astekaria 2015/11/20
arrowItzuli

kirola

GORKA IRAIZOZ

«Athleticeko atezain postua ez da ez nirea eta ez inorena»

Unai Zubeldia

«Athleticeko atezain postua ez da ez nirea eta ez inorena»

Atezainaren bakardadea eta sona, bietatik dezente bizi izan du Gorka Iraizozek (Iruñea, 1981), baina gozatzen ari da denboraldi honetan. Athleticen atezain postuak daukan garrantziaren jakitun da, eta, umiltasunez, ez dio uko egin ligako laugarren postuari.

Sei partida galdu gabe, azken hirurak jarraian irabazita, eta Europako postuak bi puntura. Ez zen garai onena etenaldirako.

Tira... Horrela dago antolatuta lehiaketa, eta onartu beharra dago. Etenaldiaren aurretik bolada onean geunden, eta horri eusten saiatu behar dugu.

Hiru puntu lehen bost jardunaldietan, eta hamalau azken seietan. Zertan aldatu da taldea?

Hemen ez dago miraririk. Ligari ekin aurretik, Europako Ligan sartzea lortu genuen lehenik, Espainiako Superkopa irabazi genuen gero eta liga hasiera txarra egin genuen azkenik. Baina hiru egoeretan ere berdin-berdin aritu ginen lanean. Hor dago talde honen indarra, eguneroko lanean.

Partidako gol bat pasatxo sartu dizute orain arte, eta ligan bi partidatan soilik lortu duzue atea hutsean mantentzea. Alor hori hobetzea gustatuko litzaizuke?

Ez, ez; inola ere ez. Irabaziz gero, berdin-berdin zait golak sartzen badizkidate. Hiru puntuak lortzea da helburua, guk sartuak baino gol bat gutxiago sartzea guri. Nik bakarrik ez, guztiok nahi izaten dugu gol gutxi sar diezaguten, sendotasunaren seinale delako, baina elkarri gol bat edo bi sarzea baino gehiago da futbola.

Denboraldi-aurrean zalantzaren bat edo beste izan zen Herrerin edo Iraizoz, zein izango ote zen ligako atezaina. Beldurrik sentitu zenuen?

Athleticeko atezain postua ez da ez nirea eta ez inorena. Nik gogotik lan egiten dut aukera daukadanean jokatzeko eta maila ona emateko. Kazetarien kontuak dira horiek; nik inoiz ez dut pentsatu horretan. Eguneroko lanak jartzen du bakoitza bere lekuan. Bide horretatik iritsi nintzen Athleticera, eta horrela jarraituko dut.

35 urte beteta amaituko duzu denboraldia. Noiz arteko indarra daukazu?

Sarritan esan izan dut pixkanaka gozatu nahi nuela Athleticekin, eta hala ari naiz egiten. Ondo nago, nahiz eta urteak aurrera doazen eta gorputza gero eta gehiago zaindu beharra dagoen. 27-28 urterekin iritsi nintzen Athleticera, eta 34 dauzkat orain; ez da gauza bera. Errealitatea da hori. Baina umetatik izan naiz athleticzalea, eta hasierako indar berberarekin jarraitzen dut lanean. Noraino iritsiko naizen? Auskalo. Une bakoitzarekin gozatu nahi dut.

Etorkizunean, Herrerin, Kepa eta Remiroren esku dago Athleticen atea? Nor ikusten duzu atepean bospasei urte barru?

Inoiz ezin da jakin futbolean zer gertatuko den, egun batetik bestera igarotzen garelako zuritik beltzera, eta alderantziz. Atezain onak dauzka Athleticek, eta aukera izango dute. Baina guztien gainetik dago Athletic. Klub hau berezia izan da beti atezain postuan, eta hala segiko du.

Bilbon beste inon baino gehiago exijitzen zaio atezainari?

Ez dakit... Baina garrantzi handia izan du beti. Oso postu berezia da. Munduko atezainik onenetakoa eduki genuen, eta ispilu gisa daukagu egun. Athleticen asko maite dituzte atezainak, eta oso gertutik bizitzen da sentsazio hori.

Zer falta zaizu lortzeko?

Gauza asko! Baina jakin egin behar da oinak lurrean edukitzen. Bi aldiz eduki dut aukera Europako Ligako finala jokatzeko, eta ez dut irabazi. Arantza hori sartuta daukat, baina horrekin bizi beharko dudala uste dut. Athleticen, hala ere, oso modu berezian hartzen dira lorpenak; argi geratu zen Superkopan. Ikaragarria izan zen. Horrelakoetan ikusten da zein handia den Athletic.

Gaur-gaurkoz, ligako zenbat talde dira Athletic baino hobeak? Laugarren posturako borrokan sar zaitezkete?

Lortuta gaude, eta zergatik ez saiatu berriz? Gorago begiratu nahi izaten da beti, baina errealitatea errealitatea da. Edozeinen aurka irabaz edo gal dezakegu, eta horregatik diot intentsitatean eta egunerokoan dagoela Athleticen sekretua. Horrekin, gauza asko lortzeko gai gara.

Bide horretan, aukera ona daukazue etzi, Granadan, azken-aurreko sailkatuaren zelaian.

Eurek ere gauza bera pentsatuko dute, hori da arazoa. Etenaldiaren ondoren egoera irauli nahiko dute etxean, azken partidetan puntu asko galdu dituztelako azken minutuetan. Lehia amaitu ondoren aterako ditugu ondorioak.

Gutxitan ateratzen zarete futbol kontuetatik, baina azkenaldian aldaketa asko izan da Nafarroan. Nola bizi izan duzu zuk?

Urte asko daramatzat, jada, Iruñetik kanpo, baina familia bertan daukat, eta, eurak gogoan, beti egoten naiz adi. Beste leku askotan bezala, diru asko desagertu da Nafarroan, eta horrelakoetan aldaketa izaten da ondorioa. Beste agintari batzuk aukeratu ditu herriak, eta gogotik lan egin beharko dute nire familia eta nafar guztiak ondo zaintzeko.

BERRIAn argitaratua (2015/11/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA