astekaria 2017/03/10
arrowItzuli

bizigiro

Betiko argia, 'lux perpetua'

Edu Lartzanguren

Betiko argia, 'lux perpetua'

Silvia Ceñal harro dago bere Macaron lanparari begira. Diseinatzailea da emakume donostiarra, eta, irailean, Parisen aurkeztu zuen diseinu feria batean. Lehen berak fabrikatzen zuen, baina, orain, Lituaniako altzari enpresa batek erosi dio lanpara egiteko eskubidea, eta han ari dira sortzen, mundu osoan saltzeko. LED argia erabiltzen du lanparak. «LEDak errazagoak dira diseinatzaileontzat, eta aukera gehiago ematen dizkigute», esan du Ceñalek. «LED tirekin nahi duzuna egin dezakezu».

Smart Kale bat jarriko dute Donostiako Altza auzoan datozen hilabeteetan, duela bi aste iragarri zutenez. Zerk egiten du kale bat adimendun? LED argiekin ordezkatuko dituzte orain arteko sodiozko lurrinezko kale-argiak. Izan ere, diseinuaren munduan ez ezik, hiriko argiztapenean ere aukera handiak ematen ditu LED teknologiak.

Juan Genuaren Leycolan enpresak jarriko dio adimena Altzako kaleari, eta zenbakiak eman ditu: oraingo kale-argi batek 450 watt gastatzen ditu, 20.000 lumen emateko ?nazioarteko unitate sistemak ezarritako argitasun unitatea da lumena?. LEDezko kale-argiak 200 watt gastatuko ditu argitasun handixeagoa emateko. «Lumen gehiago eta argi hobea», esan du Genuak.

Leycolanek Donostiako teknologia parkean duen bulego handian dago Genua. Han dituzte hainbat LED lanpara piztuak, instalatu aurretik 24 orduz probatzeko. Haiek diseinatu dituzte kale-argiak, eta Irungo Gureak lantegian (Gipuzkoa) muntatzen dituzte. Dagoeneko, argiztapen adimenduna ezarri du Genuak Izaban (Nafarroa), Zarautzen, Errenterian, Gabirian eta Oñatin (Gipuzkoa).

Haitzen legea

Nola liteke gastuaren erdiarekin argi gehiago ematea? «Haitzen legea da», azaldu du Aitor Bergara EHUko fisika irakasleak. Lege horren arabera, hamar urtean lortzen da LEDek hogei aldiz argi gehiago ematea, hamar aldiz merkeago.

LEDen garapen ikusgarria azken urteotakoa da, baina argia ematen duen diodoa (Light-Emitting Diode) aspaldikoa da. Ikusteko moduko argia ematen zuen lehen LEDa Nick Holonya ingeniariak sortu zuen, 1962. urtean, eta gorria zen. Hamar urte itxaron behar izan zuten lehen LED horia ikusteko. Kalkulagailuetan eta beste hainbat tresna elektrikotan erabili dira aspaldi, baina 1994. urtean hasi zen argiztapenerako jauzia, Shuji Nakamura japoniarrak argitasun handiko lehen LED urdina sortu zuenean.

LEDak, teknologikoki, «tontakeria handia dira», Bergararen arabera: «Bi erdieroale, bata positiboa eta beste negatiboa. Sarera konektatzen direnean, ur-jauzi batean bezala erortzen dira elektroiak, eta erorketaren energia argi bihurtzen da». Nolatan hobetu dira argiztapenerako LEDak horrenbeste eta horren azkar? «LEDak erdieroaleak dira, eta horren industriak ez du zerikusirik bonbilla klasikoen industriarekin. Antz handiagoa du ordenagailuen industriarekin, txipak ere erdieroaleak direlako», azaldu du Bergarak. Gaur egun, laborategietan dituzten LEDak salgai daudenak baino askoz eraginkorragoak dira; beraz, aurrerantzean ere merkatuko dira.

Egun, lanparak aldatuta, udalek %50 aurrez dezakete kale-argi bakoitzean, esaterako. «Baina askoz gehiago lor daiteke: %80 inguru», esan du Felix Ezkurrak. Teknikaria da Leycolanen, eta argiztapen adimenduna zertan den adimenduna azaldu du: LED kale-argiok mugimendu sentsoreak dituzte, eta, gaueko ordu txikietan inor ez badabil kaleotan, gutxieneko kontsumo moduan jartzen dira. Norbait ?pertsona bat, auto bat, bizikleta bat? sumatu bezain pronto, argitasun osoa ematen dute. «Orain, mendi bideetan ere argiak piztuta daude goizeko hiruretan ere», esan du Ezkurrak, alferrikako gastua salatzeko.

LEDaren elektronikak ematen du aukera nahi bezala kontrolatzeko. Leycolanekoek sare elektrikoaren bidez kontrolatzen dute lanpara bakoitza. Teknalia zentroko bulegoan, azpiko lanpostuan norbait ote dagoen antzematen du argiak, eta, ez badago, jaitsi egiten du indarra. «Horrela, haiek %80 aurreztea lortu dugu», esan du Genuak.

Independentzia

Gabiria herritik ere pasatu nahi dute goi tentsioko autobide elektrikoa, Ezkio eta Itsaso (Gipuzkoa) eta Deikaztelu (Nafarroa) artean egin nahi dutena. Halakorik ez dela behar erakusteko, argiztapen adimenduna ezarri zuen udalak 2011. urte aldera. Asko aurreztu dute haren bidez, eta, orain, harago joan nahi dute, «dependentzia apurtzeko», Ezkurrak esan duenez. Izaba izan zen horretan aitzindaria. Ispasterren (Bizkaia), Legorretan eta Anoetan (Gipuzkoa) ere ari dira urratsak egiten.

Pantaila batetik kontrola daiteke sistema osoa, eta une oro jakin zein den gastua. «Ez duzu Iberdrolaren mila fakturarekin ibili behar», esan du Ezkurrak. Horrez gain, alerta sistema duzu, norbaitek argiren bat piztuta utzi duen jakiteko. «Tresna ematen die honek udalei, kontrol osoa izateko», adierazi du Genuak.

Baina kontrolak ematen dituen aukerekin arriskuak datoz. «Ehun urtean, zein gutxi aldatu den argiztapen kontua XX. mendean, nahiz eta iraultzaren mendea izan!», esan du Bergarak. Bonbilla bera ere, kandelaren aldaera bat besterik ez da. «Baina, orain, bai, orain gauzak goitik behera aldatzen hasi dira». Bonbilla adimendunak «itzelezko aberastasuna» ematen du, fisikariaren arabera. Merkatuan dira dagoeneko argiaz gain bestelako zerbitzuak ematen dituzten LED lanparak. Badira bozgorailua daukatenak, musika eskaintzeko. Informazioa garraia dezakete kolore puruen bidez, Bergarak azaldu duenez. Badira kolorea erabiltzailearen nahi erara aldatzen dutenak, hainbat giro sortzeko. Horiek guztiek Interneterako lotura izaten dute, erabiltzaileak sakelakoarekin edo ordenagailuarekin goberna ditzan. Horretan datza arriskua. Internetera loturiko gailuak erabili zituzten joan zen urrian inoizko erasorik handienetako bat egiteko. Gailuon segurtasun neurri eskasez baliatuta, Twitter, PayPal, Spotify, Netflix eta beste gune asko saretik at utzi zituzten hainbat orduz.

«Badago arriskua», esan du Ezkurrak, «erasoak egotea saihetsezina da; baina bankuek ere arrisku bera dute». Argiztatzeko sistema adimendunek hackeatzeko aukera ematen dute, baina baita «arriskua mozteko ere», teknikariak esan duenez. Wifia erabili beharrean kontrola sare elektrikoaren bidez egiten duten sisteman beti izango dira seguruagoak. Eta, edonola ere, Ezkurrak azaldu du udalek eta enpresak «botoi gorria» dutela. Hacker batek sistema bahituz gero, botoia sakatzen da, eta argiztapena normaltasunera itzultzen da: «Tonto bihurtzen da, atzera. Tonto, baina seguru».

Oraingo garapena ikusita, ba al dago iragartzerik hogei urte barru nola egongo den argiztapenaren mundua? Azken bost urteotan hiru aldiz handitu da LEDen eraginkortasuna; hau da, kontsumitzen duten watt bakoitzeko ematen duten argitasuna. Genuak kontatu duenez, bi urtetik behin produktu osoa berritu behar dute enpresan, LED indartsuagoak eta merkeagoak merkaturatzen dituztelako. Beraz, ezinezkoa da luzerako iragarpenik egitea. Ezkurra ausartu egin da iragarpen bat egitera: hogei urte barru, kale-argiek ez dute argindar sarera lotuta egon beharko, euren burua elikatuko dutelako.

«LED teknologia orain ari da sartzen Euskal Herrian», esan du Jose Manuel Borquek. Energiaren Euskal Erakundeko zerbitzu alorreko burua da, eta hogei urte daramate argiztapenean aurrezteko sistemak diruz laguntzen. Duela hamar urte, «aitzindari batzuek» baino ez zituzten LEDak jartzen, «baina orain oso azkar amortizatzen dira. Hau izango da etorkizuna». Leioan (Bizkaia) berriki esleitu dute hiriko argiztapen publikoa LED teknologiara pasatzea. Udaberrian hasiko dira.

Argiztapenaren paradoxa

Beraz, baliteke urte gutxiren buruan argiztapenean %78-80 indar gutxiago gastatzea. Baikorrek hala uste badute ere, argiztapenaren paradoxa deituriko fenomenoa kontuan hartu beharko da. Horren arabera, argiztapena merkatzeak ez dakar berez argindar gutxiago gastatzea, bultzatu egingo baitu argi gehiago eta indartsuagoak jartzera. Esaterako: merkatua LED argi propioak dituzten armairuz eta tiraderaz betetzen ari da. Zebra bideak ere argiztatzen ari dira leku askotan, edo lehen argirik ez zuten eraikinen zatiak. «Arkitektoak aspertu egiten dira», laburbildu du Ezkurra teknikariak. Edonola ere, jartzen dena kontsumo gutxikoa denez, ez du asko murriztuko aurrezten den %70-80. LEDak jartzeak beste abantaila bat du: «Ez dizu bakarrik kontsumoa gutxitzen, potentzia gutxiago kontratatzeko aukera ematen dizu», azaldu du Borquek.

Kulturak ere badu zerikusia argi kontsumoan. Espainiak du Europan biztanleko kontsumorik handiena: urtean 116 kw biztanleko. Frantzian, berriz, 89-90 kw. «Hegoalderago bizi ahala, argi gehiago nahi du jendeak», esan du Ezkurrak. Eta Euskal Herrian? Izaban, 25-27 kilowatt baino ez, LED argiztapen adimenduna jarri ondoren. Nafarroako herri txiki bat, beraz, burujabetza energetikoaren bidea besteei argitzen. Independentzia 1522. urtean Amaiurren defendatu zutenentzako «betiko argia» eskatzen du han jarritako plakak. Ezin jakin betiko izango den, baina merkeagoa izan daiteke orain.

ARGIAREN EKONOMIA

Sua

60 orduz egurra biltzen ibilita, bonbilla moderno batek ordubetean ematen duen argia lortzen da. 

Lastargia edo suzia 

Zuhaitzetatik ateratako bikea eta animalien gantza erabiltzen zen argi eramangarria izateko. 

Olio lanpara 

Aurkitu diren zaharrenak Kalkolito Aroan egindakoak dira, Kristo aurreko 4500-3300 urte artean. 

Lumera edo balea olioa 

Euskaldunek lortutako lumeraz argitu zituzten jauregiak Europan. Lehen faktura 670. urtekoa da. 

Argizaria 

Aberatsek bakarrik ordain zitzaketen argizarizko kandelak. Gainerakoek, abere gantzez eginikoak. 

Gasezko kale-argiak 

Lehena 1807. urtean jarri zuten, Londresko Pall Mall kalearen alde bat argitzeko. 

Bonbilla 

Edisonen 1900eko bonbilla batek hamar egun irauten zuen. Astebeteko soldata kostatzen zen. 

Fluoreszentea

Gerraostean zabaldu ziren, bonbillak baino 5-75 aldiz gehiago irauten zutelako eta gutxiago gastatu.

Fluoreszente konpaktua

Bonbillaren laurdena gastatzen du argi bera emateko, baina merkurioa erabiltzen du, kutsagarria.

LED

Fluoreszente konpaktuek baino are gutxiago gastatzen dute, eta haien halako bi irauten dute.

BERRIAn argitaratua (2017/03/08)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA