iritzia
Konfiantza
Mikel P. Ansa
Agertu dira lotu gabeko hariak, ordea, eta Jaurlaritzak begien bistan jarri ditu egunotan: Bilboko Metroaren hirugarren linea inauguratzeko ekitaldiari eutsi dio Urkulluk —aspaldi gordea zuen apirilaren 8a—, eta ez du Baionako ekitaldi publikoetan parte hartuko, nahiz eta artisauak saiatu diren ekitaldiak bateratuak izan zitezen. Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidenteak iragarri du Baionan izango dela, eta horrek, berriz, nabarmen utzi du Nafarroako Gobernuak Gasteizkoaren ildoari segitu diola, Barkos ere ez baita Baionan izango. Bai, ordea, Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria. Eta datu horrek erakusten du Iparraldeko eragileen artean jositako konfiantza sareak ez direla hedatu, ez oraindik behintzat, ez behar beste, Hegoaldeko eragileen artean. Erakusten du, era berean, Jaurlaritzak oihartzun mediatikoa apaldu nahi diela Baionako ekitaldi publikoei.
Urrats berriak egitea tokatuko da apirilaren 9tik aurrera. Badakite hori eragile guztiek. Kristian Herbolzheimer Conciliation Resources elkarteko kideak BERRIAn joan den astean azaldu zuen zer garrantzi izango duen, etorkizuneko urrats horientzat, armagabetzea gauzatzeko artikulatu den hirukoko eragile guztiak —gizarte zibila, instituzioak eta alderdi politikoak— «prozesuaren parte sentitzea eta eroso sentitzea». Baketzeak, izatekotan, euskal eragileen arteko adostasunak eskatuko ditu aurrena, Madrili eta Parisi exijitzekotan gero. Hegoaldeko ia alderdi eta sindikatu guztiek atzo Bilbon atera zuten argazkiaren bidea da. Baina lana hasi besterik ez da egin. Konfiantza asko daude ereiteko, eta errezelo gehiago desegiteko.