astekaria 2015/11/20
arrowItzuli

ekonomia

PEDRO LUIS URIARTE

«Armen indarrez inposatu zena ezin da pribilegioa izan»

Ivan Santamaria

«Armen indarrez inposatu zena ezin da pribilegioa izan»

Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburu gisa diktaduraren ostean ezarritako lehen kontzertu ekonomikoa negoziatu zuen Pedro Luis Uriartek (Bilbo, 1943). Sistema goitik behera aztertu du, eta 3.000 orrialdeko liburu bat da bi urte hartu dizkion gogoeten emaitza. Ezjakintasuna eta errakuntzak —«kritikatzen dutenen %99k ez dakite zertaz ari diren», dio zorrotz— borrokatzea du helburu, baina, era berean, aldarrikatu eta defendatu egin nahi du finantzaketa sistemak EAEko gizartearentzat duen balio praktikoa. Liburua —El Concierto Economico Vasco. Una Vision Personal (Euskal Kontzertu Ekonomikoa. Ikuspegi pertsonal bat)— www.elconciertoeconomico.com helbidean dago eskuragai.

Arriskuan dago kontzertua?

Mehatxatuta dago. Mehatxutik arriskura pasatzeak beste urrats bat eskatzen du. Kontrako bi ildo nagusi daude: ezabatzea edo minimizatzea, estatuari ordaindu behar diozuna handituta.

Aukera erreala al da EAEko administrazioekin akordiorik gabe eta alde bakarreko erabaki baten bidez sistema aldatzea?

Teorikoki, bai, baina juridikoki eta politikoki, ez. Lehenik eta behin, Espainiako Konstituzioa aldatu beharko zenuke, lehen xedapen gehigarria kentzeko. Posible da. Hori da Ciudadanosek nahi duena. Baina ondorio politikoak lituzke: galdeketa bidez onartu behar da aldaketa, eta Hego Euskal Herrian kontrako botoa erabatekoa litzateke. Posible da hemen botoen %90 kontra dituen konstituzio bat egitea? Eta ez da hori bakarrik.

Zer gehiago?

Gernikako Estatutuak argi dio kontzertu eta itun sistema tradizionalari jarraituz egingo direla finantza harremanak. Estatutua lege organiko bat da, galdeketa bidez onartua. Hori kentzea eraso zuzena litzateke. Baina gero zer eskainiko duzu? Kontzerturik gabeko estatutu bat? Galdeketan porrot egingo duzu, edo prest zaude estatutu bat inposatzeko erreferendumik gabe? Politikoki erokeria da, eta, gainera, kupoarekin ez da ezer konponduko.

Kupoa handituta Espaniako erkidegoen finantzaketa arazoak konponduko lirateke?

EAEk gehiago ematea ulergarria litzateke, esaterako, beste norbaitentzat mesedegarria balitz. Baina geuretzat kalte ikaragarria den horren efektu positibo bakarra kontablea da. Kupoan mila milioi euro gehiago ordainduta, estatuaren defizita 50.000 milioi ez baizik 49.000 milioi izango litzateke. Zer demontre axola zaio estatuari halako alde bat? Sakrifizioa ulergarria izan liteke ikusiko bagenu hemen kendu dena beste gaixo edo haur bati joango zaiola, baina ez da horrela izango.

Kupoa asko igotzeak nolako ondorioak lituzke hemen?

Estatuari ordaindu behar diozuna handituta, baliabide gutxiago geratuko zaizkizu, eta EAEko erakunde publiko guztien aurrekontua jaitsiko litzateke. Kontzertua minimizatzearen arriskua da zuk eta neuk hezkuntza eskasagoa jasotzea, osasun arreta gutxitzea, gizarte laguntzak murriztea eta errepide txarragoak izatea.

EAEko biztanleak jabetzen dira kontzertuak euren eguneroko bizitzan duen eraginaz?

Horrek eraman nau liburua idaztera. Iruditu zait euskal gizartea logaletu egin dela. Ez da konturatzen gai oso garrantzitsua dela. Iruditzen zaio gobernuen edo alderdien gauza dela. Bai, bada, baina gastu publikoaren atzean pertsonak daude. Mezu argia helarazi nahi diot gizarteari, ikus dezaten ondorio zuzenak dituen gai bat dela. Kupoa mila milioi igoko digutela esaten denean, herritarrek zerga gehiago ordaindu beharko lituzkete, edo zerbitzu publikoak murriztuko lirateke.

Zein da kontzertu ekonomikoa izatearen ondorio nagusia?

Hemen ordaintzen diren zergek zerikusi zuzena dute gure ongizate estatuarekin. Esan ohi da kontzertu ekonomikoa gure autonomia politikoaren oinarria dela. Ongi dago, baina kontzeptu hurbilago bat badago: kontzertua gure ongizate estatuaren oinarria da. Osasuna, hezkuntza eta errepideak geuk ordaintzen ditugu. Ez dugu estatutik ezer jasotzen. Estatuaren sostengurako ordaintzen dugu, baina gainerako dirua geure esku geratzen da.

EAJk dio kontzertua kentzen bada hautsi egingo dela EAE Espainiarekin lotzen duen elementu bakarra. Ados zaude?

Ez naiz politikoa. Hala dio Andoni Ortuzarrek, behintzat. Hala balitz, Espainiako agintariei interesatzen zaie EAJren eta EH Bilduren arteko bateratzea, Kataluniakoa baino pisu politiko handiagoa izango lukeena? Estatuko gobernuaren lekuan egongo banintz, ez nintzateke nahasmen horretan sartuko, Kataluniakoa oraindik hor dagoenean. Ikusten ari dira aldaketak.

Non ikusi duzu jarrera aldaketa?

Ciudadanos hasi zen esaten kontzertua ezabatu behar zela. Gero, Albert Riverak esan zuen kupoa %25 igo behar zela, 400 milioi. Gero iritsi zen Agustina Aragoiko berriaren, hau da, Ines Arrimadasen planteamendua, Europako Batasunak konponduko duela hau. Sekulako tontakeria. Zerga harmonizazioak —eta ikusteko dago lortuko den— ez du esan nahi Frantzia edo Alemaniako ogasunak desagertuko direla, eta hemengoak ere ez. Azkena izan da Luis Garicano ekonomista: Suitzako auditore batek kalkulatu behar duela. Baina zer da hau? Planteamendu azalekoak dira, aurreiritzietatik eta ezjakintasunetik datozenak.

Zergatik orain? Zer aldatu da sistema auzitan jartzeko?

Erregimen komuneko hamabost erkidegoak hondamenean daudela. Arrazoi politikoak direla medio ari dira kristorenak esaten kontzertuari eta kupoari buruz, euren finantzaketa ereduarekin zerikusirik ez duen arren. Euskal Herriari kenduta ez dute sosik ikusiko, diru hori estatuak hartuko bailuke. Finantzaketa hobeagoa estatuari eskatu behar diote.

Kanpotik hainbat kritika egiten zaizkio kontzertuari. Hasteko, pribilegio bat dela.

Nola izango da pribilegio bat haren helburua izan bazen hiru lurralde historikoak Espainiarekin parekatzea? 1878. urtekoa da lehen kontzertua. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa okupatuta zeuden 140.000 soldadurekin, lege martziala indarrean, eta konstituzioaren bermeak etenda. Kontzertu sistema inposatu zitzaien hiru lurraldeei. Foruak kendu, eta bi urte geroago Espainiako gainerako probintzien kontzertu erregimenean sarrarazi zituzten. Armen indarrez inposatutako zerbait ezin da sekula pribilegioa izan, 130 urte geroago batzuek iradokitzen duten modura. Argudio politiko indartsua da hori.

Beste topiko bat: abertzaleei emandako oparia dela.

EAJ sortu zenerako, hiru kontzertu ezberdin onartuta zeuden. Gainera, EAJ kontzertu sistemaren aurka egon zen Bigarren Errepublika arte, foruak osorik leheneratzea exijitzen zuelako.

Zer pasatzen zaizu burutik agintari politikoak entzuten dituzunean halakoak esaten?

Lotsa ematen dit. Duela urtebete, beste hiru pertsonarekin ari nintzen bazkaltzen. Bi enpresaburu garrantzitsuak ziren, eta bestea, erkidego garrantzitsu bateko presidente izandakoa. Esan zidaten EAEn ez genuela zergarik ordaintzen. Haiek baino gehiago ordaintzen dut, eta zalantzan jartzen zuten. Ikaragarrizko estereotipoak daude. Nire alabaren bikotekideak aholkularitza handi bateko lankide batekin topo egin zuen aurrekoan. Gaia atera, eta ez zion, ba, esan kontzertua ETArengatik eman zela!

Pedro Solbes Ekonomia ministro ohiak Kataluniako agintariei esan zien haien eta EAEren arteko ezberdintasuna zela hemen ETA zegoela, eta horrek baldintzatu zituela erabakiak.

Kongresurako CDCko zerrendaren hautagaiak, Francesc Homsek, zera esan zuen duela pare bat urte: Kataluniako Parlamentuko botoen %90ek baino gehiago balio dute 900 hildakok. Sekulako astakeria. ETA sortu zenerako, sei kontzertu ekonomiko egonak ziren indarrean.

Nondik datoz gaizki ulertuak?

Jende askok uste du kontzertua Konstituzioarekin hasi zela, eta lehen xedapen gehigarriak oso aditz argiak erabiltzen ditu. Foru lurraldeek dituzten eskubide historikoak babestu eta errespetatzen ditu Konstituzioak. Ez dio eskubideak sortu eta ezartzen dituela. Babesten eta errespetatzen du ordurako ehun urteko historia zuen zerbait.

Kontzertuaren gauzapen praktikoa da kupoa, zenbat ordaindu behar den zehazki finkatzen duen tresna. Esan izan da kupoan 4.000 milioi gehiago ordaindu behar direla, edo %25 igo. Kupoaren zenbatekoa nahierara kalkulatu liteke, ala?

Espainiako Kongresuak eta Eusko Legebiltzarrak onartutako lege baten ondorio da kupoa. Halakoak esaten direnean, ez da kontuan hartzen kalkulatzeko erabiltzen den sistema. Kupo gordina eta likidoa ez dira ezberdintzen, eta hor datoz hanka sartzeak. Esaterako, ez dakite kupo gordinari estatuko defizitaren %6,24 kendu behar zaiola, edo itunduta ez dauden zerga eta tasetatik estatuak kobratzen duena.

Kritikoek zalantzan jartzen dute EAEk jaso ez dituen eskumenei ematen zaien pisua.

Estatuak egiten du bere aurrekontua, eta 30 urtez jarraian gaizki kalkulatu badu, ezin dut sinetsi. Aznar, Gonzalez, Zapatero, Montoro, Solbes, Boyer, Borrell eta pasatu diren guztiek gaizki egin dituzte kontuak EAEri urtero 4.000 milioi oparitzeko? Bai, zera! Argudio ergelak dira.

Patxi Lopez lehendakari ohiak esan izan du EAEk akaso gehiago ordaindu beharko lukeela, elkartasunagatik.

Ordaintzen du estatuak nahi duena. Geuk diru gehiago jartzea nahi badu, bere aurrekontuan diru gehiago jarri beharko du estatuak. Aurrekontuetan dauden elkartasun tresna guztiak ordaintzen ditu EAEk, baina ez dugu errurik estatuak nahiago badu mahai azpitik dirua mugitzea, nork ordaintzen duen eta zertarako ordaintzen den argi eta garbi zehaztuko duten elkartasun tresnak ezarri beharrean.

Kontrako norabidean ere badoaz kritikak. Estatuari asko ordaintzen zaiola eta bueltan ezer gutxi datorrela diote. Fundamentua dute?

Erabateko fundamentua dute. Datu oso garrantzitsua da. Zenbat gastatzen du estatuak bereak diren eskumenetan? Kontuan hartu Melillako hesiaren %6,24 ordaindu dugula, Pradoko museoaren %6,24, eta abiadura handiko trenaren 3.100 kilometro, hemen zero ditugun arren. Bada, Eustatek argitaratzen du zenbat ordaintzen duen estatuak hemen. Kalkulua egin dut, eta azken hamalau urteetan ordaindutakoa baino 15.000 milioi gutxiago jaso ditugu. Gizarte Segurantza sartuta —sistema ezberdinak diren arren—, oraindik ere eman baino 10.157 milioi gutxiago jaso dira.

Datua nahiko ezezaguna da.

Balantzak oso argi daude, baina ez dakigunez geure burua defendatzen, ia ez da entzuten halako datu funtsezko bat. Nori bururatzen zaio halako estatistika garrantzitsua abuztuan argitaratzea, ohar huts batekin? Gure agintariek agerraldia egin eta azaldu beharko lukete hori, eta esan diet hori egiteko.

Arazoaren muinean Espainiako erkidegoen finantzaketa sistema badago, kupo sistema hedatzeak arazoa konponduko luke?

Irtenbide bat da. Tontakeria bat da esatea kupoa hedatuko balitz estatuak porrot egingo lukeela. Kupoaz dagoen ezjakintasunetik hartutako ideia bat da hori. Noski, zeuk zama BPGaren arabera banatzen baduzu, ondoren lurralde arteko elkartasun tresna indartsu bat ezarri beharko duzu, aberatsenek txiroenei ordaintzeko.

Diktaduraren osteko lehen kontzertu ekonomikoaren negoziazioetan parte hartu zenuen. Zerbait aldatuko zenuke orain?

Jarri zenetik, egozpen indizea (%6,24) ez da aldatu. Pentsatzen dut erosotasunagatik izan zela, baina, egia esan, ez legoke alde handirik datu errealak aintzat hartu izan balira. Urte guztiak kontuan hartuta, EAEren alde 111 milioi izan dira, hiru sistema indarrean egon den urte bakoitzeko. Hutsaren hurrena da. Behar baino gehiago ordaindu dugu azken hamabost urteetan, gainera.

Pisu ekonomikoa erabili beharrean populazioa erabiliko balitz, zer gertatuko litzateke?

Zalantza moralik ez dadin egon, populazioa aintzat hartuta ordaindu beharko genuena baino 4.400 milioi gehiago jarri ditugu. Eztabaida interesgarria da. Armadari ordaindu behar zaio errentaren edo populazioaren arabera? Populazioa dela iruditzen zait, soldaduak zabaltzen direnean ez dutelako errenta defendatzen, pertsonak baizik. Zergatik ordaindu behar da Melillako hesia errentaren arabera? Errentaren arabera ordaindutako kupoan badago elkartasun inplizitu bat.

BERRIAn argitaratua (2015/11/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA