astekaria 2015/11/20
arrowItzuli

kultura

Kultura eta haur parkeak

Juan Luis Zabala

Kultura eta haur parkeak Juan Luis Zabala

Kultura elkarbizitzarako tresna ezin egokiagoa izan daitekeela diote orain behin eta berriro politikariek. Horixe da, antza denez, Donostia 2016ren filosofiaren muina. Baina elkarbizitzak ez al luke izan behar politikaren xedea, kulturarena izan beharrean? Zer hobe, elkarbizitzarako, hezkuntza eta osasun zerbitzu publiko ongi hornitu eta unibertsalak baino? Edo hondakinen kudeaketa garden, eraginkor eta osasuntsua baino? Politikariek ezin lortu duten hori lortu behar du kulturak?

Donostia 2016, Tabakalera eta Etxepare Euskal Institutua kultura elkarbizitzarekin lotzen duen ikuspegi edulkoratu horren ariete bihurtu dira azken urteetan, jo eta su, egitasmoz egitasmo eta prentsaurrekoz prentsaurreko, terminologia superkosmopolita eta hiperrabangoardiako bati atxikita eta hedabide hegemonikoek hauspotuta; are indar, askatasun eta alaitasun handiagoz hauspotuta, nabarmen, EH Bildu aginte gune nagusietatik desagertu eta gero.

Kultur adierazpenak indartu eta zabaltzeko baliagarriak dira, jakina, Donostia 2016, Tabakalera eta Etxepare Euskal Institutua, eta haien egitasmoetarako hautatako kultur sortzaile sufrituek zinez eskertzen dute jasotako bultzada. Sortzaile horiek, ordea, laguntzen dieten egituren guztiz menpeko agertzen dira jendaurrean, produktu publizitario huts bihurtuta ia-ia. Hori da, behintzat, nik daukadan irudipena. Sinergiak nabarmendu beharraren nabarmendu beharrez, azkenean ematen du sortzaileak azpiegiturak berak ekoitzitako produktuak direla, sinergiarik gabe ezer egiterik eta ezer izaterik izango ez luketen koitadu errukarri batzuk.

Beharbada guztiz okerra da nire pertzepzioa, baina Donostia 2016, Tabakalera eta Etxepare Euskal Institutuari, sortzaileekin duten tratuaren aldetik, haur parkeen gero eta antz handiagoa hartzen diet. Sortzaileak gustura eta askatasun osoan jolasten dira, noiz bakarka eta noiz elkarrekin, egitura horien barruan, haur bihurriak parkeetan bezala, baina ondo zehaztutako muga jakin batzuen barruan beti, guraso-begirada zorrotz baten pean une oro. Adibide esanguratsua izan zen Pottors ta Klito taldeak, Tabakaleraren inaugurazioan, emanaldiaren erdian Kortxoenearen aldeko pankarta ateratzeagatik jasotako errieta.

Haur parkeak leku ezin aproposagoak dira zein ume eder, bihurri eta maitagarriak ditugun erakusteko, zenbat eta bihurriagoak hobe, gure pazientziaren meritua nabarmentzeko. Gisa berean, artistak ere zenbat eta arraro eta ohitik kanpokoago, orduan eta luzituago sinergia kosmopoliten laudoriozko prentsaurreko eta party-etan. Hori bai: elkarbizitza modu jakin baten edo batzuen mugetan beti.

Azken orduko pedagogo aurrerazaleak —Francesco Tonucci da aipatuena inguru hauetan azkenaldian— haur parkeen aurka mintzatzen hasi dira. Ni, egia esan, guraso naizen aldetik, haur parkeekiko zordun eta esker oneko sentitzen naiz, haien aldeko, haiekiko zordun. Baina haur parkeen hain antzekoa izan behar al du kulturak? Hain parke?

Esango du norbaitek, eta izango du arrazoirik horretarako, kulturari laguntzen ez zaiolako kexatzerik ez dugunean kulturari laguntzeko moduaren kontra agertzeko premia ernetzen zaigula, egoskor, erraietan, patxikontra bokazioak hartaratuta edo. Baliteke hortik ere zerbait izatea. Dena den, ez da ahaztu behar kulturaren munduak eskatu gabekoak direla, kulturaren mundura goitik eroriak, Donostia 2016, Tabakalera zein Etxepare Euskal Institutua, eta kulturaren munduak egindako beste eskaera askori ez zaiela ezezkoaz besteko erantzunik eman. Eta oro har kulturaren espektakularizazioa ziurtatzen duenaren alde errazago egiten dutela erakunde ofizialek —azken batean horrek etekin politiko begi bistakoak eskaintzen dituelako berehala, oso epe laburrean—, kultura oinarritik abiatuta lantzen duten epe luzeko ekimenei baino.

Kortxoenearen itxiera oso adibide argi eta esanguratsua da, nabarmena. Baina Kalostra arte eskola esperimentalaren jarduna eteteko erabakia ere sintomatikoa izan daiteke. Itxiera hori zuritzeko arrazoiak ematean, eskola horren jarduna «opakoa» dela adierazi du Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatuak. Kontuz! Artistak libre, parketik kanpo!

«Historia, artea, sormena, errespetua eta elkarrizketa da kultura», idatzi du Eneko Goia alkateak Donostia 2016ko egitarauaren sarreran. «Sakontzea, errotzea, nortasuna, askatasuna eta mestizajea da kultura. Ekintzailetza, bokazioa, proiekzioa, industria eta aberastasuna da kultura».

Hitz horien arabera, mugarik gabeko eremu librea dirudi kulturak, baina hala komeni denean erakundeek ederki finkatzen dituzte mugak, ederki erakusten dute kultura, haien ikuspegitik begiratuta, haur parke baten ahalik eta antzekoagoa izatea komeni dela.

«Kultura sorkuntzaren parke oparo ekipatu eta hobeto zaindua da, sortzaileak gustura jolas daitezen, askatasun osoz eta nahi bezain bihurri izateko aukerarekin, baina, inor parketik irten ez dadin, agintarien zaindaritza egoki disimulatu baina beti zorrotz egikaritu baten pean», irakurri dut nik Eneko Goiaren esaldien azpian.

BERRIAn argitaratua (2015/11/17)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA