mundua
Bake prozesuaren seme-alabak
Samara Velte, Berriemaile berezia
Biak langile klaseko auzoetako haurrak dira. Harrison Belfast iparraldean bizi da, nagusiki protestantea den gune batean, eta hala definitzen du bere burua. «Bakearen harresietatik nahiko gertu bizi naiz», azaldu du, gune protestanteak eta katolikoak bereizten dituzten hesiei buruz ari dela: «Ziurrenik, ez da ingurunerik onena bake prozesuan aurrera egiteko: gure auzoan, katolikoak etsaia dira. Baina niretzat ez da hala, udaleko jarduerekin jende mordoa ezagutu baitut». Gregory, aldiz, mendebaldeko gune errepublikanoan bizi da, eta ikastetxe katolikoetara joan da beti: «Egia esan, txikitan ez nuen ia protestanterik ezagutzen».
Gatazka hitzak gaitzespena eragiten dio Harrisoni: «Orain boterean daudenek zuzenean bizi izan zuten, eta haren zati batzuei eusten diete; horregatik ez dira gai behar adina aurrera egiteko». Gregoryri «familietan geratutako orbainak» etortzen zaizkio burura: «Gure aurreko belaunaldia oraindik borrokan ari da; ez ahazteko, halako zerbait ez baituzu sekula ahazten; baina bai harekin bizitzen ikasteko. Eta aldi berean haurrak hezten ari dira. Horrek eragina du, gazteek ere ikasten dutelako gure jendea eta beste jendea bereizten dituen pentsaera hori».
Gatazkaren jatorria azaltzea, ordea, gehiago kostatzen zaie gazteei. «Eskolan zertxobait ukitu genuen, Historian, baina gutxi», azaldu du Harrisonek. «Badakit protestanteak eta katolikoak ez zirela ongi moldatzen, inork ez ziela lagundu eta kontua lehertu egin zela. Shankilleko harakinekin hasiko zen, akaso». Gregoryren oroitzapenak testuinguru zabalagoa hartzen du aintzat. Harrison ez bezala, lehen pertsonan mintzo da: «Kolonizazioa izan genuen; gero, [Irlandaren] banaketa, eta 1970eko urteetan berriz gatazka, eskubide zibilen mugimendua zapaldu zutelako. Baina hori baino askoz gehiago ez dakit».
Biek azaldu dute euren etxean oro har ez dela askorik hitz egiten politikaz, are gutxiago gatazkaz. «Nire familiak DUPen alde bozkatu izan du beti, logika protestante klasiko hori dutelako», esan du Harrisonek. «Uste dute Sinn Feinek bere Irlanda Batua lortuko duela unionistei botoa ematen ez badiegu. Nik ere hala pentsatuko nukeen, baina udaleko gazte foroan erakutsi digute nola funtzionatzen duten hauteskundeek, eta orain ni naiz amari aholkatzen diona zeren alde bozkatu, berak ez baitu informaziorik bilatzen».
Elkartzeko perspektibak
Oro har, bat datoz: adiskidetzeko, komunitateen arteko harremanak egiteko espazio gehiago behar dira. Berehala atera da hezkuntzaren gaia: Ipar Irlandan, ikastetxe ia guztiak daude erlijioaren arabera banatuta. Eskola mistoak sortzeko eskaria eskaintza baino handiagoa da, baina gobernuko alderdiak uzkur dira horrekin. «Hezkuntza ez litzateke bereizi behar», uste du Gregoryk: «Bestela, haurrek txikitatik ikasten dute besteetatik desberdinak direla». Harrison ez dago erabat ados: «Etorkizunean gertatuko da, baina ez dut uste oraindik horretarako prest gaudenik. Ni mutilen eskola protestante batera joaten naiz, eta, katolikoak etortzen hasiko balira, istiluak sortuko lituzkete». Bien artean, ondorio berera heldu dira: «Haur eskoletatik hasi behar genuke; umeek adin horretan ikasten dituzte aurreiritziak».
Eskolaz kanpoko jardueretan ere gehiago nahasi behar liratekeela uste dute. «Kirol klubek jendea elkartzen dute», azaldu du Gregoryk: «Nire auzoko futbol gaelikoko taldean hiru protestante daude». Auzoetako gazte taldeak ere «lan handia» egiten ari direlakoan da Harrison: «Arazoa da mutil askok ez dutela halako ezertan parte hartzen». Oro har, katolikoekiko aurreiritzi handiak sumatzen ditu bere inguruan: «Bizi naizen lekuan, bazter guzietan daude 'KAT' dioten margoketak: 'Kill All Taigs', hil katoliko guztiak. Auzokide gehienak familia paramilitarretan hazi dira, eta gurasoek kontatzen dietena sinisten dute. Etengabeko amorrua dute katolikoekiko, ezagutzen ez dituzten arren. Gertatu zen hura entzuten dute etxean, eta beti dira gauza negatiboak; sekula ez diete esaten unionistek ere parte hartze handia izan zutela gatazkan».
Banaketa geografikoak ere ez du laguntzen: auzo gehienak komunitate batekoak edo bestekoak dira, eta hori erakusten duten sinboloz beteta daude; protestanteetan, bandera britainiarrak eta mural paramilitar edo orangistak daude; katolikoetan, IRA Irlandako Armada Errepublikanoko boluntarioen omenezko plakak eta irudiak. «Mural protestante baten albotik pasatzen naizenean, ez naiz eroso sentitzen», aitortu du Gregoryk. Nolanahi ere, «kulturaren ospakizun» gisa ikusten ditu irudikapenak. «Gainera, mural positiboak ere badaude: duela gutxi, gatazkan nahastutako emakumeen omenezko bat margotu zuten; ordura arte ez zegoen haien omenezko ezer».
Harrisoni ez zaizkio gustatzen, ezta bere komunitatearenak ere. «Ez da batere atsegina anaia txikiarekin kalean zoazela aurpegia estalia duten gizon batzuk ikustea horman, AK-47ak eskuan dituztela. Lurraldea markatzeko modu bat da, jendeari adierazteko noren lurretan dauden. Ados nago kultura ospatzearekin, baina, mural bat margotu behar baduzu, gutxienez jendeak ikusi nahi duen zerbait izan dadila». Gregoryk praktika on batzuk ere aipatu ditu: «Nire kalean, mural bat egin nahi zuten, eta haurrei utzi zieten erabakitzen nor omendu: superheroien mural bat egin zuten azkenean. Eta Falls Roaden bada beste bat, 'Ezin dut mundua aldatu, baina nire inguruko mundua alda dezaket' dioena. Horiek askoz mezu positiboagoak dira».
Biek aitortu dute, halaber, ez dituztela besteen auzoak zapaltzen. «Ez nuke jakingo zertara joan ere», esan du Harrisonek: «Oinez, gune protestante batean, ongi; baina katoliko batean... ez dakit, ba. Txikitan esaten zidaten gune katoliko batean harrapatzen baninduten bertakoa banintz bezala egin behar nuela. Orain badakit txorakeria bat dela, baina oraindik ez naiz oso seguru sentitzen». Gregoryk arrazoia eman dio buruarekin: «Eskolako uniformearekin egongo banintz, ez nintzateke eroso egongo. Baina ez nuke arazorik izango lagun protestante bat nire auzora ekartzeko». Gazteek oro har auzi sektarioari garrantzi txikiagoa ematen diotela uste du Harrisonek: «Arazoa da mutil handiek erabiltzen dutela hori besteak kikiltzeko; betiko jende guai eta abusatzaileak, taldean ibiltzen direnak. Protestante eta katolikoen arteko banaketa ez balego ere berdin jokatuko lukete, baina horri heltzen diote».
Nortasun berriak?
Bake prozesuaz geroztik, hainbat ikerketak frogatu asmo izan dute Ipar Irlandako gazteengan identifikazio modu berri bat ari dela sortzen: ez direla britainiar edo irlandar sentitzen, baizik eta «ipar irlandar». Gregory eta Harrison ez daude ados. «Ipar irlandarra naizela kanpoan baino ez nuke esango, ez dezaten pentsa irlandarra naizenik», azaldu du mutilak. «Britainiarra zarela esateko beste modu bat da», uste du neskak: «Nik ez nuke sekula esango. Irlandarra naiz eta kito, hegoalderik eta iparralderik gabe».
Nortasunen haritik, Ipar Irlandako arazoaren mamira heltzen hasi dira apurka. «Gatazka ez da hainbeste erlijiosoa», ondorioztatu du Harrisonek: «Nire anaia protestante gisa identifikatzen da, baina ez du sekula eliza bat zapaltzen. Funtsean esan nahi duena da britainiarra dela. Errazagoa izango ote litzateke gatazka ebaztea britainiar eta irlandarrez hitz egingo bagenu, protestante eta katolikoez hitz egin ordez?», galdetu dio aldamenekoari. Gregoryk baietz uste du. Beretzat, hegoaldera joatea gauza naturala da, eta Dublinen egin asmo ditu unibertsitateko ikasketak: «Aurreko astean mendi bat igo nuen han, eta ederra izan zen dendara sartu eta gaelikoz hitz egin ahal izatea. Etxean sentitu nintzen».
Gatazkaren nostalgia
Irlandaren etorkizunaz hitz egiterakoan agertzen dira bien arteko desadostasunik handienak. «Niretzat, herrialde desberdin batean bizi gara, lur zati berean egon arren», azaldu du Harrisonek. «Pozten naiz mugitzeko askatasuna daukagulako, eta babesten dut hemengo irlandarrek euren hizkuntzan aritzeko duten eskubidea, baina hegoaldekoa beste herrialde bat da. Eta nik, errespetu guztiarekin, ez dut haren parte izan nahi».
Bi nerabeen belaunaldiak ez ditu urte gogorrak zuzenean ezagutu. Haatik, gatazkaren erromantizazio bat sumatzen dute inguruan. «Orain, gazte batzuek abesti irlandarrak IRArekin lotzen dituzte, berez beste esanahi bat zuten arren», hausnartu du Gregoryk: «Aitona-amonek sarri hitz egiten dute... ez aspaldiko garai on haiez, baina bai nola sartu zen Polizia etxera, eta beraiek ozta-ozta egin zuten ihes; berriz bizitzen dute une hori, ez modu alaian, baina bai zerbait zirraragarria bezala. Gazteek hori entzuten dute, eta ez dira ohartzen garai penagarriak izan zirela, aitona-amonek ez zutela euren gaztaroa erabaki».
Harrisonek azaldu du gune unionistetan gazte batzuk oraindik sartzen direla talde paramilitarretan: «Ez daukate jarduera handirik; gehienetan, lehergailu abisuak egiten dituzte jendea izutzeko. Oro har, gaur egungo paramilitarrak gehiago daude narkotrafikoan eta kriminalitatean sartuta, eta ideia erromantiko horren atzetik dabiltzan gazteek hor amaitzeko arriskua dute».



