astekaria 2017/04/07
arrowItzuli

iritzia

Armagabetzeaz

Miren Amuriza

Armagabetzeaz Miren Amuriza

Lagun baten sabel gainean belarria jarrita neukala sentitu nuen, hizketan hasten zenean, azalak bibratu egiten ziola. Orduantxe jabetu nintzen ez dugula eztarritik berba egiten, ezpada gorputzetik.

Niri bibrazio jakin batzuk transmititu izan dizkidate ETAren ibilbideaz hitz egin izan didatenean; zenbaitek konpartituko ditu eta beste zenbaitek ez, ziurrenik. Harrotasuna, hain almirante teilatura jaurti zutenekoaz edo hain zentral nuklear leherrarazi zutenekoaz mintzatzean. Beldurra, amorrua ere bai, halakok GAL-ekoak atzetik izan zituelako, bestelako torturatu zutelako, erbestean hil zelako beste hura... Tristura, hain bahiketa izan zenekoa edo hain aireportu zartarazi zutenekoa aipatzean. Poza, eta kezka, behin betiko su etenaren ondorengoez berba egitean.

Gloria Maria Bustamante psikologo kolonbiarrak (asteazkenean BERRIAri eskainitako entrebistan) bakea ez dela prozesu espirituala zioen, emozionala eta guztiz politikoa baizik. Eta non gorpuzten zaizkigu emozioak ez bada soinean? Hortixe kontatu gura nuke noizbait, euskal herriko gatazketako batentzat, inflexio puntu erabakigarria izan zela Baionako agerraldi hura: biharamunean munduak berdin-berdin jarraitu zuela itxuraz, farolak betiko orduan piztu eta amatatu zirela, baina gertatu zela klak bat jende askoren baitan. Eta klakada txiki haiei esker hasi zirela mugitzen pieza handiagoak.

BERRIAn argitaratua (2017/04/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA