astekaria 2017/03/24
arrowItzuli

gizartea

Feminismoaren funtsa horra: «Elkarrekin»

Arantxa Iraola

Feminismoaren funtsa horra: «Elkarrekin»

«Feministok honaino heldu gara, elkarrekin egon garelako». Feminismoan ardazten diren korronte eta mugimenduen uberetan arretaz entzuten da Mari Luz Estebanen ahotsa (Pedrosa de Valdeporres, Espainia, 1959). Harexena da aipua. Atzo Martin Ugalde Foroan, Andoainen (Gipuzkoa), eskaini zuen Feminismoaren erronkak hitzaldian jasotakoa. Jendea erruz hurbildu zen. Gogoetarako akuilurik onena itaunak direla oroitarazi zuen, eta ahotan hartu zituen horietako hainbat. Feminismoan dihardutenen anonimotasun gero eta lausoagoaz: «Nola puzten ari garen izen propio batzuk: zertarako». Erakundeetan egiten den lana ulertzeko eta ardazteko eraz: «Hierarkia sortzen da, horrek kezkatzen nau». Irabazi diren espazioetatik landa dagoen amildegiaz: «Pentsatu behar da zenbateraino den hori espejismo bat».



Basaurin (Bizkaia) egin zituen lehenbiziko urratsak feminismoan Estebanek, gaztetan, eta izan dituen lanbideak ere usu egon dira feminismoari lotuta: besteak beste, familia plangintzarako sortu ziren lehen zentroetako batean jardun zuen mediku, eta talaia hartan ikasitakoak nabarmendu izan ditu. Urte ugari daramatza EHU Euskal Herriko Unibertsitatean gizarte antropologiako eskolak ematen, eta, jardunbide horri atxikita gogoeta aski oparoak mamitzen. Horregatik, jakiteko eta entzuteko mina piztu ditu kaleratu berri duen liburuak: Susa argitaletxearen Lisipe bilduman ateratako Feminismoaren eta politikaren eraldaketak lanak. Urteotan -feminismoak izan duen eboluzio handian- bizi izandako bizipen kolektibo eta pertsonaletan oinarritutako gogoetak plazaratu ditu bertan.

Horrexen inguruan ardaztutako gogoetak ondu zituen, hain justu ere, hitzaldian, eta defendatu zuen, bereziki, feminismoaren jardun horizontala: parte hartzailea. Liburuan ere, haren xedearen berri ematean, argi eta garbi azaltzen du ideia hori: Baieztapenak borobildu baino galderak eragin, nahi dutenekin eta nahi dutenen artean solastatzeko: zahar zein gazte, aditu zein aritu, teoriko zein praktikante, profesional zein aktibista, feminista publiko zein anonimo, emakume zein gizon izendatu...

«Lausotzearen» kezka

Atzo aurkeztu zituen mezu asko ideien trukatze zabal eta askotariko horren defentsa irmoa izan ziren. Ez du dudarik: marxismoaren dogmarik zurrunenak lehen lerrotik apalduta, feminismoak berezko dituen hainbat ezaugarri «kultura politikoa berrikusteko» ezinbesteko tresna dira: «Erakunde politiko bat berritu nahi baduzu, jarri hor feminista bat». Aldiz, feminismoak nolabaiteko loraldi bat bizi duela ematen badu ere, adi ibili behar dela esan zuen. Egiten diren jarduera feministetan gero eta jende gehiagok badabil ere, feminista izenaren pean gero eta andre-gizon gehiago badaude ere, usu jarduera horietara «belarriak gozatzera bakarrik» joaten direnak gero eta gehiago diren susmoa du: «konpromiso faltaren» kezka, eta antolaketa gero eta «lausoagoa» izatearena. Eta abisu eman zuen: «Boterea ez da lausotzen».

Konpromiso gero eta ahulagoak mugimendu feminista ahuldu egin dezake. «Nire kezka da: nork zainduko du feminismoa? Mugimendu batek ere zaintza behar du, pertsonok bezala». Bide horretan jorratzeko hainbat bide egon daitezkeela adierazi zuen Estebanek, oraino gutxi goldatu diren hainbat lan ildo: «Kultura anarkistak, esaterako, zergatik izan du hain arrasto txikia gurean?». Aldiz, feminismoa erakundeetan txertatzera egin da -«erakundetu, profesionalizatu, espezializatu, burokratizatu egin da»-. Horren inguruko gogoeta eskatu zuen, ildoaren ebaluazioa. «Oro har, instituzioetan sartzea ongi iruditzen zaigu, pentsatzen dugu hortik etorriko dela aldaketa; nik ez dut hain argi». Abisu eman zuen berriz: «Instituzioek daukate gizarte mugimenduak neutralizatzeko boterea».

«Gurtzeko» izenak

Igaro urteotan aldaketa handia ikusi du, baita ere, gizarte mugimenduetan, oro har, anonimotasuna galtzera egin delako; izen jakin batzuen inguruan ardaztu dira sarri askotan. Feministak ere, zenbait izen «gurtzera» heldu direla adierazi zuen. «Herri mugimenduek anonimotasuna galdu dute; horrek kezkatzen nau. Feminismoa zerbait bada, kolektiboa da». Aurreko gizaldian, 80ko hamarraldian, sinadura kolektiboak ohikoak izaten zirela oroitarazi zuen -«matxinada zapatista baino lehenago ja horrelakoak egiten genituen»-, eta bestelako joerak direla gaur egun nagusi. Feminismoarekin lotutako ikasketak unibertsitatera -«hierarkiak dauden mundu horretara»- helduta ere, halako joerak indartzera egin dela uste du. Hortik, bestelako bideak ere urratzeko beharra. Eta ikusten ditu inguruan esperientzia aski interesgarriak Estebanek. «Gaur egun behar dugun horizontalatasunerako oso interesgarria da emakumeen etxeen fenomenoa». Egun bigarren mailan geratzen diren hainbat arazo -klasismoa, arrazismoa...- lantzeko aukera askoz ere handiagoa da, Estebanen ustez, eremu horietan.

Eta ezinbestekoa deritzo. Izan ere, euskal munduan -euskarazko hedabideen lana bereziki txalotu zuen- feminismoak espazio ugari irabazi baditu ere, eztabaida asko bazterrean ikusten ditu oraindik ere. «Zer egingo dugu euskal munduaren klasismoarekin? Zer arrazismoarekin? Ez dut uste horri buru gehiegi idazten denik, ezta feministek ere». Halaber, itxuraz feminismoaren loraldia sustatzen ari diren espazioetan ere etengabeko itaunak egin behar direla gogorarazi zuen: «Euskarazko hedabideetako irakurle guztiak dira feministak?». Gogoan hartzekoa iruditzen zaio, hala ere, igaro urteotan euskarak mugimendu feministan hartu duen tokia: ardatz izateraino. Orain bi hamarkada inguru errealitate hori ameste hutsa benetan zaila zela onartu zuen. «Euskal feminismoa euskaraz mintzo da; ez dakit hori gertatzen ari diren beste mugimenduetan».

ETAren jarduna amaituta, Euskal Herrian aro berri bat irekitzeko gakoak ezartzeko orduan feminismoak ekarpen handia egin dezakeela argi du. Besteak beste, «irakurketa kritiko» bat egiten lagun dezakeela uste du, eta ikusten ditu horretan bide urratzaile ari diren hainbat ahots. Hainbat emakume preso ohi egiten ari diren irakurketak «kualitatiboki eta sinbolikoki» garrantzi handia dutela uste du. Halaber, euskal pentsamendua «berritzeko» hatsa ikusten du feminismoan. Horretarako, plazan nahi ditu feministak: elkarrekin, ezagun eta ezezagunak. «Feminista anonimoak ezinbestekoak dira».

BERRIAn argitaratua (2017/03/23)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA