astekaria 2017/03/31
arrowItzuli

ekonomia

Hemen ez dago bientzako lekurik

Xabier Martin

Hemen ez dago bientzako lekurik Xabier Martin

ELA sindikatuarekiko duen posizioa birpentsatu beharko luke EAJk. Xabier Arzallusek esana. Berritik tonu gogorra baino ez dauka albisteak, eta ohiz kanpoko ahots bat aspaldi honetan, mamiz ez baita berria. «Independentzia ekonomikoak» ELAren «kontrabotere eredua» inoiz baino urrutirago eraman du, eta gero eta handiagoa da horrek eragiten duen talka Hego Euskal Herriko erakunde gehienak gobernatzen dituen alderdiaren kontra. Legebiltzarrean egon gabe, oposizioaren rola betetzea lortu du Adolfo Muñoz buru duen sindikatuak. Europan, baita Euskal Herrian ere, sindikatu askok egiten dutena baino ez du egin, ordea: politika. Zergatik, hortaz, Arzallus, Urkullu, Ortuzar eta Rementeriaren erreakzio errabiatuak?

Lizarra-Garaziko atarikoetan Jose Elorrietak hasitako hausturak haustura, ELA etxekotzat duelako oraino Sabin Etxeak; bide okerretik doan ahaide batek eragiten duen amorruz dihardute EAJko kargudun batzuek, Iñigo Urkulluk lehen-lehenik: «Sindikatu horrek erakunde politiko-sindikala izan nahi du, eta nik ez dut onartzen». Erkidego bateko lehendakari bati ote dagokio erabakitzea sindikatuek politika egin ahal izatea? Adierazpen horren jarrera demokratiko eskasaren kargaz jabetu ote da Urkullu?

EAJko gidariak euren alderdiaren espazio soziopolitikoaren defentsan ari dira ELAri alderdi politiko bat sortzeko gonbita egiten diotenean: nire afiliatuak, sarritan, zure afiliatu ere badira, nire gorputz sozial berekoek osatzen baitute zure gorputz sozialaren oinarria. Ohar argia da Muñozen zuzendaritzarentzat: bientzat ez dago lekurik hemen.

Haatik, ELAk ez balu lan harremanak baldintzatzeko gaitasunik, EAJk ez luke horrenbesteko arazorik. Baina EAEko lehenengo sindikatua da 1980tik, %40tik gorako ordezkaritzarekin, eta, LABekin batera, gehiengo sindikala osatzen du hainbat lerro estrategikoren defentsan; egunero-egunero politika eginez, noski.

ELAren jarrera aldaketa nabarmentzen dute EAJn, krisi sakonak EAJren jarrera ere aldatu ote duen alde batera utzita. Enpresa eta enpresariak dira EAEko erakundeak gobernatzen dituztenen apustu argia. Demokristauen ekonomia gizatiarrak zenbat itogin liberal dauzka dagoeneko?

Manu Robles-Arangiz ELAko lider historikoa (1884-1982) hamabost urterekin afiliatu zen Xabier Arzallusen alderdian, Luis Arana Goirirena zenean. Alderdi horren inguruan sortutako sindikatu kristaua iragana da, EAJrekin jositako sare historikoa bizirik egon arren. Adolfo Muñoz berriro idazkari nagusi aukeratuko duen sindikatua da oraina, EAJren politikari oposizioa egiten jarraituko duen hori, Iñigo Urkulluri gustatu ala ez.

BERRIAn argitaratua (2017/03/27)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA