astekaria 2017/03/24
arrowItzuli

bizigiro

CARMEN BELAZA

«Esanen nuke euskara nire hizkuntza debekatua izan dela»

Iker Tubia

«Esanen nuke euskara nire hizkuntza debekatua izan dela»

Antzerkia ez du ogibide izan, bere ametsa hori izan den arren. Baina antzerkia maite du Carmen Belazak (Iruñea, 1950). Pasioa du, eta, horregatik, ogibideak baino gehiago, zaletasunak definitzen du: aktore amateurra da. Borrokak ere defini dezake haren ibilbidea. Antzerkiagatik ez ezik, euskararen alde ere borrokatu da, nahiz eta ez den euskaraz mintzatzen. Mañuetarra da, Iruñeko kale «magiko» horretakoa, baina orain Olletan bizi da (Nafarroa), sortzailez inguraturik. Solasean trebea da, antzerkia irakasbide ona izan baitu horretarako ere.

Olletan bizi arren, sorterria beti gogoan duzu. Mañuetarra zara.

Ez naiz Iruñekoa, ni Mañuetakoa naiz. Hori jende gutxik duen dohaina da. Oso harro nago mañuetarra izateaz. Kanpora noanean Mañuetako etorbidean bizi naizela esaten dut. Bertara iristen naizenean etxeko egongelara ailegatzen naiz.

Gazte hasi zinen antzerkigintzarekin?

Lehenbiziko urratsak 17 urterekin izan ziren, Beti Gazte antzerki taldean. Cristo Rey parrokiaren behealdean entseatzen genuen. Javier Baigorri izeneko mutil batek esan zigun antzerki talde bat sortu nahi zuela, eta 40 lagun bildu ginen. Gaur egun, nire senarra da Baigorri. Shakespeareren Veneziako merkataria obrarekin estreinatu ginen. Noski, ez genuen dirurik jantzietarako, eta, beraz, denborari egokitua zen.

Baigorriri esker lotu zintzaizkion antzerkiari?

Ordura arte, niri antzerkia gustatzen zitzaidan, eta, orduz geroztik, antzerkia maite nuen. Baigorrik guzioi erakutsi zigun antzerkia maitatzen: zentzuz irakurtzen irakatsi zigun; egun batean irakurketa egiten genuen, beste batean erritmoa, inprobisatzen ikasi genuen, baita ahoskatzen ere. Antzerki obra bat egitera joan ginen, eta esnatu egin ginen.

Talde aitzindaria izan zineten?

Konturatu gabe, eskola txiki bat sortu zuen Baigorrik. Ez zegoen eskolarik, Nafarroako Antzerki Eskola geroago sortu zen, eta guk ekin genion zaletasun honi. Antzerkigintza amateurrean ari ginenok jendearengana ailegatzen ginen, eta zaletu genituen.

Zer ikasi zenuen?

Antzerkiak dena erakusten dizu: egoten, errespetatzen... bizitzeko modu bat da. Antzerkiak erakutsi dit nire tokian mantentzen beti, nirea defendatzen, espresatzen, jendea errespetatzen... antzerkia ikastea da, egunero ikastea edozerengandik. Ez naiz antzerkitik bizi izan, baina bizi izan naiz antzerkirako.

Azkenean pasio hori ez zenuen ogibide izan. Zer gertatu zen?

Egiaren aitortzeko, ama asko lotzen zaituen pertsona bat zen. Fruta dendan handizkako erosketa egiten zuen, negozioa eramaten zuen gizonen modura, eta, beraz, egunero gizonei aurre egin behar izaten zien. Hari ez zitzaion ongi iduritzen nik antzerkia egitea eta Madrilera joatea. Hari lagundu behar nion. Hala, konformatu nintzen nire bizitza antzerki amateurrari dedikatuz, baina profesionala balitz bezala biziz.

Profesional gisa ez aritzeak zer alde txar zuen?

Amorrua ematen zidan batzuek ez zutela ganorarik. Ez ziren konturatzen antzerki talde baten oinarria —tira, edozein talderen oinarria— errespetua dela. Zu ez bazoaz, gainerakoengan eragina du. Dena ez da polita, polita emaitza da, landu duzuna publiko aurrean erakusten duzunean, baina lan horrek esfortzua eskatzen du.

Asko aldatu da antzerkia orduz geroztik?

Gaur egun, salmenta errazeko antzerkira jotzen da, antzerki komertzialera. Jendeak irri egin dezala, eta ez diezaiotela arazo handirik azaldu edo pentsatzeko gauza handirik eman. Antzerkia horren aurkakoa da. Antzokia betetzen duten obren tituluak ere, batzuk irrigarriak dira, baita iraingarriak ere. Baina hori da saltzen duena. Gu antzerkia egiten hasi ginenean ikasten genuen antzerki pobrea eta abangoardia antzerkia. Batzuetan, obra bat ikasten genuen, eta, gero, debekatu egiten zizuten, demagogiagatik. Obra guziek zentsura pasatu behar zuten, baina bazegoen barne gai baten bilaketa. Irri egin beharra dago, baina antzerkian ezin zaizkizu gustatu soilik deus esaten ez duten bakarrizketak.

Demagogia. Hori zen obra bat zentsuratzeko erabiltzen zen argudioa. Zuei tokatu zaizue?

Javierrek Los niños obra hartu zuen, berritasunez betea, esaten zenuenetik harago zihoana. Kartelak prestatu genituen, eszenatokia prest zen, eta Javierrek eskutitz bat jaso zuen: ezin ginela aurkeztu, demagogiagatik. Egia esateko, nik ez nekien hori zer zen ere. Kontua da Madrilen behin eskaini zuela Ana Belenek, eta zentsuratu egin zioten, eta ez zioten errepikatzen utzi. Eta gero guri hori ematea bururatu!

Nola egiten zuten kontrola?

Inspektorea gure aurrean eseri, eta entsegua ikusten zuen. Esaten zizun hau edo beste ezin zenuela esan. Herri batzuetan, obra gordeka prestatu behar izan genuen. Behin, herri batean, apaiza zen horretaz arduratzen zena. Esan zigun obra egiteko, bera herritik kanpo egonen zela, eta Guardia Zibila etortzekotan, herrira hark eraman gintuela esateko. Eszenatoki gainera igo, agudo bukatu, eta hanka egin genuen.

Metaforen loraldia izan zen?

Hainbeste zentsura zegoenez, beste esanahi bat zuten esaldiak erabiltzen genituen. Amnistia ezin genuenez esan, «beba anis Tia» [edan Tia anisa] esaten genuen. Edo, Fraga ezin zenez esan, «traga» [irentsi] genioen. Zentsura oso gogorra zen garai horietan.

Diktaduraren ondoren ere izan duzue arazorik antzezlanekin?

Amadis de Gaula taldearekin Patxi Larraintzarren El bardo de Izalzu [Itzaltzuko bardoa] obra antzeztu genuen. Hark idatzitako obra zenez, terrorista antzerako talde bat izatea leporatu ziguten. Toki batzuetatik ez gintuzten deitzen HBkoak ginelakoan.

Baina, batik bat, oroitzapen onak emanen zizkizun antzerkiak. Adibidez, Obanosko Misterioa-n parte hartu duzue. Nolatan?

Obanosko herritarrek parte hartzen zuten, baina Iruñeko aktoreek jokatzen genituen rol nagusiak. Javier Baigorri zazpi-zortzi urtez San Gillen izan zen, eta niri gustatu izanen litzaidake Santa Feliziaren rola jokatzea, Obanosko Misterioa goitik behera dakidalako, baina ezin izan dut egin. Besteak beste, adinarengatik ere, horrek eragina duelako, baina emakumeengan gizonengan baino gehiago. Beraz, Amokaingo emakumearena egin nuen.

Anekdota bitxirik baduzu agertokiaren atzealdean?

Obanosko Misterioa-n Sagrario Domeñok egiten zuen dorreko damaren rola, eta gripe batek jota ahotsik gabe geratu zen behin. Egunean bertan telefonoz deitu zidaten damaren rola jokatzeko. Ilusio handia egiten zidan, baina inoiz baino urduriago egon nintzen. Alde batetik, bertigoa dudalako. Bestetik, nigan konfiantza handia zutelako. Ez nekien noiz hasi behar nuen solasean eta noiz isildu; beraz, monjearena egiten zuenak, pareko dorretik, makila luze batekin abisatzen zidan hankan kolpetxoak emanez.

Hamaika istorio bizi izan dituzu oholtza gainean, baina baita azpian ere. Gerediaga elkarteak Argizaiola saria eman zizun iaz, beste batzuekin batera, euskararen alde egindako inurri lanarengatik. Ohorea da, ezta?

Asko pozten naiz aurten Argizaiola saria eman zidatelako, baina horren alde [euskarazko hezkuntza publikoaren alde] borrokatu ginen hamaika lagunetako bat baizik ez naiz.

Euskararen aldeko borroketako batean aritu zara, nahiz eta euskararik ez jakin.

Kontraesana da, bizitza osoa ikasten eman ondotik, seme-alabek leporatu didate ez dudala euskara ikasi. Ez dut neure burua gai ikusi horretarako. Baina, benetan diot, asko gustatzen zait jakitea non bizi naizen, zein diren nire eskubideak eta zer den kendu didatena. Irakurtzen hasten zarenean zeure buruari galdetzen diozu ea zergatik ez duzun zure herriko hizkuntza mintzatzen.

Etxeko giroagatik gerturatu zinen euskarara?

Nire gurasoek ez zuten euskararekiko kezkarik. Ama beti izan zen errebeldea, errepublikanoa zen, 11 urte zituenean aita hil zutelako Gerra Zibila deitzen duten horretan. Aurrera egin behar izan zuen, eta anitz borrokatu. Borroka izpiritu hori, berak bere kantuekin sortutakoa, nik nire garaietara aplikatu nuen. Euskararen alde borroka egin behar zela argi nuen. Haurdun geratu nintzenean, ikastola bat sortu zen [Arrotxapeko] Marcelo Zelaieta kalean. Leiho batetik sartzen zen. Dena ezkutukoa bezala zen. Nire semearen izena eman nuen han.

Zuk ez, baina zure ondorengoek badakite euskaraz.

Nire seme-alabek euskaraz egiten dute bikotekide eta haurrekin. Euskaraz mintzo diren bakoitzean hunkitu egiten naiz. Ez dakit euskaraz, baina nire sentitzen dut erabat, euskara nire lurrekoa delako. Are, esanen nuke euskara nire hizkuntza debekatua izan dela. Ez genuen euskaraz egin ez zigutelako utzi.

Arrotxapeko Herri Ikastola publikoa izatea nahi zenuten; izan ere, ordurako bazen udal ikastolarik Iruñean. Nola egin zenuten?

360 haur inguru ziren, eta denak udal ikastolan ez ziren sartzen. Denek elkarrekin zerbait egin genezake, baina banaturik deus ere ez. Eta horixe egin genuen. Denak elkartu ginen matrikula egiteko, eta, noski, gainezka egin zuen aferak. Batzuek lortu zuten sartzea, beste batzuek ez. Argi genuen denak ala inor ez behar zuela. Gaur egun bakarrik ezin da deus egin, indarra bilatu eta batu behar da.

Baturik jarraitu zenuten bukaerara arte?

Seme-alaben hezkuntza defendatzerakoan beldurrak gainezka egin dezake. Irailean, 90 haur genituen bakarrik. Baina ez zegoen beste aterabiderik. Hala, eskolak Gazteluko plazara eraman genituen. Eskola dinamikoak ziren, oso politak, eta, era berean, manifestatzen ari ginen. Horrek egoera agerian uzten zuen; beraz, berehala baiezkoa eman ziguten: Sanduzelai eskolaren erdia erabiltzeko baimena eman ziguten.

Borroka ez zen bukatu. Bidea oztopoz beterik izan duzue beti.

Banatu zituzten euskarazkoak eta gaztelerazkoak. Haurrek «euskaldun putak» deitzen zieten, eta jolastokian harriak botatzen zizkieten. Gure haurrek euskaraz egiteko —gaztelerara aise jotzen zutelako, erabat erraza zelako—, bertan bazkaltzen uzten genituen, baina ez genuen jantokia erabiltzeko aukerarik. Ogitartekoa eraman eta parkean jaten zuten. Egun batean kazkabarra bota zuen gogotik, eta, karatea egiten nuenez, leihoari ostikada eman nion jantokian sartzeko. Jantokia hutsik zegoen. Ez zegoen eskubiderik, gure haurrak kanpoan bustitzen bertan sartzeko aukera egon arren. Jantokia lortzeko borroka hasi zen, diruz lagundutako jantokia noski, auzotik kanpo joan behar genuelako.

Gaur egun kontuan hartu beharko lirateke euskararen aldeko borroka horiek?

Gogoratu beharreko borrokak dira, politak izan zirelako. Oztopo anitz genituen, udalera eta gobernura joaten ginen, eta atzeko atetik ihes egiten zuten. Baina horrek indartsu egiten zaitu, eta ez duzu amore emateko inolako asmorik.

BERRIAn argitaratua (2017/03/18)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA