astekaria 2015/11/20
arrowItzuli

kultura

AKI KAURISMAKI

«58 urte ditut, baina zinema urteetan, 90»

Iñigo Astiz

«58 urte ditut, baina zinema urteetan, 90»

«Gorroto ditut nire pelikulak». Hamarkadak daramatza zinemagintza garaikidearen gorenean Aki Kaurismakik (Orimattila, Finlandia, 1957), baina ez du nahiko: eternitatea nahi du. Eta nekeza da zoriona halako absolutuekin amesten dutenentzat. Horregatik gorrotoarena. Ibilbide osoa darama esaldi hori errepikatzen, baina orain bigundu egin dela dio. «Tira, ez dira perfektuak. Inoiz ez ditut benetan gorrotatu. Baina asko falta zaie nik nahi nukeen bezain onak izateko». Aitortzen du inoiz heldu dela goia laztantzera, baina listo. Krimena eta zigorra (Rikos ja rangaistus, 1983), Calamari Union (1985), Ariel (1988), Iraganik gabeko gizona (Mies vailla menelsyyttä, 2002), Aldirietako argiak (Laitakaupungin valot, 2006), Le Havre (2011)... Bere filmografia osoan erakutsi duen begirada poetiko eta estilo pertsonala sarituko du orain Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Zinebi Jaialdiak. Gaur jasoko du Ohorezko Mikeldi saria, itxiera ekitaldian.

Aipatu duzunez, 1986an joan zinen azkenekoz zinema areto komertzial batera.

Landa ingurura joan nintzelako da, eta baita zineman programazio nazkagarria jartzen zutelako ere. 16 urterekin bihurtu nintzen maniako, saio berean Luis Buñuelen L'Age D'or eta Robert J. Flahertyren Nanook ikusi nituenean. Bizitza aldatu zidan horrek.

Inoiz sentitu al duzu berriz halako lilurarik filmen batekin?

Ez. Horren ostean, pelikula guztiak ikusten hasi nintzen. Programatuak izaten nituen hiruhileko bakoitzean ikusi beharreko film guztiak. Gero, urteko hiru pelikula filmatzen hasi nintzen. Gero, hamabi film egin nituen zortzi urtean. Orain, film bat egiten dut hiru urtean behin, eta ezta hori ere. Ni neu naiz gidoigile, zuzendari, ekoizle eta muntatzaile. Gaztaroko azkartasun horren ordaina da oraingoa. 58 urte ditut, baina zinemagintza urteetan, 90.

Calais ingurutik Londresera heltzen diren migranteak ditu ardatz zure azken lanak. Lantzen duzun gairik ilunena izango da akaso, baina, kontrastean, baita zure lanik baikorrena ere.

Maitagarri ipuin bat sortu nuen; ez nuen egin nahi iruzkin sozial bat. Jendearengan eragin nahi nuen, era baikorrean. Goxatzen ari naiz. Nire azken hiru filmak dira baikorrak.

Eta zergatik aldaketa?

Zahartzen ari naiz, eta biguntzen.

Damu zara horretaz?

Ez, hobe horrela. Mundua hain da etsigarria, ez diot tristurarik gehitu nahi. 80ko hamarkadan bestelakoa zen; oraindik baziren aukerak. Oraindik bagenituen aukerak. Orain etsigarria da.

Nola lantzen dituzu elkarrizketak? Izan ere, zure filmen %80 inguru izango da isiltasuna.

Ez da hainbesterako.

%75?

%60 inguru. Sei film egin ditut batere gidoirik gabe. Fokuak pizten zituztenean idazten nituen elkarrizketak. Gidoia dudanetan, aldiz, zehatz-mehatz jarraitzen diot. Ezarrita egoten da dena halakoetan. Zenbat egun hemen, zenbat han... Inprobisatzen dudanean, ez. Dena inprobisatzen dut. Gaua heltzean esaten diet taldekoei non filmatuko dugun hurrengo egunean. Calamari Union-en hala egin nuen.

Eta zein metodo duzu nahiago?

Inprobisatzean aske naiz. Baina gidoia ona denean, beti da metodo ona hari jarraitzea. Inprobisazioa hobea da film txikietarako; 30 langile baditut, ezin. Ez dago erdi biderik. Edo bata edo bestea.

Idazle izan nahi zenuen.

Hori zen jatorrizko ideia. Orri bat idatzi nuen 20 urterekin, eta hurrengo egunean irakurtzean, gaztetxo naif bat nintzela pentsatu nuen. «Itzuli 20 urteren ondoren», esan nion neure buruari. 40 urte joan dira, eta ez naiz itzuli. Oso alferra naiz.

Zure filmografiak kontrakoa dio.

Zinemako lantaldeak lanera bultzatzen nau. Bakarrik, orriaren aurrean, ez nuke ezer egingo.

Maiz esan izan duzu zure filmak gorroto dituzula.

Tira, ez dira perfektuak. Inoiz ez ditut benetan gorrotatu. Biguntzen ari naiz. Baina asko falta zaie nik nahi nukeen bezain onak izateko.

Zein da zure helburua?

Hil aurretik maisulan bat egin nahi dut. Baina orain beranduegi da. Iraganik gabeko gizona eta Pospolo lantegiko neska hurbil daude, baina ez dira maisulanak. Pelikula onak baino ez dira. Orain esaten dut onak direla [irribarrea]; halakorik ez nukeen sekula esango orain hogei urte!

Eta zer falta zaie?

Ez dut aski talentu.

Benetan uste duzu ez duzula?

Talentu aski ez dudala esan dut, ez talenturik ez dudala. Egungo edozein gaztetxoren gainetik nago, baina Orson Welles-eta ilargian daude, eta ni, hemen.

Industria indartsua du zinemak. Nola eutsi ahots propioari, dirua nagusi den munduan?

Dirua ez da inoiz arazo izan, ezta hasieran ere. Dirurik ez banuen, dirurik gabe egiten nuen pelikula. Filmatzen dudanean, erabat irensten nau lanak. Gogoan dut behin filmatzen ari ginela igarri nuela lantaldea haserre zebilela. Zer pasatzen zen galdetu nion laguntzaile nuenari, eta esan zidan bederatzi egun generamatzala filmatzen, eta langileek ez zutela fundamentuzko otordu bakar bat ere egin; ogia, gazta eta kafea baino ez. Pizzeriara eraman nituen denak. Bederatzi egunean bukatu genuen lana.

Filmak irensten zaitu.

Behin baino gehiagotan gertatu zait. Gainera, dirurik ere ez nien ordaintzen, eta normala zen haserrea. Gero ordaintzen diet. Hogei urte pasatuta. Iaz egin nituen Calamari Union-engatik [1985] egin beharreko ordainketak. [Barreak]. Izan ere, iaz berdindu ziren gastuak, eta orduan ordaindu nien. Beti egiten dut lan talde berarekin, eta aurrekontu ona dudanean bikoitza ordaintzen diet. Ordaintzen diet, beraz.

Lagun dituzu oraindik?

Aurreko astean deitu nituen nire gerrilla zaharreko kideak, eta esan zidaten dei horren zain zeudela. Kexu ziren ni filmatzen hasi ezean haurtzaindegi mailako filmaketetan egin behar dutelako lan. Aktorea bakarrik dago kamera digital ñimiño kaka horren aurrean, eta zuzendaria, kanpadenda moduko batean, monitore bati begira. Kanpadendak hain gustuko badituzte, zergatik ez dira boy eskaut egiten!?

BERRIAn argitaratua (2015/11/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA