astekaria 2017/03/10
arrowItzuli

gizartea

Pankartaren alde bietan daudenak

Lander Muñagorri Garmendia

Pankartaren alde bietan daudenak

Bi alde izaten ditu pankarta batek: salatzaileena, eta salatuena. Ohiko lan harremanen moldeetan, salatzailea sindikatuek ordezkatzen dute, eta salatua, enpresariek edo patronalak. Bada, etxeko langileen kasuan ez da halako figurarik existitzen pankartaren alde bakoitzean. Horretan ere berezia baita haien egoera. Sindikalizatu gabe dagoen sektore bat da, eta langileen eskubideen aldeko borrokaren ardura etxeko langileen elkarteek hartu izan dute maiz. Enpresari eta patronalik ere, izatez ez dago. Langileak, ordea, bere lan baldintzak enplegatzailearekin negoziatzen ditu, eta, akaso horregatik, norbanako horiek bete dezakete enpresaburuaren figura hori. Baina protestarik izan denean, etxeko langileen elkarteek enplegu agentzien aurka egin izan dute. Hau da, langilearen eta enplegatzailearen arteko bitartekari lana egiten duten agentzien aurka. Horregatik, salatzaileek agentzia horiei eman izan diote patronal izaera, haien ardura baita enplegatzaileari kontratazioen inguruko gutxieneko baldintzen berri ematea. Baina izatez, ez dago ez patronalik, ezta sindikaturik ere.

«Langileak sindikatuetan antolatzen hasten direnean, orduan sortuko dira patronalak», azaldu du Jone Bengoetxea ELAko genero berdintasunerako arduradunak. Baina sindikatuek ez dute sektorera gerturatzeko urrats handirik egin, eta hori da etxeko langileek behin eta berriro aurpegiratu izan dietena. Kritika hori «justua eta zilegia da» Julio Sanchez Gonzalez ESK-ko batzorde nazionaleko kidearen arabera, eta, horregatik, uste du sindikatuek «burua jaitsi» eta lanean hasi behar dutela. Baina, orain arte etxeko langileen aldeko borrokan murgildu ez badira, «sindikatuak egitura maskulinoak izan direlako» izan da, Bengoetxearen ustez.

Edozein modutan, egoera aldatzen ari dela dirudi. ESK hasia da etxeko langileentzako aholkularitza juridikoa doan eskaintzen, eta LABek maiatzean egingo duen IX. Biltzar Nagusian «sindikalismoa birpentsatuko» dute, Izaskun Garcia idazkaritza feministako kidearen arabera. Behin biltzarra igarota, arlo horretan lanean hasteko asmoa dute: «Autokritika egin dugu, ikusten baikenuen etxeko langileen kasuan hutsune nabaria geneukala, eta haien interesak nola babestu aztertu dugu; antolatzeko modu berri bat eskaini nahi diegu». Hala ere, ESK-k eta LABek ez dute egun lanean ari diren etxeko langileen elkarteen lehia izan nahi. Alderantziz, haiekin elkarlanean aritu nahi dute, «orain iristen ez diren lekuetara iristeko aukera eskaintzeko asmoz».

Baina etxeko langileen arloak berezitasun ugari ditu. Langileek, gehienetan, bakarrik egiten dute lan eremu pribatu diren etxebizitzetan, askok bertan egiten dute lo, eta elkarrekin harreman gutxi izaten dute. Hori nahikoa ez, eta Gizarte Segurantzan ere erregimen berezi bat daukate. Arrazoi horiek guztiak darabiltzate sindikatuek euren hutsunea justifikatzeko. Baina arrazoi berak darabiltzate hemendik aurrera haiekin lan egin beharra daukatela argudiatzeko ere. Hala esan du Sanchez Gonzalezek: «Uste dugu ez dauzkatela gainerako langileek baino eskubide gutxiago, baina antolatzeko garaian ezberdina da; metalaren sektorean ekintza sindikala egitea errazagoa da, langileek eremu berean egiten dutelako lan, eta patronala aurrean daukatelako».

Sindikatuentzat, beraz, langile horiengana nola iritsi asmatzea litzateke buruhauste nagusia. «Langileek guregana ez, baizik guk atera beharko dugu haiengana», dio Garciak. Etxeko langileen eremua sindikalizatzeko, bestalde, Bengoetxeak iraganean ere polarizatuta zeuden beste sektore batzuk hartu ditu eredutzat: etxeko atarietako garbitzaileena, edo etxez etxeko zerbitzua eskaintzen zuten langileena. «Etxeko atarietako garbitzaileen kasuan, urtebetez lanketa handia egin zen atariz atari langileekin hitz egitera joanez». Horrek lanketa handia eskatzen duela aitortu du, eta, epe ertain batean ELA sektore horretan murgilduko dela aurreratu duen arren, gaur-gaurkoz ez du esan nahi izan noiz hasiko duten antolaketa hori. «Agendan daukagu, eta, mugituko garela erabakitzen dugunean, sindikatuan mugimendu indartsu bat eragingo du hautu horrek». Polarizatutako sektore bat antolatzea zaila izaten baita.

Pankartaren beste aldea

Salatzaileen aldean sindikalizazio prozesua abiatu gabe dagoen arren, salaketaren ardura ATH-ELEk hartu izan du urte luzez, bereziki Bizkaian. Borrokatzeko beharra egon badagoelako, Lorea Ureta hango kidearen arabera. Behargin horiek askotan gehiegikeriazko lan baldintzetan aritzen direla dio, eta horren erantzule nagusi egin ditu enplegu agentziak: «Agentzia horiek harremanetan jartzen dituzte langilea eta familiak; kontratua egiten laguntzen diete, baina kontratu hori langilearen eta enplegatzailearen artekoa da. Behin sinatuta, agentziak desagertu egiten dira». Jarduera hori, ordea, legezkoa da. Bitartekaritza hori egin dezakete, baina, Uretak salatu duenez, agentziek ez dute ardurarik hartzen langilearen baldintzen inguruan. «Asteko egun guztietan atsedenik hartzeko aukerarik ez duen langile bat eskatuz gero, hori eskuratzen dizute». Eta hor hasten dira arazoak.

Halako lan baldintzen berri eman eta salatzeko, behin eta berriro jo dute lan ikuskaritzaren atea AHT-ELEko kideek, baina «horiek ere ez dute euren betebeharra betetzen». Alegia, etxeko langileen lan eremuak ez dituzte ikuskatzen, eta, horregatik, enplegu agentzietan nahi duten bezala aritzen direla salatu du. «Badakite ez dituztela lan baldintza horiek ikuskatuko; beraz, nahi dutena egiten dute». Arrazoi horiengatik, azken boladan, AHT-ELEk salaketa eta mobilizazioak egin ditu Serhogar agentziak Bilbon duen bulegoaren aurka. Iazko abenduan egindako salaketaren arabera, legez kanpoko ordutegi eta baldintzak eskaintzen ditu bulego horrek, langileei astero dagozkien atsedenak errespetatu gabe. BERRIA saiatu da Bilboko bulego horrekin harremanetan jartzen, baina ez du lortu haiekin hitz egitea. Durangoko bulegotik iritsitako erantzunaren arabera, ordea, Serhogar agentziak gutxieneko baldintza batzuk betetzeko eskatzen die enplegatzaileei. Hala ere, bulego bakoitzak modu ezberdin batean lan egiten duela argitu dute, elkarren artean autonomoak direla. Bulego bakoitza frankizia bat da. «Langile egoiliar bat eskatzen badigute, 900 euro baino gutxiagoren truke ez dugu egiten bitartekaritza lanik».

Hain zuzen ere, gutxieneko soldataren muga hori adostu zuen AHT-ELE elkarteak 2014. urtean hainbat gobernuz kanpoko erakunderekin batera. Joan den urtean berritu zuten akordioa, eta, gaur egun, langile egoiliarrei gutxienez 925 euroko hamalau ordainsari ordaindu behar zaiela adostu dute, Gizarte Segurantzako kotizazioaz gain. Zigor Gorriti CEAReko enplegu teknikaria da, eta hainbat enplegu agentziak erabiltzen dituzten gehiegizko baldintzak kritikatu ditu hark ere: «Ezagutzen dugu gisa horretan lan egiten duen hainbat agentzia; lan baldintza kaskarrak ezartzeaz gainera, horren truke kobratu egiten dute. Ez da batere justua». Horregatik, gutxieneko baldintza batzuk adostu beharraz hitz egiten du, horiek ondoren enplegatzaileei azaltzeko. «Horrela egin ezean, ez dugu lortuko etxeko langileen baldintzak hobetzea».

BERRIAn argitaratua (2017/03/04)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA