astekaria 2017/03/31
arrowItzuli

ekonomia

Bukatu gabeko eraikina

Ivan Santamaria

Bukatu gabeko eraikina

Ikatzaren eta altzairuaren produkzioa kudeatzeko proiektu komun bat izan zen Bigarren Mundu Gerraren ostean Europako eraikuntza oinarritzeko lehen harria. Industriaren funtsa, alegia. Urratsaren dimentsioa hasieratik azpimarratu nahi izan zuen Konrad Adenauer Alemaniako kantzilerrak, Bonnen bilduta zegoen parlamentu federalaren aurrean: «Proiektu honen garrantzia batez ere politikoa da, ez ekonomikoa». Baina 60 urtez Europa batuaren ideia hori esparru ekonomikoan garatu da. Aduana partekatuetatik merkatu bakarrera, moneta trukea arautzeko sistematik eurora.

Integrazio ekonomikoak bultzatu du politikoa. Hastapenetatik izan da horrela. Ikatzaren eta Altzairuaren Europako Erkidegoa martxan jarri zuten sei herrialdeak handik gutxira animatu ziren eta planteatu zuten defentsa komunitate bat sortzea, esparru militarrean ere lankidetza garatzeko. Frantziako oposizioak lurperatu zuen. «Europako eraikuntzarako esparru emankor bakarra ekonomia zelako ustea indartu zuen porrotak», dio Vera Zamagni autoreak Historia ekonomiko bat liburuan. Kontinentean hurrengo gerra eragozteko eta bake aroa betikotzeko modurik onena herrialdeen arteko lankidetza areagotzea zen. Desio horri erantzun zion merkatu komunaren proiektuak.

Erromako Itunaren xedea zen merkatu komun horren oinarriak ezartzea. Hamar urteko epean barne aduanak eta muga zergak ezabatzea adostu zuten sei herrialde fundatzaileek. Merkatuak irekitzeko borondatea sektore jakin batzuk babesteko erabakiarekin uztartu zen. Frantziak lehen unetik nekazaritzari lehentasuna eman nahi izan zion. Bultzada horrek distortsio eta eztabaida asko eragin zituen —batasuneko aurrekontuaren %75 izatera iritsi zen Nekazaritza Politika Bateratua—, eta Erresuma Batuaren eta fundatzaileen arteko polemika amaigabe bat gizendu zuen. Beste efektu garrantzitsu bat izan zuen barne merkatuaren liberalizazioa: lehen aldiz Europak, parte batek behintzat, ahots bateratu bat aurkeztuko zuen nazioarteko merkataritza eztabaidetan.

Europako proiektuak sakontzeko bidea hartu zuen ia hogei urtez. Bazkide berriak bildu zituen, eta lehen esperimentuak egin zituen diru politika koordinatzeko. 1970eko hamarkadan Europako Moneta Sistema sortu zuten. Herrialdeen artean truke tasak egonkortzeko saialdia zen, gorabehera handien ondorioz krisiak piztea eragozteko. Diruen arteko oreka horrek negozioak erraztu zituen, baina azkenean ekaitz espekulatibo batek eramango zuen aurretik, 1990eko hamarkadaren hasieran. Balantzan jarrita, horrelako sistema baten abantailak lehenetsi zituzten Europako agintariek, eta trukeak finkatzeko ideak bidea eman zion diru bakarrari.

Gerora euroaren krisian azaleratu diren arazoen oso antzekoak zituen Europako Moneta Sistemak. «Frogatu da 1992-1993 urteetako krisira eramango zuen bilakera oso aurrerapen egokia izan zela diru batasunean zer gertatuko zen iragartzeko », Harold James historialariak azpimarratu du Making the monetary union (Diru batasuna egiten) liburuan. Truke tasa finkoek zurrunegi jokatu zuten, eta kapitala periferiako herrialdeetara mugitu zen, prezio eta soldata inflazioa sortu, eta lehiakortasun galera eraginez. Hogei urte geroago kanpo faktore batek eragindako krisiak ahulezia berberak astinduko zituen moneta bakarraren sisteman.

Merkatu bat, lau askatasun

Merkatu bakarraren proiektua ez zen benetan finkatu 1985. urtean Europako Akta Bakarra sinatu zen arte. Zazpi urteko bidea irudikatu zuten herrialdeen arteko legedia harmonizatzeko eta elkarrenganako ezagutza lortzeko. Europazale historiko batzuentzat ahalegin itzela egin zen emaitza urriak izateko —«mendia arratoiaz erditu da», esan zuen Altiero Spinelli politika italiarrak, eredu federalaren defendatzaile porrokatua—, baina batasunaren eraikuntza betidanik ezaugarritu duen filosofia laburbiltzen du: motel, baina gelditu gabe.

Merkatu bakarra lorpen handiena da, eta lau askatasunetan irudikatzen da. Produktuek, zerbitzuek, kapitalek eta pertsonek mugitzeko askatasuna dute blokearen barruan. Garapen maila ezberdina izan dute —zerbitzu batzuetan, esaterako, ezin liteke hitz egin benetako merkatu bateratu bati buruz—, baina barne merkatuaren oinarria osatzen dute laurek. Horrekin batera, hainbat politika Europa mailan erabakitzeko urratsa egin zen. Lehia, garraioa, nekazaritza eta arrantza, eta politika komertziala horien parte dira. BEZaren ezarpenak zerga koordinazioa hobetu zuen, halaber.

Maastrichteko jauzia

Merkatu bateratuan sakontzeko erabakiak beste eztabaida batzuk piztu zituen. Argudioetako bat zen integrazioaren abantaila asko estaltzen zituela hainbeste moneta eta diru politika ezberdin izateak Europako Erkidego Ekonomikoaren barruan. Ekonomista askok hiruki ezinezko gisa izendatu zutena sortu zen. Uste zuten luzera begira baterazinak zirela kapitalen zirkulazio librea, truke tasa egonkorrak eta diru politika independenteak.

1988. urtean Europako gobernuburuek enkargu zehatza eman zioten Jacques Delors Europako Batzordeko buruari. Proiektuak ordura arteko apustuak bikoiztea zekarren, eta gaur egun dagoen arkitekturaren zimenduak ezarri beharko zituen: Ekonomia eta Diru Batasuna. Delorsek hiru faseko batasuna proposatu zuen. Kapitalen zirkulazioa erabat liberalizatuko zen lehenbizi. Ondoren, bost urteko epea finkatu zen politika ekonomikoen konbergentzia lortzeko. Azkenik, 1999. urtetik aurrera euroaren ezarpenari ekingo zitzaion, eta diru politika erakunde independente baten esku geratuko zen: EBZ Europako Banku Zentrala.

Europako eraikuntzari buruzko eztabaida sakonen garaia zen. Prozesu ekonomikoak lehenetsi ziren, baina arlo sozial edo politikoan nolako etorkizuna irudikatuko zen zegoen mahaian. Ekonomia eta Diru Batasunarekin aurrera egitea erabaki zen Maastrichteko Itunaren bidez, 1992. urtean.

Komeni da garai hartako talka ideologikoak gogoratzea. Itun berrian, Europako Batasuna prozesu federal batean sartuko zela propio aipatzeko asmoa zegoen. Ezinezkoa izan zen. Alde batean, Erresuma Batua zegoen, eta ezezko borobila eman zion aukera horri. Bestean, Alemania, batasun «atzeraezin» baten defendatzaile sutsua. Hogei urte geroago, ordea, Helmut Kohl kantzilerrak irudikatzen zuen borondate irmo hori urardotu da, eta Europa eredu federala hurbiltzen dituzten proposamen ekonomiko aurreratuenak blokeatzen dituen horma bihurtu da Alemania. Maastricht euroaz erditu zen, baina integrazio politikoa edo gizarte eskubideen ingurukoa oso hankamotz atera ziren.

«Ekonomia eta Diru Batasuna ez da helburu bat bere horretan. Europako Batasunaren helburuak sustatzeko eta herritarren bizitzak hobetzeko tresna da», dio prozesuari buruz Bruselak erabiltzen duen definizio ofizialak. Hala ere, proiektuaren mamia bihurtu da prozesu hori, hiru zutabetan oinarrituta. Moneta bakar bat, diru politika ikuskatzeko erakunde independente bat, eta politika ekonomikoak koordinatzeko arau sorta, Hazkunde eta Egonkortasun Itunean finkatuta daudenak.

Konbergentzia prozesuak ondorio asko eta sufrimendu ugari eragin zituen. Arazoak arazo, batasuna bururaino gauzatu zuten. 2002. urtean euroa kalera iritsi zen, eragiketa logistiko erraldoi baten ondoren. Europa batuaren ikur bihurtu zen berehala, oparoaldi ekonomiko batek lagunduta. Bitartean, gerra hotzaren garaiko banaketa gainditu, eta ekialdera zabaldu zen blokea. Europako Batasunaren antolakuntza instituzionalak zituen arazoekin alderatuta —Europako konstituzio bat onartzeko proiektua atzera bota zuten frantziarrek eta herbeheretarrek—, munduari aurkezteko moduko eraikin dotore baten itxura sendotzen ari zen batasun ekonomikoan, 2008an hasitako krisiaren suteak obraren arrakala guztiak bistan utzi zituen arte.

Adabakien aroa

Ingeniaritza kontzeptu batekin azaldu du Harold James historialariak euroaren krisia. «Ondo ezarritako aurrekontu erregimen eta finantza sistema egonkor bat izan gabe, diru batasunak grabitate zentro altuegia zuen, ezegonkortasunera eta ahuleziara bultzatu duena». Beste era batera esanda, diru batasunaren eraikina sostengatzen zuten pilareak ez dira behar bezain sendoak. Eraikina ez zegoen amaituta.

Asko idatzi da krisiaren jatorriari eta bilakaerari buruz. Europari dagokionez, koktel arriskutsu bati zor zaio. Kreditu toxikoak, bankuen arrisku handiegiek, desoreka makroekonomikoek, eta erantzuteko tresna bateratuen faltak hankaz gora jarri dute diseinu osoa. Finantza krisia hasi bezain pronto ikusi ziren arazoak. Bankuen salbamendua arazo transnazionala zen, baina herrialde bakoitzak heldu behar izan zion. Bankuetan dirua gastatu ondoren ekonomia errealak jasotako kolpea gehitu zitzaion, eta ordurako herrialde askoren finantza gaitasuna susmopean zegoen. Finantza merkatuetan euren kabuz finantzatzeko aukera galduta, hasi ziren erortzen herrialdeak, domino piezak bezala, Greziatik hasita.

Adabakien aroa hasi zen. 2007. urtean Lisboako Ituna sinatu zenetik, Europako Kontseilua boteregune nagusia izan da. Krisia goi bilera segida amaiezin batek irudikatzen du. Botere borroka horretan, ekonomia indartsuenaren tesia nagusitu da, Alemaniarenak. Erantzuteko, bitarteko mugatu eta baldintzapekoak jarri dira martxan. Erreskate funtsak, esaterako. Aurrekontu eta zerga politika komun bat ez daude agendan, ordea.

Lisboako Itunak jarri zuen EBtik ateratzeko modua, 50. artikuluarekin. Aldiz, diru bakarra uzteari buruz ez dago halako ezer. Euroak ez du atzera bueltarik, baina errealitatea egoskorra da, eta marra gorri guztiak zeharkatu dira krisiaren joanean, eta Greziari irteerako atea erakutsi zioten eurotaldeko bilera tamalgarri batean, azkenean gauzatu ez dena.

EBren etorkizunari buruzko kezkak euroaren geroari buruzkoa ilundu du, baina ez da bukatu. Erakina ez dago amaituta, eta arkitektoak ez dira ados jartzen.

BERRIAn argitaratua (2017/03/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA