astekaria 2017/03/31
arrowItzuli

bizigiro

CASTILLO SUAREZ

«Banuen gogoa nire kanona egiteko, gustuko edukiak hautatzeko»

Urtzi Urkizu

«Banuen gogoa nire kanona egiteko, gustuko edukiak hautatzeko»

Euskal filologian lizentziaduna, iaz euskaltzain urgazle izendatu zuten Castillo Suarez (Altsasu, Nafarroa, 1976). Poesia pasioz bizi du, eta olerkiak plazaratzeko leiho egokitzat du bloga.

Zorionak! Zer esan nahi du zuretzat Iparraldeko neska blogarengatik sari bat jasotzeak?

Oso kontent nago. Sariarekin lortzen da nire helburua zena, eta hori da poesia euskaraz eta neurri handi batean emakumeena zabaltzea. Gainera, interesatzen zaidan modu batean zabaltzen da. Poesia oso bisuala da niretzat, irudiekin lotzen dut. Aspaldi neukan bilduma bat, nire testuekin eta beste idazle batzuen testuekin, eta blogak aukera ematen dit horiek zabaltzeko.

Olerkiekin batera, argazkiak argitaratzen dituzu. Nola egiten duzu argazkien aukeraketa?

Irudietan loturaren bat dago testuarekin, baina zeharkakoa. Gehienetan, emakumeak daude. Testuei dagokienez, kasu batzuetan itzulpenak enkargatzen ditut, eta eskerrak eman nahi dizkiet testuak itzultzen dituztenei. Testuen fondo bat dut, eta irudien fondo bat. Sarean ikusten ditudan irudiak daude tartean. Testuek eta irudiek kalitate minimo bat izan behar dutela ulertzen dut, BERRIAko plataforman daudelako. Irudiak ere kalitate parametro batzuen arabera hautatzen ditut.

Blogaren azalean testu baten izenburua bere argazkiarekin agertzeak ikusgarriago egiten du. Aldez aurretik zegoen horrela pentsatua?

Bai, baina egitura osoa egin izana BERRIAkoei eta Pello Urzelairi eskertu nahi diet. Duela bi urte, EHUko udako ikastaroetan saio bat eman behar nuen nire poetika azalduz. Hitzaldirako Iparraldeko neska erabili nuen, Anariren kanta bat oinarri —Bob Dylanen abesti baten itzulpena da—. BERRIAtik aspalditik ari zitzaizkidan eskatzen blog bat zabaltzeko, baina ez nuen neure burua iritzi emaile ikusten. Sormen blog hau, aldiz, ez dago egunerokotasunari lotua, eta denbora dudanean jartzen dut sarrera.

Saria pizgarria al da zuretzat blogarekin jarraitzeko?

Bai. Iruditzen zait literaturan batzuek markatzen dutela kanona: Etxeparek nor bidaltzen duen kanpora, hedabideetako kritikak, zer argitaletxerekin argitaratzen duzun... Kanon horietan sartzen zara, ala ez. Nik banuen gogoa nire kanona egiteko, nire gustuko edukiak hautatzeko.

Non topatzen dituzu gustuko olerkiak?

Espainian olerkigintza oso interesgarria egiten ari dela iruditzen zait. La Bella Varsovia argitaletxearen liburuak gogoko ditut, poesia berritzailea ateratzen dute. Blogaren bitartez, gustuko horietako batzuk euskarara ekar ditzaket. Euskarazko literaturan egile onak daude, baina ez dago berrikuntza handirik.

Blogari esker, olerki bat jarri eta instant batean Zeelanda Berrian irakur dezaketela irudikatzea ederra da, ezta?

Ez hori bakarrik. Liburu bat behar ez izatea dago hor. Liburu estandar batean 60 olerki inguru daude, eta 80 behar dituzu izan. Bestalde, azkenaldian gertatu zait olerkiak eskatzen dizkidatela ekitaldietarako. Olerki bat goizean irakurri, eta arratsaldean jarri izan dut sarean. Nabari dut asko biral bihurtzen direla memoria historikoarekin lotutako olerkiak; zer esana ematen dute, pertsonalak direnak baino gehiago.

BERRIAn argitaratua (2017/03/30)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA