astekaria 2017/03/24
arrowItzuli

iritzia

Andereño Mi

Miren Amuriza

Andereño Mi Miren Amuriza

Andereño Mik 24 ume edukitzen zituen gelan, egunean sei orduz, astelehenetik barikura. Tartean, ni lako txaplatak, goizeko bederatzietatik arratsaldeko lauretara haren amantaletik askatzen ez ginenak. Andereño Mik ipuinak kontatu eta gailetak banatzen zituen, txirula jotzen zekien, baita gutako bakoitzaren urtebetetzea noiz zen ere, Ran-robe-ran kantatzen zuen eta oso ondo zaintzen gintuen. Eta egun batean pentsatu nuen nork zaintzen ote zuen Andereño Mi. Nork zaintzen ote dituen lanean hasi berri diren irakasle gazteak edo metodologia berrietara egokitu ezinik dabiltzan beteranoak. Gauerdira arte azterketak zuzentzen egoten direnak, astelehen goizetan pazientzia eta bariku arratsaldeetan ahotsa galtzen dutenak. Beren arlokoa ez den materia bat irakasten dihardutenak, klasetik klasera kafe-makinatik pasatu beharra daukatenak, ikasleen familiekin arazoak dituztenak... Ebaluazio bileretatik etsita ateratzen diren tutoreak edo estresak jota baja hartzear daudenak. Nork zaintzen du ordezkoaren ordezkoaren ordezkoa?

Andereñok Mik ere greba egingo zuen atzo. Eta gaur, umeak ipuintxoa entzuten adi-adi dauzkala ikustean, pentsatuko du zer demontregatik ez ote duten gobernuek Hezkuntza Sistema publikoa zaintzen. Jakin gura nuke zenbat parlamentarik bidaltzen dituzten seme-alabak ikastetxe pribatuetara eta zenbatek publikoetara.

BERRIAn argitaratua (2017/03/22)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA