astekaria 2017/03/31
arrowItzuli

kirola

ALEX TXIKON

«Everestera bueltatuko naiz 2018an, ziur»

Unai Ugartemendia

«Everestera bueltatuko naiz 2018an, ziur»

Hamar egun eskas dira Alex Txikon (Lemoa, Bizkaia, 1981) Everestetik itzuli dela, 82 eguneko espedizioa egin eta gero. Luzea eta gogorra izan dela aitortu ostean, berriro ere itzuleran pentsatzen jarrita dago. Batetik bestera dabil egun hauetan. Irratiz irrati, telebistan, egunkarietan... Zortzi kilo galduta, nekea nabaria du aurpegian. Oinetako zauriak konpontzeko ahaleginean dihardu. Korrika iritsi da elkarrizketara, eta solasaldiak iraun duen bitartean hogei deitik gora jaso ditu. Korrika iritsi da, eta elkarrizketa egin dugun bitartean, hogei deitik gora jaso ditu. Zirimola baten bizi da. Haren amak esan duen moduan, «amaitu da bakea».

Egun batzuk badira berriro etxera itzuli zarela. Nolakoa izan da ongietorria?

Hasteko, oso harrera polita izan genuen aireportuan. Aste guztia irratietan eta egunkarietan pasatu dut elkarrizketak egiten. Belatxikietara igotzeko eta Gorbeiatik buelta polit bat egiteko ere aprobetxatu dut. Araotzen eskalatzeko eta aizkoran ibiltzeko ere hartu dut denbora.

Ez al zen arraroegia izan Everestera joan baino egun batzuk bakarrik lehenago argitzea hara zindoazela? Zergatik hain egun gutxi falta zirela?

Horrela egitea nahiago nuelako, bestela disko akastun bat ematen baitut. Askoz lehenago iragartzen badut, denak atzetik izaten ditut galdezka. Joan aurreko hilabetea oso nahasia izaten da bestela ere, eta horri gainera zalaparta hori erantsiko banio, ez nintzateke abiatu ere egingo. Ondo dago jendearen arretari azkenera arte mantentzea. Beste edozein bezala izatea gustatzen zait, beste edozein gaietaz hitz egitea, esaterako futbolaz... Egun hauetan Lemoan ezkutuan ibili behar dut [barreak]. Maitatua sentitzea oso polita da, baina ehun metro egiteko hamabost minutu behar ditut.

Noiztik zenekien Everestera joango zinela?

Maiatzaren hasieran jada baimenekin hasi nintzen, baina Txinatik joateko. Ez dakit zergatik, baina iparraldetik joan nahi nuen. Txinatik joanda aukera gehiago ikusten nituen, gehienbat Khumbuko ur-jauziarengatik. Eskualdea ez dut ezagutzen, baina beheko kanpalekua 6.400 metrora dago, desnibela ere txikiagoa da... Ibilbidea luzeagoa da, baina altueran ordu gutxiago dira, eta eguraldia ere ziurragoa da. Ia bi hilabete pasatu nituen asmo horrekin; ekainaren erdialdean, ordea, bertan behera utzi nuen.

Hasierako asmoa al zen Carlos Rubio eskalatzailearekin joatearena?

Ez, ez. Hasiera batean, Ali Sadpararekin joatekoa nintzen, baina Alik ez zuen zuzen jokatu. Nik gaia ezkutuan gorde nahi nuen, baina hark zabaldu egin zuen Everesteko proiektua. Lau gauzaz arduratzeko eskatu nion, baina ez zuen bat bera ere egin. Segurua ere begiratu behar zuen, itzulerako bisa ere eskatu behar zuen... Nik ezin dut guztiaren gainean egon. Hasierako asmoa harekin eta xerpekin joatea zen, baina hamabost egun falta zirela konturatu nintzen dena egiteko zuela. Zerbait gertatu izan balitz, nor izango zen erantzulea?

Nola izan zen Rubiorekin joatea orduan? Jendeak ez zuen oso ondo ulertu eskarmenturik gabeko batekin joatea.

Aitor Baez lagun eta eskalatzailearen bidez izan zen. Nik ere aurretik ezagutzen nuen. Sadpararena okertu zenean, bakarrik joateko aukera ere izan nuen, xerpekin. Baina niri ere gaztetan aukerak eman zizkidaten, eta, motibatuta ikusten nuenez, nirekin etortzea erabaki genuen.

Orain, erraza da hitz egitea, baina ez al zen arrisku handiko erabakia izan?

Ez, nik banekien noraino iritsiko zen. Banekien ia ezinezkoa zela, baina aukera bat zen. Hark hura ezagutzea ere nahi nuen, zer den, zer sentitzen zuen. Hala ere, zerbait gehiago emango zuela pentsatzen nuen. Irten aurretik gainean zeraman presioak ere ez zion asko lagundu: Desnivel-ekoek egurra eman zioten, eta esperientziarik ez duen pertsona bati asko eragiten dio. Handitxoa izan da harentzat. Hala ere, ez dut baztertzen berriro ere harekin espedizioren bat partekatzea.

Oso estututa nabaritzen al zenuen lanerako orduan?

Gauzak erakutsi nahian ikusten nuen. Besteei begira egoten zen eta nik askotan esaten nion: «Ez ezazu hainbesteko kargarik hartu». Aklimatazio ona egin genuen, baina hura beti azkar ibiltzen zen. Beti gehiago nahi zuen. Hasieran alferrik galdutako indarrak azkenean arazo bihurtu ziren. Lan asko egin zuen beheko kanpalekuan, baina bere gain sentitzen zuen presioak ez zion onena ematen utzi.

Lehen egun haietan, ikusgarria zen zenbat eskailera ipini zenituzten Khumbuko ur-jauzian.

Izugarrizko nahaspila da Khumbuko ur-jauzia. Beheko kanpalekutik bigarren kanpalekura 25 kilometroko bidea dago. Galduta dagoen haran bat da. Aldapa behera dagoen ur-jauzia denez, dena apurtuta dago. Seracak daude eta aldiro erortzen da. Ia mila metroko desnibela saihestu beharra dago lehen soka finkoak jartzen hasi arte. Denera, 40 eskailera jarri genituen. Bakoitzak 4,5 kilo pisatzen du. Sei eguneko lana izan zen bidea ekipatzea. Gorputza asko higatzen da horrelako lanetan.

Nola hartu zenuen Carlos Rubiok espedizioa utzi behar izatea? Hain gaizki al zegoen?

Helikopteroari deitzeko erabakia nik hartu nuen. Ez zen ibiltzeko gai, motxilarekin ez zituen lau pauso ematen. Buruko mina, gorputzeko arazoak... guztiek bat egin zuten. Niretzat, asko, min psikologikoa zen. Ez zion gorputzari bueltarik ematen, saiatzen zen arren. Haren segurtasunagatik hartutako erabakia izan zen.

Zailtasunak iristean, ez al zenuen esperientzia handiagoko jendearen falta sumatu alboan?

Ez. Xerpen lanak asko konpentsatzen du. Askotan, esperientzia handia duen jendeak ez du zama handia eraman nahi izaten. Xerpek euren gabeziak dituzte, baina egiten duten lana ikaragarria da. Zaila da askotan sokalagun onena zein den asmatzea. Pentsatzen hasiz gero, azken zazpi urteetan ni bakarrik ibili naiz neguko espedizioetan.

Rubiok espedizioa bertan behera utzi behar izateak zertan aldatu zizkizuen asmoak?

Ez zuen aldatu gure hasierako asmoa. Zazpi lagun gelditu ginen, nahiko talde polita zen oraindik gailurra lortzeko asmoarekin jarraitzeko. Sei xerpekin gelditu nintzen, baina indarrez ondo geunden.

Nolakoa izan da sei xerpekin lan egitea?

Ni nintzen arduraduna. Ni izan naiz pisu gehien eraman duena, baita lan gehien egin duena ere. Nik ibili behar izan dut gurditik tiraka. Gehienetan, atzetik ibili behar izaten nuen. Askotan, kostatu egiten zitzaidan erabakiak hartzea. Beti pentsatzen nuen: «Eta hauei zerbait gertatuz gero?». Hori gero bizitza guztirako zama izaten da. Haientzako ere konpromiso handiko espedizioa izan da.

Espedizioan konprometituta ikusi al dituzu?

Gauza batez konturatu naiz aurten. Nik, esaterako, urtean bi espedizio egiten ditut asko jota; haiek, ordea, lau. Zer gertatzen zaie? Azkar batean jartzen dira sasoiko, baina sasoia ere oso azkar galtzen dute. Denetarako azkar mugitzen dira, indar asko galtzen dute garrantzi gutxiko gauzetan. Ni, ordea, pausoz pauso mugitzen naiz, askoz ere kontrolatuago. Pentsa, espedizioaren azken egunetan askoz ere sasoi hobea nuen, gailurrera igotzen saiatu nintzenean baino.

Beheko kanpalekutik kanpo, 31 egun pasatu dituzu lanean altueran, inoiz baino gehiago.

Bai, Makalun 2005ean ere hogei egunetik gora pasatu nituen arren. Egun asko dira, bai.

Hitz egin dezagun gailurrera igotzeko saialdiaz. Nolakoak izan ziren egun haiek?

Izugarria izan zen. Bi taldetan banatu ginen. Aurrena, beheko kanpalekutik bigarrenera. Zortzi ordu eta erdi. Han egun bat igaro genuen atseden hartzen. Gu hirugarrenera abiatu ginenean, beste taldea bigarrenean gelditu zen. Hurrengo egunean gu laugarrenera joan ginen, eta bigarren taldea zuzenean bigarrenetik laugarrenera. Haize handia zegoen eta, hasiera batean, eguraldi ona egitekoa zen. Ez zuten asmatu. Oso baldintza txarretan ibili ginen, eta xerpek oxigenoa ere erabili behar izan zuten. 7.700 metrora geunden, eta ez nituen oso egoera onean ikusten.

Zer pentsatzen da horrelakoetan?

Udaberriko espedizioetara ohituta daude, beste baldintza batzuetara. Baina, hemen, baldintzak asko gogortzen dira, ni ere kaka eginda nindoan. Une hartan, 45 gradu zero azpitik egongo ginen, izugarrizko haize ufadak, ezin zutik egon... Nik laugarren kanpalekuan ordu batzuetan atseden hartu nuen, eta gailurrera igotzen saiatu nahi nuen. Ni bidea hornitzen ari nintzen; haiek, berriz, itzulerako bidea hartu nahi zuten. Nigan konfiantza izateko esaten nien. Hainbeste egun igaro eta gero, konfiantza asko nuen neure buruarengan. Dena kontrolatuta neukan.

Zer gertatu zitzaizuen orduan laugarren kanpalekuan?

Hara iritsi ginenean, zalantza asko zituzten. Nik lasai egoteko esaten nien, behin eta berriz. Haizea aldatuko zen esperantza ere banuen. Han kanpadenda muntatzen saiatu ginen, baina sei lagunen artean ez genuen lortu. Haizeak dendaren zati bat ere hautsi zigun. Hura konpontzeko, bertan zeuden kanpadenda batzuetara sartu ginen eta bi hildako ere ikusi nituen. Haizeak, dendaren sabai osoa pikutara bidali zuen. Orduan hartu nuen behera jaisteko erabakia. Gogoan dut bi minutu eman nizkiela dena prest edukitzeko eta jaisten hasteko.

Jaitsiera gogorra izan zen orduan.

Bai, denen atzetik jaisten hasi nintzen. Haiek oxigenoarekin zeuden eta nik ez nuen han gelditu nahi. Bizi-larritasuna sartu zitzaidan. Benetako beldurra pasatu nuen. Hirugarren kanpalekura iritsi, eta hantxe egin genuen lo. Xerpak oso larri zeuden, eta ezin genuen jarraitu. Gau guztia lo egin ezinik igaro nuen hotzarengatik. Goizean goiz jaisten hasi ginen. Halako batean, kristoren kolpea sentitu nuen. Ez nekien zer zen.

Zer pasatu zitzaizun burutik?

Artean ez nuen nire bizitza osoa irudikatuta ikusi. Kolpe handiena noiz iritsiko zain nengoen. Ehun metroko erorketa bat izan zen. Arnesa ere dotore gelditu zen! Torloju batek gelditu ninduen. Eskerrak mosketoia sokatik pasatuta gelditu zen; bestela, ez nuen kontatuko. Ondoren, izugarrizko harri pila erori zitzaigun gainera. Harri batek burua ireki zion Chapal xerpari. Bizitza salbatzearen poza sentitu nuen. Gezurra badirudi ere, oso pozik jaitsi ginen beheko kanpalekura.

Gertatutakoa gertatu eta gero, ez al zenuten espedizioa bertan behera uzteko asmorik izan?

hara iritsi ginenean kanpalekua desmuntatu nahi ziguten. Espedizioa bukatutzat ematen zuten agentziakoek, baina guk 75 egunetarako baimena genuen. Nik esan behar nien noiz amaituko nuen espedizioa. Istilu handia sortu zen, baina azkenean Katmandura jaitsi ginen eta bertan konpondu genuen. Ikaragarri ondo etorri zitzaigun aste hura.

Zer egin zenuten han?

Atseden hartzeko aprobetxatu genuen. Oinak berriro ere osatzeko aukera izan genuen, ur berotan sartuta eduki, ondo jan, lo egin...

Katmandutik bueltako saialdi hura ez al zen ideia ero bat izan?

Ez, ez. Dena muntatuta genuen, baina oso denbora gutxi geneukan. Oso indartsu sentitzen nintzen, baina aukerarik ez genuen izan eguraldiagatik. Argi geneukana saialdi bat egingo genuela.

Handik oso gutxira, amaitutzat eman zenuten espedizioa?

Martxoaren 15era arte nuen baimena. Oso denbora gutxi genuenez, onena espedizioa amaitutzat ematea zela erabaki genuen. Oso baldintza txarrak zetozen eta erabaki onena hartu genuela pentsatzen dut.

Triste eta minduta etorri omen zara.

Bai. Oraindik gauzei bueltak ematen nabil, pentsatzen dut oraindik han behar nuela. Sentsazio kontrajarriak ditut.

Zuk esana da asko kostatu zaizula erabakiak hartzea. Nola liteke, 30 espedizio egin eta gero?

Bai, talde bat nuen nire kargu, jende gaztea zegoen tartean. Dena nire eskuetatik pasatzen zen. Lanak banatzen saiatzen nintzen arren, dena nire gain uzten zuten, eta horrek gainkarga handia sortzen zidan.

Nola da posible horrelako espedizio bat egin eta gero, berriro ere Everestera itzultzekoa pentsatzea?

Datorren urtean Everestera itzuliko naiz, ziur.

Simone Moro eta Tamara Lungerrekin?

Ez dakit, etortzen badira, ongi etorriak izango dira.

Everestera bai, baina K2rako ahalegina egiteko asmorik ez al duzu?

Gonbita badut, baina oraingoz talde horretan talentua sobera dago, eta talde giroa falta da. Poloniako Gobernuak ordaintzen duen espedizio bat da. Oso jende indartsua dago tartean: Janusz Golab poloniarra, Dennis Urubko errusiarra... baina talde bat izatea falta da.

Udan beste espedizioren bat egiteko asmorik edo?

Ez, etxe inguruan ibiliko naiz. Asko eskalatu nahi dut, ikaragarri gustatzen zaidalako eta ederto pasatzen dudalako. Aizkoran ere egin nahi dut.

BERRIAn argitaratua (2017/03/27)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA