 langile hil ziren Hegoaldean lan istripuetan. 2008tik 2016ra 33 emakume hil zituzten gizonek. Zortzi urte horietan 16.000 etxe-kaleratze egon ziren.

Eta beraz, bai, Espainiako Erreinuaren garaipena ez da demokraziaren garaipena. Ez Espainia demokrazia bat ez delako —ETAk 70eko hamarkadatik eta M15ak 2011tik esan duten bezala—. Baizik eta ETAren porrota hemen eta munduaren ordena aldatu nahi dugun guztion porrota delako —nahiz eta ETAren estrategia militarraren kontra egon; Ahal Duguk Hegoaldean huts egitea independentistentzako kalte izango den bezala—.

SESBen erorialdia SESBeko Alderdi Komunistaren porrot soil bat izan ez zen bezala —Susan Buck-Morssek (2000) idatzi bezala—. SESB «Mendebalde modernizatzailearen tradizioan sakonki sustraituta zegoen» eta beraz, ilustraziotik zetorren hipotesi oso batek egin zuen huts.

Alain Badiouk (2013) Engelsi ezetz esan zion: biolentzia ez da mundu berri baten sorrerarako erditzean dagoen mina, «biolentzia moteldu behar da, ahalik eta gehien mugatu, ia ez erabiltzeraino». Ala Joseba Sarrionandiak esan zigun bezala: biolentzia iraultzailearen helburua biolentzia guztien batuketa txikiagoa izatea da, ez handiagoa.

BERRIAn argitaratua (2017/04/07)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA