astekaria 2017/04/13
arrowItzuli

mundua

NAZANIN ARMANIAN

«Sirian ez dago Al-Assadekiko alternatibarik»

Samara Velte

«Sirian ez dago Al-Assadekiko alternatibarik»

22 urterekin egin zuen ihes Nazanin Armanianek (Shiraz, Iran, 1961) iraultza islamikotik. Zientzia Politikoetan lizentziatu, eta irakasle aritu da Espainiako eta Kataluniako unibertsitateetan. Erbestetik, zorrotz begiratzen du Ekialde Hurbilera. «Kontua ez da Obama edo Trump: AEBek aspalditik daukate Al-Assaden erregimena erorarazteko asmoa, euren hegemonia mantentzeko». Eraso kimikoa esku hartzeko «aitzakia» izan da: «Denborarik ere ez du eman ikertzeko edota frogatzeko nork erabili dituen arma kimikoak».

Azkenaldian, aldaketa bat nabaritzen ari zen Siriako gerrari buruzko diskurtsoetan: Al-Assad, etsai erabatekoa izateari utzi, eta kalte onargarri bihurtzen ari zen, eta geroz eta gehiagok ikusten zuten irtenbide posible bat, bera agintetik kendu gabe.

AEBen hastapenetako asmoa zen Sirian gobernua botatzea eta han aliatuak ezartzea, Iraken egin zuen bezala. Arazoa da Sirian oposizioa ez dela gai akordioak egiteko, zati bat Turkiak finantzatzen duelako, beste bat Saudi Arabiak, beste bat ziurrenik CIAk, Frantziak ere bai... Ezin dute gobernurik adostu. Ondorioz, lurralde txiki batean harrapatuta eduki dute Al-Assad, harekiko alternatiba bat topatu arte. Amaieran, hiru edo lau eskualdetan banatu behar zuten herrialdea: Turkiak izan zezala bere eragin esparrua, Saudi Arabiak eta Israelek bezalaxe; Al-Assadi Mediterraneo inguruko gune alaui bat utziko liokete. Turkia eta Errusia adosten aritu diren ituna norabide horretan doa. Atzo [herenegun], hain zuzen ere, trantsizio kontrolatu bati buruz hitz egin behar zuten Nazio Batuetan.

Akordioa bideratuta baldin bazegoen, zergatik orain erasoa?

Pentsatzen dut Saudi Arabiak eta Israelek bultzatu dutela Trump. Bospasei urte, gerran, denbora luzea da, eta Saudi Arabiak ezin du jarraitu talde armatuak finantzatzen, are gutxiago petrolioa apal egonik. Baina gerra ez da amaituko Al-Assad hilda edo boteretik kenduta: bera hilotz politiko bat da dagoeneko. Gerraren helburua ez da bera, baizik eta Iran: urrunetik higatu nahi dute, haren aliatu nagusiari —Al-Assadi— eraso eginez.

Itun nuklearrak ez ditu leundu AEBen eta Teheranen arteko harremanak?

Itunak mesede egin zien AEBei, batez ere Obamari, bere lorpen bakarra izan zelako atzerri politikan. Ez da gutxi: AEBetako presidente batek misil bakar bat igorri gabe Iranen gisako potentzia bati arma nuklearra eragoztea historian sartzea da. Baina trukean zigor ekonomikoak kendu behar dizkio, eta Iran potentzia erraldoia da, azken urteotan itota egon den arren. Zigorrik gabe, merkatuak jango ditu, eta horrek nagusiki eskualdeko hiru herrialderi egiten die kalte: Israeli, Saudi Arabiari eta Turkiari. Horrenbestez, akordioa boikotatzen ahaleginduko dira, eta Iran kanpoko gerretan higatzen. Zuzenean eraso egiteko potentzia indartsuegia baita Iran.

Siriako iparraldearen patua oraindik ebatzi gabe dago; han kurduek defendatzen dute euren lurraldea.

AEBek geroz eta gehiago erabiltzen dituzte kurduak eskualdean aurrera egiteko, eta gehienak erori dira tranpa horretan: ez soilik Irakekoak, bestela ere jauntxo feudalak eta eskuindarrak direnak; baizik eta baita ezkertiarrak izan ohi diren Siriako kurduak ere. Kurduei esker, AEBek jada bi base dauzkate Sirian; Al-Assadekin ezingo zuketen halakorik amestu ere, eta hura botatzen dutenean baseak hor geratuko dira. Hara: halakorik irudika ezin zezakeen hiru herrialde bakarrak Libia, Irak eta Siria ziren. Hirurak, Israelen aurkariak, eta hari aurre egin ziezaioketen bakarrak. Orain, Libian gobernua bota dute, Iraken ere bai, eta Siriakoaren bila doaz. Israel eroso geratuko da, bala bat jaurti gabe hiru etsaiak deuseztatuta. Eta horren prezioa izango da herrialde horiek hautsita geratuko direla, ez dietelako utziko berreraikitzen; bestela gizarte zibila antolatuko litzatekeelako, alderdi politikoak sortu... Nahiago dituzte huts egindako estatu gisa mantendu, horrela justifika dezaketelako AEBetako soldaduak edo NATOren «bake indarrak» bertan ezartzea. Ez dakit jokaldi argia ote den, orain ere ez baitaukate alternatibarik Al-Assadekiko.

Lehen aipatu duzu AEBen erasoak baliatu zituztela kurduek Estatu Islamikoari aurka egiteko. Zein ibilbide ikusten diozu haien iparraldeko autonomiari?

Autonomia hori ez dute euren kabuz lortu. Al-Assadek bere garaian sartutako ziri handi bat da: ohartu zenean Turkiak, Saudi Arabiak eta Israelek alde guztietatik erasoko ziotela, segada jarri zion Turkiari. Zerk egiten die min gehien turkiarrei? Autonomia kurdu batek. Beraz, Al-Assadek akordioa egin zuen kurduekin: armada iparraldetik erretiratu zen, eta hura defendatzen utzi zien, baita PKK-ko bandera jartzen ere. Ondorioz, Turkiak Siriaren aurka borroka egiteari utzi zion, eta kurduen aurka hasi zen. Kurduek aukera baliatu zuten Rojavako autonomia eratzeko; proiektu txikia, baina interesgarria. Orduan, gatazka sortu zen: eskualde hartan Errusia ere bazegoen, eta Turkiak ezin zuen bonbardatu Errusiarekin liskartu gabe. Gogoratzen zara Turkiak hegazkin errusiar bat bota zuenekoaz? Une hartan Mosku kurduak babesten hasi zen, eta hori ur handitan sartzea zen Turkiarentzat: Erdoganek [Turkiako presidenteak] berehala eskatu zion barkamena Errusiari. Gero, Errusiak salbatu zuen Erdogan estatu kolpetik; Pentagonotik planifikatu zuten, baina Moskuren zerbitzu sekretuek atzeman zuten, eta Erdogan bere hoteletik atera zuten hura bonbardatu baino hamar minutu lehenago. Trukean, Turkiak akordioa egin du Errusiarekin, eta onartu du Al-Assad boteretik kendu gabe beste irtenbide batera iristea.

Jokalari deserosoa bihurtzen ari da Turkia Mendebaldearentzat?

Hala da, ezin dutelako kontrolatu. Kontua ez da Erdogan antiinperialista bihurtu dela; arazoa da diktadore independentea dela. Errusiarekin zorretan dago, eta armak Txinari erosi nahi dizkio; NATOko kidea bazara, ezin duzu hori egin. Turkia inperio bat da: ez da geratuko amerikarrek zer erabaki zain. Begira zertan ari den Europan: harreman diplomatikoak eten zituen Herbehereekin. Bere buruari botere gehiago emateko erreferendumera begirako harrokeria keinuak dira.

Errusiaren eta Turkiaren arteko akordio hartan AEBak bazter geratzen ari zirela dirudi. Siria banatu eta Al-Assad mantentzeko aukerarik bada oraindik?

Txikiagoa da orain, baina baliteke, egoera ez bada gehiago gaiztotzen. Bonbardaketekin jarraitzen badute eta Errusiako soldaduren bat hiltzen badute, zuzeneko borroka sor liteke.

BERRIAn argitaratua (2017/04/07)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA