astekaria 2017/04/07
arrowItzuli

iritzia

Klik eta klik

Manex Agirre

Klik eta klik Manex Agirre

Desarmatzea iragarri ondorengo bizpahiru asteotan gauza asko ari dira gertatzen, eta pena izango da, historiara larunbateko argazki bat (edo bi?) pasako direlako bakarrik, flash-etik flash-era funtzionatzen baitugu aktualitatearen kontsumitzaileok gaur egun. Itxaron egin beharko da, ea Murua Uria edo animatzen den, eta prozesuaren kronika xehakatu bat argitaratzen duen, bertan, seguru asko, lekua izango baitute berariaz beren burua larunbatekotik kanpo utzi nahi izan dutenek. Desarmatzeak, kasu horietan, gertaerari begira dagoena ispilatzeko balio baitu, gertaera pisuzkoek ohikoa duten eran. Mundu guztia ari da taldeko argazkian bere lekua aukeratu nahian, eta argazkian atera nahi ez izatea ere fotografoaren arreta deitzeko beste modu bat besterik ez da.

Batetik, apezpikuak daude, desarmatzea nahikoa ez dela esan dutenak, eta, harrigarriki, prentsa-ohar berbera erabili dutenak esateko euskal elizak bake-prozesuan inoren aurrean «hotz» edo «indiferentziaz» jokatu badu, barkamena eskatzen dutela (sic). Eliza beti bide-erakusle, baina kasu honetan trakets: eragile moral izaten ez du asmatzen, eta eragile politiko izan nahi. Ondo fokuratutako klik bat, argazkilariak.

Eta bestetik, Idoia Mendia dago, eta pila bat gustatu zitzaidan «ekitaldi folkloriko» kalifikazio hori. Atzo bertan (ustez) bere gertukoa den Rafaela Romerok prentsaren aurrean bestelako irudi bat eman zuen arren, Mendiaren zitak izan du benetako oihartzuna, besteak beste, bere hitzetan uler dezakegulako, zeharka, PSEren estilokoak ez diren ekitaldi masibo guztiek (Gure Esku Dago-tik hasi, eta presoen eskubideak langai dituztenetaraino) horixe gogorarazten diotela, folklorea, eta «beste bat gehiago» izango dela hau. Total, dena baita estilo-kontua, teleobjektiboaren aurrean zein poserekin agertzen garen. Eta beste klik bat, argazkilariak, ederki fokuratua, hori ere.

BERRIAn argitaratua (2017/04/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA