astekaria 2017/04/07
arrowItzuli

iritzia

Desarmatzeaz

Onintza Enbeita

Desarmatzeaz Onintza Enbeita

Litekeena da niri bakarrik gertatu izana, baina inoiz irentsi behar izan dut txistu garratza beste pertsona batekin biluztu naizenean. Handik behera ikus zezakeenak eman didan beldurragatik bakarrik, sendo eutsi izan diet begiekin aurrez-aurre biluztu zaidanaren begiei. Neuk buruz dakit neure gorputza bere zimur, jasotako poz, emandako min, sartutako hanka, ateratako mingain, ile zuri, sentimendu beltz, jandako azazkal, margotutako ezpain, irribarre eta malko guztiekin. Ez dakidana da, ordea, besteek hori guztia ikustea gustatzen zaidan. Tabernan beroki berriaren azpian izandako desparpajoa galtzen dut arroparik gabe. Armarik gabe gelditzen naiz: neure zulo guztiak bistan. Entregatzeko besterik ez, eta «hauxe da dena» esaten ariko banintz bezala. Orduan, aurrean dudanak horrekin nahikoa baino gehiago duela esaten badit esan gabe, guztia errazagoa da. Biok biluzik gauden seinalea da: bera ere desarmatuta dagoen seinale. Baina guztiok ez gara beti berdin biluzten. Badira batzuk beti gordetzen dutenak zerbait ikusten ez zaien lekuren batean, eta haien aurrean biluzten dena izugarri zaurgarri egiten du armak non dauden ez jakite horrek. Alegia, geure burua desarmatzen dugunean, behar dugula inguruan ditugunak ere desarmatuta egotea. Behar dugu besteak gu bezain biluzik daudela arnastea. Baina badira besteak desarmatu arte itxaron egiten dutenak ere: zertarako, eta azkenean beraiek ez desarmatzeko. Eta orduan zeure buruari errepikatzen diozu bazenuela zuk arrazoi bat zenbait zulo estaltzeko, zenbait min ez erakusteko, hain zaurgarria ez izateko, jantzita egoteko. Baina alperrik da. Behin biluzik ikusi zaituenak, hala ikusiko zaitu beti, janzten duzuna jazten duzula. Eta hala ere ariketa ausarta da biluztea. Zer gehiago kenduko diozu, zein akats aurpegiratu, arropak bere kabuz kentzeko beldurrik ez duenari?

BERRIAn argitaratua (2017/04/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA