astekaria 2017/03/10
arrowItzuli

gizartea

Zainduko duen mundu berri batera

A. Iraola

Zainduko duen mundu berri batera

Larrialdi egoera batean gaude, bai osasun ikuspegitik, bai ikuspegi sozialetik eta bai politikoki. Nola eman behar da erantzuna?». Aubixa fundazioko zuzendari exekutiboa da Maximo Goikoetxea. Gizarte Ekintzako diputatu izan zen Gipuzkoako Foru Aldundian, eta Donostia ospitaleko zuzendari kudeatzailea ere izana da. Egun, erretiroa hartuta dago, baina gizarte eta osasun zerbitzuetan —usu gizartearen bazterretako arazoak era gordinean erakusten dituzten talaia horietan— lortutako esperientzia gizarteari itzuli nahi dio; Aubixan, hain justu, gizartearen zahartzeak eta dementzien ugaritzeak dakartzan arazoez ohartarazteko dihardute lanean. Eta kezka eragiteko moduko iragarpenak dituzte esku artean. «Datuak izugarriak dira, soziologo guztiek esaten dute 2050erako gizarte honetako heren bat 65 urtetik gorakoa izango dela. Bizi itxaropena luzatu da, eta luzatzen ari da; hori albiste ona da». Baina ondorioak ditu: artegagarriak. «65 urtetik gorakoen artean, %8k Alzheimerren gaitza izango dute, eta 80 urtetik gorakoen artean, ia %25ek. Pentsa zer kopuru den hori». Hortik ezinegona.

Diziplina askotako adituak ari dira kezka horren inguruko erantzunak ontzen Aubixan. Tartean dago, adibidez, Joseba Zalakain; gizarte gaietako ikertzailea da, eta zaintzari gaur egun —sarri horretarako etxeko langile etorkinak kontratatuz; egoiliarren artean ia guztiak dira, hain zuzen ere, atzerritik etorritakoak— ematen zaion erantzunari buruzko gogoeta interesgarriak plazaratu berri ditu Emakunderentzat Julia Nogueira ikertzailearekin batera egin duen azterlanean: Emakume etorkinen diskriminazio multiplea etxeko lanetan eta zaintza lanetan Euskal Autonomia Erkidegoan. Argi du: egun zaintza behar duten pertsonei arta emateko ehundu den babes sistemak gabeziak ditu, agerikoak. Zalakainen arabera, Mediterraneoko beste hainbat herrialdetan eman zaion «konponbide funtzionala» gailendu da Euskal Herrian ere zaintza beharrei erantzuteko. «Eta zuloak ditu: zulorik handiena da kalitate falta; ez du bermatzen arta egokia, batez ere behar handiak dituzten pertsonentzat. Langile askorentzat, halaber, hor tentsio bat dago; ez da lan on bat, baina askok lanerako duten aukera bakarra da. Horrek hutsuneak dituela argi dago».

Etxeko langile ari diren andre etorkinek «diskriminazio» hirukoitza jasaten dutela azaldu Zalakainek; kanpokoak izateagatik, andre izateagatik, etxeko langile izateagatik. «Etxeko langile, gainera, era informal batean», azaldu du. «Ez da enpresa txiki bat ere; sindikatuak-eta agertu ere ez dira egiten. Etxe baten barruan da, hor sortzen diren hartu-emanekin. Horiek ez dira enpresa batekoak, ez daukazu buruzagi argi bat, familia batean zaude, eta hor sortzen da halako kaxa beltz bat. Ikusten da nor diren lan horretara doazenak: ahulenak». Hain justu, horren atzean «klase borroka bat» ere badagoela oroitarazi du; andre horiek kontratatzen dituzte bertako familiek beren bizimoduari eutsi ahal izateko.

Eremu ahulenean

Andre horien diskriminazioa agerikoa da, orobat, zaintza zerbitzu formaletan —zaharren egoitzetan, eguneko zentroetan eta abar—; horietan, batez ere, bertan sortutako emakumeak ari dira, ez etorkinak. «Hemengo emakumeak, nolabait ere, ari dira egonkortasun bat duten enpleguetan; etorkinak, berriz, edo hemen prestakuntza urriena duten andreak, zaintza informalean». Ez nekerik gabe: «Eskatzen zaie malgutasun bat besteek ematen ez dutena». Harago egin beharra defendatzen du Zalakainek. Trebakuntzan, esaterako, hobera egin behar da. Agerikoa da horren premia. Gipuzkoako Foru Aldundia aitzindari da, esaterako, mendekotasuna aitortua zaien pertsonak zaintzeko etxeko langileen kontratazioak egiteko diru laguntzak ematen —5.000 mendekori lagundu zaie horrela—. Aitor Marin da aldundian Mendekotasun Prestazioen atalburua, eta aitortu du langile horietako askok ez dutela alorrerako «trebakuntzarik». 2018tik aurrera, legez, langile horiek guztiek formakuntza bat jasoa dutela erakutsi beharko dute, baina aitortu du zailtasun handiak daudela paper gainean izkiriaturikoa lortzeko. «Teorian ongi da, baina airean dago».

Ez dirudi gauzatzen erraza. «600 orduko trebakuntza bat da; 120 ordu praktiko dira, eta 480 orduko bestelako zortzi modulu; langileek astia behar dute hori egin ahal izateko». Askorentzat ezinezkoa da. Lanbidek, halaber, oraino alorrerako «formakuntza plan bat» ontzeko duela adierazi du Marinek. «Berandu gabiltza». Etxe askotako korridoreetan ongi prestatu gabeko beharginak daudela badaki Goikoetxeak ere, eta adierazi du prestaketari ematen zaion arreta urria orain gutxi arte agiri ofizialetan ere halaxe agertu izan dela. «Ni 80ko hamarraldian hasi nintzen gai hauekin; bazegoen dekretu bat jartzen zuena zaintzaile horien trebakuntzak izan behar zuela etxekoandre batenaren parekoa... Nik hori idatzita ikusi dut, baina horrek ez du balio. Alderantziz, zaintzaileek ongi prestatuta egon behar dute; ez borondate ona dutelako bakarrik, prestakuntza egokia dutelako baizik. Alorreko langileen prestakuntza beharrezkoa da; ez da nahikoa norbait lau xentimoren truke kontratatzea».

Sustraietatik egindako eredu aldaketa bat proposatzen du Laura Gomezek. Gipuzkoako Foru Aldundian Berdintasun zuzendaria izan zen aurreko legealdian, eta aditua da berdintasun politiketan. Zaintza lanak gaur egun ulertzeko dagoen era —«ikusezinak dira, ez zaie baliorik onartzen, doan egiten dira, eta feminizatuta daude»— irauli egin behar dela uste du. «Izan ere, lan horiei baliorik nola ez zaien onartzen, horiek erostera egiten denean oso baldintza kaskarretan erosten dira. Ondorioz, lan horiek, oraindik ere, aukeratzeko modurik ez duten gizarte taldeenak dira». Kalteberenenak: andreenak eta, maiz, etorkinenak.

Sistema kapitalistaren muinean guztiz dago mamituta zaintza ulertzeko era oker hori, Gomezen ustez, eta horregatik da garrantzitsua erroko aldaketak egitea. Izan ere, hilurren dagoen sistema bat luzatzeko ahalegin etsi bat besterik ez du ikusten egun ageri diren desoreketan. «Zaintza sistema tradizionalek ja ez dute funtzionatzen», ohartarazi du. Instituzio publikoek ez diete erantzun horrek dakartzan beharrei, eta hortik dator arazoa, Gomezentzat; etxe askotan mendekoak zaintzen nahi eta ezinean ibiltzea dakar, eta zaintza lanetarako kontratu aski kaskarren «merkantilizazioa». Horiei aurre egiteko «zaintza» ardatz izango duen gizarte bat eraiki behar dela argi du Gomezek: «Horretarako konponbide kolektiboak ehundu behar ditugu», azaldu du. «Egun ez dugu konponbide kolektiborik arazo kolektibo batentzat; alor publikoak ere konponbide indibidualak sustatzen ditu». Bide horretan, parekidetasuna helburu, ezinbesteko deritzo gizonek ere egun emakumeek bere egiten dituzten rolak hartzeari —zaintzari lotutako rol horiek—. Ondo bidean, instituzioek, sendiek —horiek era zabalean ulertuta— eta irtenbide komunitarioek bat egin behar dute.

Bat datoz denak: familiei zama kendu behar zaie. «'Nola familiak hor dauden...', esaten da oraindik». Harago egitearen alde dago Goikoetxea. «Zein eredu gustatzen zaigun? Ahalik eta komunitarioena, erdian gaixoa jarrita, ahal izanez gero bere etxean edo etxe inguruan edukita. Horrek esan nahi du zaintzaileak behar direla: trebatutakoak». Eskaria berritu du. Zalakainek eredu «misto» bat nahi du: «Hain justu, Europa iparraldeko ereduei begira, eredu bat behar da zaintza zerbitzu formal ehunduagoak eskainiko dituena baina, halaber, familiaren eta gertukoen zaintza ere aintzat hartuko duena».

BERRIAn argitaratua (2017/03/04)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA