astekaria 2017/03/31
arrowItzuli

bizigiro

BERRIAren estilo liburua sakelako telefonoetarako egokitu dute

Urtzi Urkizu

BERRIAren estilo liburua sakelako telefonoetarako egokitu dute

BERRIAren estilo liburuaren sakelako telefonoetarako bertsioa martxan dago atzotik. Pantaila txikian erabiltzeko praktikoagoa da, erabilgarriagoa. Erabiltzailea estilo liburuan telefono batetik sartzen denean, hasierako orrialdera, edo esteka baten bidez beste edozein orrialdera, automatikoki sakelakoetarako bertsioa ikusiko du, sakelakoaren pantailaren neurrira egokituta. Atal, orrialde, testu, taula eta irudi guztiak egokitu dira gailu eramangarrietan erosotasunez irakurtzeko, eta liburuan zehar nabigatzeko.

Kontuan izan behar da estilo liburuaren testuen egitura konplexua dela. Estilo liburu digitalak gero eta erabiltzaile gehiago ditu mahai gaineko ordenagailuetan—2013ko ekainean estreinatu zuten Interneteko bertsioa—. Hilean bi mila erabiltzaile baino gehiago ditu bertsio digitalak. Orain sakelako telefonoetan ere modu errazean erabili ahalko da. Testuen egitura konplexua egokitu egin da horretarako, pantaila txikian modu egokian erakusteko. Atalen indizeak ere egokitu egin dituzte, eta azpimenuak jarri dituzte errazago nabigatzeko. Munduko herrialdeetako fitxak ere eskuragarri daude sakelakoetarako bertsioan.

Bertsio berrian, hasierako orrialdea ere egokitu egin dute. Atal guztietara iristeko, menu tolesgarri bat izateaz gain, bistaratze bisual bat landu da, kolore bidezko blokeekin. Bilatzaileak, bestalde, lehentasunezko tokia du, eta beti dago ikusgai.

Estilo liburuaren blokeen artean, nola erabili jakiteko aholkuak daude, azkeneko aldaketak, galde-erantzunak, hiztegiak —tartean, gaikakoak—, Euskal Herriko eta munduko izendegiak, BERRIAk bete beharreko deontologia oinarriak, idazkuntzari lotutako irizpideak, Interneteko idazkeraren berezitasunak, ortotipografia, onomastika eta bibliografia. Era berean, iradokizunak egiteko toki bat ere badago. Herritarren ekarpenarekin aberasten baita estilo liburua. Galdera-erantzunen zerbitzuari dagokionez, BERRIAren Euskara Taldeko arduradunak berehala ahalegintzen dira herritarrei egindako galderei erantzuten. Galderetako batzuk Twitter sare sozialaren bidez egiten dituzte erabiltzaileek, eta, orain, sakelako bertsioari esker, adibideak eta argibideak errazago partekatzeko aukera izango da. Estilo liburuaren adibideak sare sozialen bidez partekatzeko aukera praktikoagoa edukiko dute erabiltzaileek aurrerantzean.

Estilo liburua telefonotik errazago erabili ahal izateko, sarbide zuzena sortzea gomendagarria da. Horretarako, telefonoaren nabigatzailearen bidez estilo liburuaren hasierako orrialdean (www.berria.eus/estiloliburua) sartzean, Hasierako pantailara gehitu funtzioa aktibatu behar da. Ikono bat agertuko da orduan sakelakoaren pantailan, bertatik Estilo liburura zuzenean sartzea ahalbidetuko duena.

Berrikuntzen gurpilean aurrera jarraitzen du BERRIAk. Neurri handi batean, BERRIAlagunen ekarpenari esker.

BERRIAn argitaratua (2017/03/29)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA