astekaria 2017/03/10
arrowItzuli

gizartea

SOLEDAD MURILLO

«Utopikoa izan behar du genero politikak, eraginkorra izateko»

Ion Orzaiz

«Utopikoa izan behar du genero politikak, eraginkorra izateko»

Soziologia eta Politika Publikoko irakaslea da Soledad Murillo (Madril, 1956), Salamancako Unibertsitatean (Espainia). Irakaskuntzaz gainera, ordea, ibilbide luzea du politikan ere. Espainiako Gobernuko Berdintasun Politikako idazkari nagusia izan zen Jose Luis Rodriguez Zapateroren lehen agintaldian. Iruñean izan da berriki, Andrea zentroak eta Astelehen Lilak elkarteak gonbidatuta, Ez utzi besteei zure izenean erabakitzen izeneko jardunaldietan parte hartzen.

Emakumeen presentzia erabakiguneetan bermatzeari buruz hitz egin zenuen Iruñean. Asko al dago egiteko oraindik?

Lan handia dugu aurretik, eta, gainera, oso urriak dira gogoeta egiteko aukerak, agenda politikoetan beste kontu batzuk lehenesten direlako. Hedabideek, esaterako, pisu izugarria dute botereguneetan, politikarien jarduna aztertu eta onespena edo gaitzespena emateaz arduratzen direlako. Politikariek garrantzi handia aitortzen diete hedabideei, eta eguneko tituluen arabera diseinatzen dituzte politikak. Baita generoari dagozkionak ere. Arazo bat da hori, joko politikoaren menpe gelditzen baita eskubideen gaineko eztabaida.

Txanponaren bi aldeak ezagutu dituzu: ekintzaile feminista zara, baina Espainiako Gobernuan egin zenuen lan 2004tik 2008ra, ardura handiko kargu batean. Politika feministak egin al daitezke botereguneetan, ala eskuak lotuta izan zenituen?

Horixe da gakoa. Esanen nuke bietatik apur bat dela, eta nolabaiteko oreka mantendu behar dela. Ni, behintzat, saiatu nintzen proposatu beharreko guztia proposatzen, baina egia da kontu askotan motz gelditu ginela. Zerrenda parekideak, adibidez, legez berma genitzakeela uste dut, baina erdibidean gelditu ginen, aurretik negoziatu eta hitzartu beharra zegoelako. Jende askok ez zituen aldaketak onartu.

Zerrenda parekideez harago, ba al da proposatu bai, baina aplikatzen utzi ez zizuten neurririk?

Kotizatu gabeko pentsioen moldaketa, 75 urtetik gorako emakumeen kasuan, kotizatutako pentsioekin parekatzea. Atsekabe handia hartu nuen proiektu hori bazterrean utzi behar izateagatik. Izan ere, frankismo garaian, emakumeak ezin ziren soldatapeko izan senarraren baimenik gabe; hortaz, inoiz kotizatu ez duten adineko andre ugari daude gaur egun. Hori aldatu nahi izan genuen, baina Espainiako Gizarte Segurantzako arduradunak oso kontserbadoreak ziren, eta ezezko borobila eman ziguten. Haientzat, beste gizarte eragile askorentzat bezala, guk proposatutako aldaketak bortitzegiak ziren. Ez zeuden prest.

Eta, hala ere, aurrerapausoak eman zenituzten...

Bai, noski. Abaguneak baliatu genituen. Ordurako, baziren oso lege aurrerakoiak eta interesgarriak Galizian eta Euskal Autonomia Erkidegoan, eta horiek abiapuntutzat hartuta ondu genuen Berdintasunerako Legea 2007an. Bestalde, nire ekarpentxoa egin ahal izan nuen sexu bereko pertsonen ezkontzen legeztatze prozesuan. Oso harro nago horretaz, ordura arte zenbait alorretan ez zirelako gay eta lesbianen eskubideak aitortzen; besteak beste, ondasunen transmisioari dagokionez.

PSOEko kide zara, baina oso kritikoa zara zure alderdiarekin.

Ausardia falta dela iruditzen zait. Posibilismoan oinarritutako neurriak soilik planteatzen dituzte, eta, nire ustez, genero politikak utopikoa izan behar du eraginkorra izateko eta eskuinari bidea mozteko.

Eskuina dago agintean Espainian. Nola eragiten die horrek berdintasun politikei?

Hondamendi hutsa da. Kargua hartu eta bi astera, kotizazioa eten zieten etxean zaintza lanak egiten zituzten emakumeei. Lehenengo kolpea izan zen hura, baina ez bakarra. Menpekotasun Legea ere kamustu dute, baina era sofistikatuagoan: dirua murriztu ordez, baremoak aldatu dituzte, gutxieneko baldintzak igota. Ondorioz, jende gehiago utzi dute zerbitzuetatik kanpo. LOMCE legeak, bestalde, berdintasunaren kontzeptua ezabatu du curriculumetik. Eta genero indarkeriaren auzian, hipokrisiaz jokatzen dute: malkoak isurtzen dituzte hilketa matxista bat azaleratzen den bakoitzean, baina %33 murriztu dute horiei aurre egiteko aurrekontua. Gobernu sadikoa da, ahulenei eraso egiten dielako.

Hilketa matxistek ez dute etenik. Zer egin beharko lukete erakundeek?

Lehenik eta behin, ikertu eta arreta jarri. Indarkeria matxista kasuak ez dituzte ikertzen ere, eta hori oso larria da. Emakume batek salaketa jarrita ere, kasua artxibatzeko agindu dezake epaile batek frogarik ez dagoela argudiatuta, eta ez dute neurririk hartuko, ezta ikerketa gehigarririk eginen ere... egun edo aste gutxira andrea hilik agertzen den arte. Bestalde, apenas dagoen erakundeen arteko elkarlanik, ezta baliabideak hobetzeko interesik ere: ikastaroak, prestakuntza programak, sentsibilizazio kanpainak... Espainiako Gobernuak dio ez dela diru kontua. Bada, bai, diru kontua ere bada, baliabide egokiak behar direlako. Indarkeria matxistarekin bizitzera ohitu gaituzte, eta hilketak deitoratzera mugatzen dira erakunde gehienak. Atsekabea agertzea eta negar egitea gizarteari dagokio; administrazio batek egoera kudeatu eta irtenbideak bilatu behar ditu.

Hurbiletik ezagutzen duzu Nafarroako errealitatea, Nafarroa Bai koalizioaren aholkulari izan baitzinen 2009an. Begi onez ikusten dituzu herrialdean ezarritako dekretu berriak genero berdintasunari dagokionez?

Ematen ditudan eskola eta hitzaldietan, beti jartzen dut Nafarroa adibide gisa. Urteetan eskuineko politika atzerakoiak pairatu ostean, beste bide batetik jotzea posible dela erakusten digulako. UPNren garaian abortuari jarritako trabak eskandaluzkoak ziren, baina, zorionez, aldaketa sakonak eta eraginkorrak ezarri dituzte. Lezio ederra eman digute.

BERRIAn argitaratua (2017/03/07)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA