astekaria 2017/03/31
arrowItzuli

ekonomia

Bere burua berrasmatu behar du

Irune Lasa

Bere burua berrasmatu behar du

Sei euskal eragile ekonomikori galdetuta, gehientsunenek ikusten diote alde onik EBri, baita alde txarrak ere. Arazoak dituela, horretan bat datoz denak, batzuek eta besteek arazo ezberdinak ikusi arren. Bere burua berrasmatu edo birpentsatu beharko duen Europa ikusten dute guztiek.

1Zertarako izan da ona Europako Batasuna?

2Zertarako izan da txarra Europako Batasuna?

3Norantz joan behar du orain Europak?

EMILIANO LOPEZ ATXURRA Petronorreko eta Tecnaliako presidentea

«Gure ongizateak Europako Batasun gehiago behar du»

1

Hori galdetzeak esan nahi du erabat ahaztu zaigula izualdi batetik gentozela eta Europaren historian izan dugun ongizate eta bake bidezko garai bakarrean bizi garela. Lezio honek gure DNAn itsatsita egon beharko luke, Europako integrazioaren motorra den heinean. Horixe da alde positiboa. Baita gure ongizateari, gure industriaren lehiakortasunari, gure sendotasun teknologikoari, gure azpiegiturei eta gure gizarte ongizateko programei eusten dieten oinarri partekatua ere: Europako Batasuneko politikak eta Europako Batasuneko kide izatea. Hori oso argi utzi behar da populismoen eta nazionalsozialismoko eredu berrien aurrean.

2

Nik ez nuke negatiboa esango, baina egia da integrazioak hazkuntzari dagokion arazo bat izan duela, aldez aurreko kohesio nahikorik gabe egin baita, Europako Batasuneko erakundeen sendotasun demokratikoaren kaltetan edo, hobeto esanda, Europako Batasuneko gobernu moduen gaineko zuzeneko kontrol demokratiko handiagoa izatearen kaltetan. 28ko integrazioa, Europako Batasunak gobernantza modu berrien eta kohesio fiskal handiagoaren ikuspegitik behar zuen birfundazioa egin gabe, eta aurreko hamarkadan sartu diren herrialdeetako trantsizio prozesua izan dira, 2008ko krisiarekin batera, Batasunaren krisia ekarri duen birusa.

3

Integrazio handiago baterantz, bere gobernantzaren geometria aldagarri baten bitartez. Jean Monnet-ek esan zuenez, egungo arazoak konpon daitezkeen esparrua izateari utzi diote iraganeko nazio burujabeek. Egungo Batasuna ez da biharko mundua antolatzeko moduetara garamatzan etapa bat baino. Zalantzaz betetako mundua, geurea. Hori dela eta, Batasuna inoiz baino beharrezkoagoa da, Europa deritzogun hau Eurasiaren mendebaldeko muturrean dagoen penintsula txiki eta zatikatu bat izan ez dadin. Gure ongizateak Europako Batasun gehiago behar du, egoismoagatik eta gure seme-alaben eta biloben ongizateagatik besterik ez bada ere.

EDUARDO ARETXAG Konfebaskeko zuzendari nagusia

«EB katramilatu du ia 30 kideraino handitzeak»

1

Ikuspegi historiko batetik, suntsitua utzi zuen gerra batetik ateratzen ari zen Europarentzat bere historiako bake eta oparotasun aldi luzeena ziurtatzeko elementu oinarrizkoa izan da. Merkatu bakarraren abantailak agerikoak dira: tamaina handiko barne merkatu baterako sarbidea; enpresa eta kontsumitzaileentzako arau bateratu garantistak; elkarlan ekonomiko, teknologiko, kulturalaren sustapena...

Baina EB askoz gehiago da. Espazio partekatu bat da, ez soilik eragile ekonomikoentzat, baita herritarrentzat ere. Segurtasunerako, askatasunerako, gizarte kohesiorako, eskubide eta bermeetarako (ekonomiko zein zibil) babesleku da.

Herrialdeen eta eskualdeen arteko elkartasun mekanismoak dakartza, ongizatearen zabalkundea erraztuz euren kabuz horiek lortzea oso zail izango zuten zonaldeetara; era berean, azkena bezalako krisialdien eragin negatiboak mugatuz.

2

Alde ahulenak bere funtzionamendu mekanismoetatik eta hartutako bizioetatik datozkio. Kide kopurua ia 30eraino handitu izanak guztiz katramilatu du EBko gobernantza, eta, horrekin, erabaki hartzea. Gainera, EBk dituen eskumen garrantzitsuekin, erraztu egin da hainbat arazoren errua Europari botatzen dieten mugimendu eta alderdi nazionalak agertzea.

Beste arazo bat herritarrek Batasuneko erakundeekiko duten urruntasuna da, neurri batean, haien hautatze prozeduren ondorioz. Horrek, maiz, ahularazi egiten du Europaren ideia, eta haren alde negatiboak gehiago ikustarazten ditu positiboak baino. Agian, Ez-Europaren arriskua planteatu beharko litzateke, haren abantailak argiago ikusteko.

3

Europak berrasmatu egin behar du bere burua, erabaki mekanismo arinagoak hartuz, erakunde hurbilagoak izanez, haiek herritarren parte hartze zuzenarekin legitimatuz. Are gehiago, proiektua bera ere birpentsatu behar du agian, abiadura desberdinak izanez esparru desberdinetan, herrialde bakoitzak bere integrazio maila bilatu ahal dezan bere herritarrak gustura sentitzeko.

Lehiakortasuna eta merkataritza zabalkundea sustatzen dituen Europa bat izan behar du, enplegua sortzeari eta gizarte kohesioari lehentasuna emango diena. Europa indartsuagoa: arrakasta osotasunean da, edo ez da izango. Osterantzean, Europaren rola gero eta bigarren mailakoagoa eta marjinalagoa izango da hurrengo urteetan.

LAURA GONZALEZ TXABARRI ELAko nazioarteko arduraduna

«Eduki sozialen gainetik, merkatu askatasunak jarri ziren hasieratik»

1

Europako Batasuna bere jatorrian, II. Mundu Gerra ostean kokatua, bakea, berreraikuntza eta eredu sozial bat eszenifikatzen zuen proiektua izan zen, I. Mundu Gerra ostean egindako okerrak ekidin nahi zituena. Egoera berezi hartan, (Sobietar Batasunaren gertutasunak suposatzen zuen arriskua ere kontutan hartuta), Europako Batasunaren jatorrizko herrialdeetan klaseen arteko konpromisoa, paktu soziala deitu izan dena, eman zen. Politika keynesiarren bitartez garai hartako hazkundeak sortutako aberastasuna ordurarte ez bezala banatu zen eta ongizate estatuaren oinarriak ezarri eta garatu ziren, bereziki eskandinaviar herrialdeetan eta Europako Mendebaldeko herrialdeetan. Europako beste herrialde batzuetan, ordea, eredu sozial hau ez zen inoiz garatzera iritsi (Espainiar Estatua, Portugal, Grezia...).

Testuinguru honetan sortu zen EB, baina esan behar da hasieratik, edozein eduki sozialen gainetik, merkatuko askatasunak jarri zirela proiektuaren oinarrian.

2

Europako Batasuna politika neoliberalak ezartzeko tresna bilakatu da. Hasierako eduki sozial hori guztiz alde batera utzi zen 1970eko hamarkadan, indar ekonomiko eta politikoek klaseen arteko konpromiso hori hautsi zutenean. Gizarteari eta herriei bizkarra emanda eraikitzen joan den proiektu antidemokratiko bat da gaur egungo EB.

Gobernuek diseinu gero eta korapilatsuagoak egin dituzte herritarrei galtzak estutu behar direla eskatzeko eta politika neoliberalak ezartzea beste irtenbiderik ez dagoela sinetsarazteko. Hortik kanpo zigorra besterik ez dago.

3

Eraikuntza instituzionala eta politikak errotik aldatu behar dira Europan, eta, horretarako, mobilizazio soziala ezinbestekoa da. Langileriaren zati handi bat EBrekiko kritiko edota kontrako bilakatu izanaren arrazoiak azaltzeko, brexit-arekin ikusi den bezala, immigrazioarekiko beldurra edota arbuioa aipatzen dira. Dudarik gabe, immigrazioak eragin handia izango zuen. Alabaina, jarrera kritikoa neurri handi batean, Europa gero eta antidemokratikoago eta ilunago izatearen ondorioa da.

Sozialdemokraziak printzipio neoliberalei jarraitu die, eta, horren ondorioz, eskuin muturrak eremu zabala aurkitu du aurrera egiteko, jarrera xenofoboak, askatasun eta eskubideak murriztearen aldekoak eta sistemaren aurkako jarrerak konbinatuz. Hala, muturreko eskuina indar erakargarri bihurtu da sozialdemokraziak ezarritako politiken ondorioak jasaten dituztenentzat. Derrigor-derrigorrezkoa da, beraz, eredu hau eta politika hauek errotik aldatzea; demokrazia indartuz eta politika ekonomikoak goitik behera aldatuz, aliantza zabal eta mobilizazio sozialaren bitartez.

BEA MARTXUETA LABeko Politika Sozialeko arduraduna

«Kapitalaren eta merkatuaren Europa da»

1

Tamalez, ezer onik ez diogu ikusten. Europako Batasunaren eraikuntza proiektua bera errefusatzen dugu. Zergatik? Batetik, ez delako Europako Herrien ez eta, herritarren parte hartzerik egon. Bigarrenik, ez direlako oinarrizko eskubideak bermatzen: babes soziala, kalitatezko enplegua, etxebizitza, osasuna, hezkuntza, emakume eta gizonen arteko eskubide eta aukerarik ez da bermatzen. Hirugarrenik, Europako korporazio transnazionalen mesedetan eraiki delako. Neoliberalismoaren oinarriak konstituzionalizatzen ditu. Laugarrenik, proiektu eurozentrista izan da hasieratik; migrazioaren aurrean gotorleku bihurtzen da Europa.

2

Kapitalaren eta merkatuaren Europa da. Horiek erabakitzen dute ze nolako politika publikoak egiten diren: printzipio demokratikoen, interes komunen eta langileon kontrako politikak dira. Gauzak aldatzeko, datu gutxi ikusten dira, Troikaren programek errezeta berberak aplikatzen baitituzte toki guztietan: fiskalitate erregresiboa, soldaten jaitsiera, negoziazio kolektiboaren ezeztapena, sindikalismoa eta askatasun sindikala erasotzea, pentsio sistema publikoak deusestea, zerbitzu publikoak eta estatuen ondasunak pribatizatzea...

3

Gure ustez, Europa Soziala eta Herrien aldeko Europa eraikitzera joko beharko luke. Zer esan nahi du horrek? Europako herriak europar eraikuntzako egitasmoaren subjektu bezala eratzea eta erabakiak hartzeko modua demokratizatzea finantza lobby-en inpunitatearekin amaituz. Interes komunitarioan, aberastasunaren banaketan eta Europako herrien baliabide propio, fisiko eta humano, material eta ukiezinen erabilera arrazional eta orekatua lehenetsiko duen garapen ereduan oinarritutako bestelako harreman ekonomiko eta sozialak eraikitzea.

Lankidetzan, elkartasunean eta herrien burujabetzan oinarritutako nazioarteko harremanen markoa sortzea. Iparraren eta hegoaren arteko ezberdintasunak gainditu beharko genituzke, EBren barruan zein kanpoan, mundu sozialki bidezkoa eta ekologikoki bideragarria posible eginez.

MIKEL HIRIBARREN ELBko eta arduraduna eta Confederation Paysanneko idazkari orokorra

«Berriz asmatu behar da zer ekoitzi, non, nola, zenbat»

1

Ipar Euskal Herria aspalditik hunkia izan da Europako nekazaritza politikaz. Baina zinez 1970eko hamarkadatik aitzina dira konturatu laborariak Europaren eraginaz beren etxaldeetan. 1975 ondoan hasi dira laguntza berezia hunkitzen mendialdetako artzainak. Duda gabe, laguntza erabakigarria izan da artzain askorentzat, artzaingoan irauteko, baizik eta artaldeak handitzeko.

Mendialdeak laguntza berezia eskuratu du Europatik. Eta hori ona izan da, oro har, gure Euskal Herri honetako leku malkarretan etxaldeak eta herriak bizirik atxikitzeko. Ezin erran, ordea, Europarik izan ez balitz, Frantziako estatuak laguntza berdinak eskainiko zituen gure lurraldeari.

2

Gehienbat gogoetan geratu diren oroitzapenak behi esne kotaren garaikoak dira, 1980ko hamarkadakoak. Helburu garbia zuen Europak: menperatzea behi esnearen ekoizpena, prezioak zaintzeko, eta esne gehiegikeriaren gastu jasanezina gainditzeko. Esne kuotak erabaki zituztenean, behartu zuten etxalde bakoitza esne neurri bat ekoiztera, ordu arte bakoitzak ekoizten zuenaren arabera. Zuzen kontrakoa zela diogu aspalditik NPB (Nekazaritza Politika Bateratua) diru laguntza.

Kalte asko salatzen dugu NPBren hautuen ondorioz. Lerro hauek urriegi dena kontatzeko. Adibide bakarra emateko, Europako laguntzak hektarea arau edo animale arau emanak zirela. Ardi edo behien kontuak gehiago hunkitu du Ipar Euskal Herria gure etxaldeak ez baitziren eremuz hain handiak. Animale gehiago eta laguntza gehiago ematen zuenez NPBak, hazi dira artaldeak, eta nahitaez gero eta gehiago etxaldetik kanpoko pentsuak eta alfafak erosi dira, etxaldetako autonomia ahulduz. Molde horretan nekazaritza beste garai batean sartu da, produktibismoaren garaian, dependentzia gehiago jasan behar duela pentsu eta mekanika saltzaile, banku eta aseguru etxe, eta esnetegiekin.

3

Nekazaritza guzia deseginen du Europak doan bidetik jarraituz. Nekazaritza elikadurari lotu behar da lehenbailehen. Eta Europako nekazaritza kalitatean eta kantitatean kudeatu behar da herritarrei galdetzea demokratikoki erabakitik abiatuz.

Erromako itunaren garaietan produkzioa garatzen asmatu zuten bezala, gaur egun berriz asmatu behar da zer ekoitzi, non ekoitzi, nola ekoitzi, zenbat ekoitzi? ezin da ekoitzi gehiegikerian orain bezala, herrialde txiroak itotzeko, eta Europan tokiko prezioak apalenean atxikitzeko.

BITTOR OROZ Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza sailburuordea

«Malgutasun handiagoa behar da politika bateratuen kudeaketan»

1

Nekazaritzaren ikuspegitik, Europak Nekazaritza Politika Bateratuaren baldintza ekarri du, baina sekula ez da erabat egokitu gure mendiko familiako nekazaritza eredura; haren diseinuak gehiago egiten du bat beste eredu lehiakorrago eta intentsiboago batekin. Hala ere, bere oker guztiekin, NPBk gure nekazaritzaren modernizazioa ekarri du, eta batez ere, estatuz kanpoko finantzaketa. 1980ko urte zailetatik zetorren sektorearen berregituraketa, merkatu berriekin, berrikuntzarekin, beste herrialde eta eskualdeekin elkarlanarekin... Eta gure elikagai industriaren garapen eta modernizazioa. Adibidez, egungo Errioxako ardoaren, edota txakolinaren booma ez zen posible izango 1980ko urteetan, Bruselako diruei esker, upategiek egindako inbertsio teknologikorik gabe. Eta Bruselatik finantzatutako ekintzek mendialdean eta kostaldean populazio galera eragozteko estrategia erraztu digute lehenik, eta, gero, sare ekonomikoa dibertsifikatzea, bizitza duin baterako zerbitzu eta ekipamenduekin.

Arrantza Politika Bateratuak, okerrak oker (kuota banaketa desorekatu eta arbitrarioa adibidez), balio izan du baliabideak modu arrazionalagoan kudeatzeko. Europako flotaren tamainari eta zabalkundeari esker, Europako Batasuna da liderra nazioarteko arrantza erakundeetan.

2

Alde negatiboez, Estatuak Euskadirekin hainbat gaien negoziazioan izandako jarrera aipatuko nuke. Adibidez, EEEra sartzeko baldintzekin Estatuak egindako negoziazio kaskarrak gure sektorearen garapena erabat baldintzatu zuen, flota murriztuz eta arrantzatokiak mugatuz. Arrantza Politika Bateratua bera ere ez da erabat garatu, kideen uzkurtasunengatik. Ezin da hitz egin baldintza berdintasunean jarduten duen Europako flota bati buruz , kuotak ez zaizkielako ontziei ematen, herrialdeei baizik.

Euskadiri EBrekin interlokuzio zuzena izatea falta zaio, gure lehen sektorearen interesak defenditzeko, interferentziarik gabe.

3

Gaiotan, Europak malgutasun gehiago behar luke politika bateratuen kudeaketan, haien aplikazioak lurralde bakoitzaren ezaugarri propioak aintzat izan ditzan. Nekazaritzan, mendialdeko familia nekazaritzarentzat bidezkoagoa izango den eredua behar da. Arrantzan, integraziorantz joan beharko luke Europak, kudeaketan arrantzale eta zientzialariei protagonismoa emanez, eta administrazioek arrantzaleen arteko elkarlana erraztuz, haien nazionalitatea gorabehera.

BERRIAn argitaratua (2017/03/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA