astekaria 2017/03/24
arrowItzuli

ekonomia

'Brexit'-aren zipriztinak euskal lehen sektorean

Jon Fernandez

'Brexit'-aren zipriztinak euskal lehen sektorean

Bost egun barru abiatuko du Londresek, ofizialki, Erresuma Batua Europako Batasunetik ateratzeko prozesua. Nahiz eta oraindik orain zaila izan neurria hartzea, brexit-ak olatu handia sortuko du hainbat arlotan, han eta hemen; besteak beste, lehenengo sektorean. Londresko olatuaren zipriztinak Euskal Herriko arrantzara eta nekazaritzara ere ailega daitezke.

Alarmak piztu dituzte dagoeneko marinelek. Herenegun, Arrantzarako Europako Aliantza (EUFA) sortu zuten EBko bederatzi herrialdetako sektoreek: Alemania, Belgika, Danimarka, Espainia, Frantzia, Irlanda, Polonia, Suedia eta Herbehereetakoek. Brexit-aren negoziazioan arrantza lehentasunezko gaien artean sartzeko eskatu dute, asko dagoelako jokoan bi aldeetan. Ohartarazi dute dibortzio gogor batek EUFAko herrialdeetako 6.100 lanpostu suntsi ditzakeela, eta ontzidiaren %15 (500-600 itsasontzi). Aliantzak azpimarratu du gauzak ondo lotzea komeni dela, elkarren arteko menpekotasuna handia delako: EUFAko harrapaketen heren bat Londresen uretan egiten dute, eta britainiarren arrain esportazioen bi heren EBko merkatura doaz.

Garrantzitsuena espezie kuotak eta arrantza kalak mantentzea da EUFArentzat. Izan ere, Erresuma Batuko arrantza sektoreak eskatzen du euren urak «berreskuratzea», eta, kasu horretan, EBko arrantzaleak ezingo lirateke bertan sartu itunik egon ezean. Hala ere, negoziazio jarrera gotorra da oraingoz: Alain Cadec EBko Arrantza Batzordeko buruak esan du Bruselak ez diola utziko Londresi EBra arraina saltzen muga zergarik pagatu barik, baldin eta ez badie uzten Europako ontziei bere uretan sartzen.

Arrain kuotak jokoan

Eusko Jaurlaritza tentuz ari da gaiari erreparatzen. Leandro Azkue Arrantza zuzendariak azaldu du Erresuma Batuan arrantzatzeko balizko debekuak ez lukeela kalte orokorrik eragingo: soilik bi arrasteontziri eragingo lioke zuzen-zuzenean, biak Ondarroakoak (Bizkaia). Rackallen arrantzatzen dituzte batez ere oilarra, legatza eta zapoa, Eskoziatik gertu, urtean bi hilabetez.

«Badago kezka bertako uretan ezin arrantzatzearena, baina brexit osteko kuota banaketa da kezka handiena», zehaztu du Azkuek; izan ere, hemengo itsasontziak gehienbat Frantziako uretan ibiltzen dira, Bretainiako Bresteraino. Beraz, kezka nagusia arrantza kuoten banaketan dago. Erresuma Batuak arrantza kuota handiak ditu: EBko kuoten %30, nahiz eta ur azalera %13 baino ez izan. Airean dagoena da zer gertatuko ote den kuotekin Erresuma Batua EBtik joatean: berdin geratuko diren ala gutxitu egingo ote diren batasunean geratzen direnentzat.

Kuoten kudeaketak alturako zein baxurako itsasontziei eragingo lieke, ia espezie guztiei eragiten dielako. Londresek, esaterako, berdel kuota handia dauka. Gainera, han arrantzatu ez arren, hemengo itsasontzi batzuk badituzte Britainiako kaletako kuotak, gero hangoekin beste kala batzuetakoen truke aldatzen dituztenak. Banaketa gogorrarekin, trukerako aukera ere galduko litzateke.

Azkuek gogora ekarri duenez, «brexit-ean pisu handia izan du hango arrantzaleen haserreak. Ez zeuden eroso EBko arrantza kudeaketarekin: kuota gehiago nahi zituzten». Edonola ere, baikorra da, ez du uste dibortzio gogorra gertatuko denik: «Uste dut beste herrialdeetan moduko negoziazioa egingo dela: uretarako sarbidea merkaturako sarbidearen truke, bere garaian Norvegia eta Islandiarekin egin bezala».

Londresen diru ekarpena

Arrantzan legez, nekazaritzan ere marka utziko du banaketak. Igarriko da, bederen, diru banaketan. Izan ere, herrialde guztiek jartzen dute dirua EBko aurrekontuak osatzeko; baina Londresek ez du libera esterlinarik jarriko behin brexit-a gauzatuta. Eta haren falta nabariko da, diru emaile garbia delako: ipinitakoa baino gutxiago jasotzen du bueltan aurrekontuetatik. Aurrekontuen %10,5 jartzen ditu gaur egun, baina NPB Nekazaritza Politika Bateratuetan jartzen duena, esate baterako, %5 baino ez da.

2014an, adibidez, EBko aurrekontu orokorretan 20.100 milioi euro jartzea zegokion, baina 14.100 milioi euro jarri zituen: txeke britainiarraren bitartez 6.000 milioi berreskuratu zituelako automatikoki. Jarritako 14.100 milioi euro horietatik, Bruselak Erresuma Batuan inbertitu zituen 6.000 milioi: beraz, Londresek 7.100 milioi euroko ekarpen garbia egin zion aurrekontuari.

Txeke britainiarra Margaret Thatcherrek lortu zuen, 1984an, eta, finean, deskontu bat da: aurrekontuen zatirik handiena nekazaritzarako erabiltzen zenez —orduan %70; orain %40—, eta Erresuma Batuko ekonomian nekazaritzak pisu oso txikia duenez, Bruselak onartu egin zion deskontua. Nolanahi ere, txekea kontuan izanda, Londresek egiten du aurrekontu handienen artean bigarrena, Alemaniaren atzetik.

Aurrekontuak sei urteko aldirako onartzen dira, nahiz eta gero urteka-urteka xehatu. Gaur egun indarrean dagoen esparru aurrekontua 2014-2020 bitartekoa da. Urteko aurrekontua 145.000 milioi euro ingurukoa da; berez, ez da diru asko, EBko BPG barne produktu gordinaren %1 baino ez baita.

Bada, aurrekontu horien %40 NPBrako erabiltzen dira. Londresek dirurik ez jartzeak NBPren aurrekontua %5 txikitzea ekarriko luke: hau da, urtero 1.200-3.100 milioi euro gutxiago egongo lirateke. Europako Parlamentuko Nekazaritza eta Landa Garapeneko Batzordeak egin du kalkulua txosten batean.

Dirua baino gehiago, eredua

Nolanahi ere, alarmarako deirik ez du egin nahi Euskal Herriko Laborantza Ganberak. «Ez du erran nahi automatikoki hemen %5 gutxituko direnik laguntzak», ondorioztatu du Patxi Iriart EHLBko kideak. Aitortu du ez dutela gaia aztertu, eta ez dutela neurtzen ahal zer eragin izan dezakeen. «Merezi du brexit-aren eragina lantzea, baina gutxitzea ez da automatikoa izango laborari guztientzat».

Euskal Herriak urtero 220 milioi euro inguru jasotzen ditu NPBko aurrekontutik. Nafarroako nekazari eta abeltzainek 92,5 milioi euroko laguntzak jasotzen dituzte; Ipar Euskal Herrikoek, 79 milioikoak, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoek, 48 milioikoak.

Aurrekontua %5 txikitu ala ez, Ignacio Gil Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko zuzendari nagusiak uste du dirua baino garrantzitsuagoa eredua dela: «NPBk hobeto funtziona dezake Europako nekazaritza sektorera hobeto egokitutako eredu batekin, nahiz eta diru gutxiago izan aurrekontuan».

Sektorea ondo ezagutzen du Gilek, laboraria baita, eta EHNE nekazarien sindikatuko zuzendaritzako kide izana 2004tik. Pentsatzen du NPB ziztada ekonomikoa baino askoz gehiago dela, nekazaritza eredu bat ala beste ezartzeko tresna politikoa. Esne kuoten sistema kendu izana jarri du adibide, sekulako krisia eragin duelako, eta itxiarazi egin dituelako ustiapen ugari.

«NPB hau kaltegarria da, ez daukan aurrekontuagatik, daukan orientabideagatik baizik», gaineratu du Gilek. «Adibidez, eskubide historikoen auzia dago: ustiapen batek orain jasotzen dituen diru laguntzak oinarrituta daude, batez ere, 2000-2002 urteetako ordainketen erreferentzian. Lotura hori egotea ez da bidezkoa». Haren aburuz, sistema horrek kortse bat jartzen die ustiapen askotako ekinbideei; batzuek iraganetik jasotako eskubideak izateak gaurko proiektuak itotzen ditu.

Hain zuzen, oraintxe ari dira eztabaidatzen 2020-2027rako NPB. Martxoaren 27-28an, Madrilen izango da Gil, eztabaidarako. Eredua zehaztea funtsezkoa dela dio, baina aurrekontua ere garrantzitsutzat jo du: «Sektore batzuetan, diru sarreren %70 NPBtik dator; batezbestekoa %30 da».

Brexit-a mehatxu bat dela dio, baina badaudela mehatxu gehiago: Frantziako eta Alemaniako hauteskundeak, esaterako. «Emaitzak jakin arte, inork ez du planteatuko NPBren ereduari buruzko debate serio bat».

Barazkien esportazioetan ere izan dezake eragina brexit-ak; bereziki, Nafarroan. «Baditugu herriak urteak daramatzatenak barazki freskoak esportatzen Erresuma Batura. Erriberan, Ribaforada inguruan bereziki: brokolia, azalorea, kipula, eta abar». Oraingoz, «lasaitasun mezua» helarazi die Espainiako Gobernuak, ez duela eragin handirik izango egungo merkataritza ereduan, ez zaizkiela merkatuak itxiko. «Baina hori guztia ikusteko dago», Gilen iritziz.

BERRIAn argitaratua (2017/03/23)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA