astekaria 2017/03/10
arrowItzuli

gizartea

BAZTERREKO SEKTOREA

Arantxa Iraola

BAZTERREKO SEKTOREA

Gainerako langileen gisako tratua nahi dugu guk; nik elektrikari baten, iturgin baten edo fabrika batean ari den langile baten gisako tratua nahi dut legearen partetik. Zergatik ez dugu? Nori ez zaio interesatzen hori horrela izatea?». Caridad Jerez (Albacete, Espainia, 1957) Nafarroako Etxeko Langileen Elkarteko presidentea da, eta, elkarteko gainerako kideen gisan, etxeko langilea. «24 urte daramatzat etxe berean. Egunean hiru ordu egiten ditut». Elkartearen martxari eusteko gorriak ikusten dituztela onartu du: zaila da gainerako langileekin hartu-emanak ehuntzea, haiengana iristea. «Hego Amerikakoak dira asko eta asko, etorkinak, eta egoiliar egon nahi dute». Egoiliarrak dira, hain justu, lan egiten duten etxean bizi diren langileak: adineko pertsonak zaintzen aritzen dira sarri askotan. Atseden une urriak izaten dituzte, eta haien berri izatea nekeza izaten da. Kezka ere izaten dute sarri, elkartera agertzen badira haien burua nabarmentzekoa: «Maiz zaila da emakumeak erakartzea; beldur handia dago sektorean: lana galtzeko beldurra». Emakumeak esan du. Ezin bestela; ikerketen arabera, etxeko langileen %95 emakumezkoak dira. Bada beste berezitasun bat: etorkinak dira asko; egoiliarren artean ia denak. Horrek aparteko izaera ematen dio sektoreari. Nolanahi ere, eskubideen aldeko borrokan lanean jarraitzeko asmoa dutela azaldu du Jerezek. «Agintariak dotore asko agertzen dira bazter guztietan, haien seme-alabak ere bai. Nork egiten dizkie etxeko lanak?».

Isabel Otxoa EHUko irakaslea da, eta ATH-ELE Bizkaiko etxeko langileen elkarteko kidea. Bat dator: «bidegabekeria» ugari daude etxeko langileen lan baldintzetan. Espainiako legerian Langileen Estatutuak zedarritzen dituen irizpideak alderatzen badira etxeko langileenekin —aparteko erregimen batek arautzen ditu haien lan baldintzak—, hara aldea; 40 orduko lan astea dute, oro har, beharginek; etxeko langileen kasua 60 ordura arte luza daiteke; gainerako langileek ez bezala, etxeko langileek langabezia saririk ez dute kobratzen; haientzako kalte-ordainak, halaber, apalagoak izaten dira, eta erretiroa kobratzeko garairako 862,44 euroko muga dute: «Eta, ondorioz, erretiro oso-oso apalak dituzte». Adibide bat ipini du Otxoak zeri buruz ari den hobeto esplikatzeko, elkartean artatu duten andre batena: «2016an, 47 urtean eta zortzi hilabetean kotizatzen aritu zen andre baten berri izan genuen; beti kotizatu zuen legeak uzten zion gehiena, denboran etenik izan gabe, gainera: Gizarte Segurantzak onartu zion pentsioa, ordea, 641,7 eurokoa izan zen. Ez zen iazko gutxieneko soldatara ere iritsi». Legez, horiek guztiak dira aldeak.

Baina lege mehar hori bete ere ez da egiten sarri askotan: berriki ATH-ELEk plazaratutako datuen arabera, etxeko langile egoiliarren %75ek astean 60 ordu baino gehiago egiten dituzte lan; %82k ez dute jasotzen jaso behar luketen soldata. ATH-ELE elkartean abokatu ari da Oskar Vellisca, eta lege urraketak ohikoegiak direla salatu du. «Ordutegietan, oporraldietan, soldatetan...». Langile egoiliar askok, bereziki, lanaldi oso luzeak izaten dituztela salatu du. «Batzuek uste dute egoiliar egoteak egun guztietan aritzea esan nahi duela, ordu guztietan...». Eta lan arloko lege urraketez aparte, badira bestelakoak: Sortzen aholkularitzak 2011. eta 2014. urteetan egindako azterketa baten arabera, adibidez, etxeko lanetan ari diren andre etorkinen %22k lan eremuan sexu jazarpena jasan izana aitortu zuten.

LABeko ordezkaria da Eñaut Aramendi, Lapurdin. Han ere etxeko langileen egoerak zer hobetu franko duela argi du. Frantziako legeriak ez die ezartzen aparteko erregimenik, baina lan baldintza «prekariotan» ari dira sarri. Familiek zuzenean kontratatuta, elkarteen bidez —hainbat langileren zerbitzuak eskaintzen dituzte— kontratuak bideratuta, edo zerbitzu publikoek ematen dituzten baliabideen bidez; hiru modu horietara hel daitezke beharginak etxeetara, eta guztietan zer hobetua dagoela pentsatzen du. «Askotan 06:00etan lanean hasi eta 19:00etan bukatzen dute». Etxez etxe ibiltzen dira maiz, kontratatu dituenak halaxe eskatuta, baina batetik bestera joaten pasatzen duten astia ez diete pagatzen, eta garraio gastuak ere haiek ordaindu behar izaten dituzte sarritan. Zuzenean familiek kontratutakoek usu familia barruko desadostasunek dakartzaten ondorio mingotsak pairatu behar izaten dituzte. «Askotan ibili behar izaten dute hiru, lau edo bost nagusi balituzte bezala, batek gauza bat esaten duelako; besteak, berriz, bestea».

2012. urtean Espainiako Gobernuak sektorearentzat atal berezi bat ezarri zuen Gizarte Segurantzan, eta ordutik ikusi dute igo egin dela kotizatzen duten langileen kopurua; ATH-ELEk emandako datuen arabera, orduan 20.581 andrazko zeuden izena emanda Hego Euskal Herrian etxeko langileen atalean; orain, berriz, 37.084. Aurrera urrats bat da, baina apala. «Oraindik langileen ehuneko handi bat dago Gizarte Segurantzan izena eman gabe lanean», ohartarazi du Otxoak. «Lanaldi osoan ez dauden andrazkoetan agertzen den arazo bat da, bereziki. Gehienak bertakoak dira, eta guk askotan nabarmentzen dugu horiexek direla, hain zuzen ere, ikusezinenak». Izan ere, prekaritatea sektore osoan da agerikoa.

Hala ere, andre etorkinen egoerari aparteko begirada bat ematea garrantzitsua da; egoiliar gehienak etorkinak dira, eta paperik gabeen artean lanerako aukera bakanetakoa da askotan etxeko langile gisara aritzea. Emakundek iaz ikerketa batean plazaratutako datuen arabera, balantzaren desoreka agerikoa da, kanpotik etorri diren andrazkoen kaltetan: hain zuzen ere, etxeko lanetan kontraturik gabe ari dira etxeko langile etorkinen %24; bertan jaiotakoen artean, berriz, %14,4 dira tankera horretan ari direnak, langile guztiak aintzat hartzen badira, %1,4.

Zaintza lanetarako kontratatzen dira etxeko langileak egun maiz: adineko pertsonak zaintzeko gehienetan. Instituzioek zaintzarako ahalbidetzen dituzten laguntza zerbitzuak —udaletatik, esaterako, etxez etxeko laguntzaileak bideratzen dira premian direnen etxeetara; gehienez egunean hiru orduko laguntza dakarte, eta berrordaindutako zerbitzua da, ez debaldekoa— aski ez dira askotan, eta hutsune bat betetzeko erabiltzen dira etxeko langileak. Mendeko pertsonak zaintzeko kontratazioak egiteko bideratzen diren diru laguntzak ere —Gipuzkoako Foru Aldundiak jorratu du, bereziki, bide hori, aitzindari: era horretako 5.000 diru laguntza eman ditu— etxeko langileen kontratuak egiteko erabiltzen dira gehienetan: langileen %90 era zuzenean kontratatzen dira, langileak bigarren mailako egiten dituen erregimen horren barruan, hain justu. Gainerakoan familiek eska ditzakete laguntzak mendeko pertsona etxekoren batek zaintzeko. Eta, hain zuzen ere, laguntza hori ere erabiltzen dute sendi askok etxeko langileak kontratatzeko. Halakoak sarri ikusten dituztela azaldu du Otxoak, eta gehiegikeriak ere antzematen dituztela: «Mendeko pertsona zaintzeaz gain, bestelako etxeko lanak ere egin behar izaten dituzte askotan behargin horiek». Instituzioek, laguntzak emanda ere, behargin horien lan baldintzak kontrolatzeko deus gutxi egiten dutela adierazi du. «Beste alde batera begiratzen dute». Sendi askok sarri halakoetan langile egoiliarrak hautatzen dituzte: gau eta eguneko zaintza bermatzeko.

Ikuskaritzen zailtasunak

Eta egoiliarren lan astea, bereziki, oso luzea izaten da: ia atsedenik gabea sarri. «Langile askok egiten dituzte astean 60 ordu baino gehiago», deitoratu du Velliscak. Egoiliarren lanaren gogortasuna agerian uzten duten testigantzak usu entzuten dituztela onartu du Jerezek ere: «Ia 24 ordu zaintzen duzun pertsona horren arabera, oso gogorra da hori». Sektoreko urraketen aurrean, hala ere, kontrol falta antzematen du Nafarroako Etxeko Langileen Elkarteko presidenteak: «Esaten dute laneko ikuskatzaileak badirela: guk ez ditugu inoiz ikusi». Bat dator Otxoa kritikan: «Gaur egun lan ikuskaritzek ez dihardute sektorean, ez sistematikoki, ezta bizkortasunez ere». Horren ondorioz, salaketa gutxi ipintzen direla uste du. Eskubideei buruzko ezagutza falta ere askotan eragozpen dela ohartarazi du Velliscak. «'Eskubiderik ez nuela uste nuen', esan izan digute behin baino gehiagotan etxeko langileek. Garrantzitsua da haiek eskubideen berri izatea». Baina, hala ere, alorrean jardutea ez dela batere erraza onartu du Eusko Jaurlaritzako Lan Ikuskaritzako zuzendariorde Ricardo Minguezek. «Talde profesional horren ezaugarria da lan egiten duten tokia pertsona baten edo gehiagoren bizilekua izatea; zuzenbide konstituzionalaren arabera, ordea, ezin bortxatuzkoak dira etxeak, beraz, horietara ezin da sartu gainerako lantokietara bezala». Ondorioz, etxeetako korridore, ohe buru eta sukalde bazterretan ahitzen dira usu urraketak: intimitateak epeletik deus ez duen leku hotzetan. «Biziki zailtzen du lan harremana egiaztatzea, baita horrekin lotutako gainerako aldagai guztiak ere: ordutegia, soldata eta abar», onartu du Minguezek.

Bat dator Nafarroako Gobernuko Lan Zuzendaritzako Lan Zerbitzuko zuzendaria, Javier Zubikoa; etxeetako sarrailek giltzatuta daude etxeko langileen lan harremanak. «Zailtasun handiak daude ikuskaritzarako», onartu du. «Planifikazioan egin dezakegu lan; informazioa ematen, sentsibilizatzen». Nolanahi ere, bestelako bideak badirela adierazi du Velliscak, eta aintzat hartu beharko liratekeela. «Askotan lan harremana frogatzea izaten da arazoa; etxera sartu ezin bada ere, badira bestelako erak: lekukoak eta abar». Ohartarazi du eskubidedunak direla langileak beti, baita kontratu idatzirik —izatea komeni dela gogorarazten diete langileei elkartean beti— ez dagoenean ere.

Eragozpenak eragozpen, ahaleginetan direla esan du Minguezek: «Iaz, esaterako, 65 jardunbide egin ziren sektorean». Eta asmoa badute arau hauste gehiago atzemateko: hain zuzen ere, webgune bat eratu nahi du Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailak zeinean salaketak aurkeztu ahal izango diren modu anonimoan. Salaketak jartzea aski urrats zaila da, hala ere, emakume askorentzat, sentimenduek —txerak, errukiak, lotsak, izuak— ehundutako habia baita sarri askotan lan egiten duten lekua: lantokia eta bizitokia.

ATH-ELEk hainbat eskari egin ditu Eusko Legebiltzarrean etxeko langileen baldintzak hobetze aldera. Osalanek, esaterako, sektoreko lan osasunari erreparatzea nahi dute, ogibidearen ondorioz sortutako osasun arazoak aintzat hartzeko. Horren premia gorria dagoela uste du Otxoak. «Egoera ia historiaurrekoa da». Eusko Legebiltzarrak eskatu du, halaber, sektorea ikertzeko eta etxeko langileen jardunarekin zer behar tapatzen diren argitzeko. Orokorrean, ordea, bazterkeria egoerak «betiereko» egiteko joera usuegitan ikusten dutela gaitzetsi du Otxoak. Hara adibide bat: etxeko langileek ezin dituzte Jaurlaritzak familia eta lana bateratzeko ematen dituen laguntzak eskuratu. Etxeko langileen eske sortari atxikita, EH Bilduk hori bertan behera uzteko eskatu du; EAJ eta PSE-EE, ordea, kontrako proposamen batean batu direla salatu du Otxoak. Onartezin deritzo: «Jarrera zuzentzea espero dugu».

Paperik gabe, nekezago

«Langile paperik gabeen kasuan egoeraz baliatu egiten dira lana ematera doazen asko; soldata oso baxuak jartzen dizkiete, eta lanaldi luzeak. Andreek onartu egiten dituzte baldintza horiek paperak lortzeko kontratu bat eskuratzeko esperantzan». Isabel Otxoak kontatzen duenez, sarri entzuten dituzte halako istorioak elkartean. Atzerritarren Legeak etorkinentzat zedarritzen dituen bizi baldintza zailen ondorio argia da egoera: hiru urteko egonaldia frogatu arte ezin dute legezko paperik eskuratu, eta hiru urte horietan bizi egin behar da: nola edo hala. Behin hiru urteko egonaldia frogatuta, lan kontratu bat badute, paperak lortzeko era egin dezakete etorkinek, eta horixe izaten dute askok jomuga. Zapuztu ere egiten da, ordea: gehiegitan. «Zenbaitetan, sustraitzea erakutsiz paperak lortzeko bidea ikusten dutenean, kontratua eskatzen dute, eta bota egiten dituzte orduan», deitoratu du Otxoak. Kasurik onenetan ere lan baldintzen kaskartze etengabea dakar etorkinen babesgabetasun egoerak, EHUko irakaslearen ustez: «Bizileku baimena berritzeko lan kontratu baten eskaintza izan behar dute derrigorrean etorkinek; lotsagarria da. Paperak berritzearen trukean edozein eskaintza egitera darama jendea». Eta etorkinen presentzia handia da sektorean: etxeko langile egoiliar ari diren ia denak, esaterako, etorkinak dira. Hainbat kalkuluren arabera, langileen laurdenak ari dira egun paperik gabe.

«Oso-oso portzentaje handia da hori», ohartarazi du Stijn Callensek. Gipuzkoako SOS Arrazakerian aholkulari dihardu, eta ongi ezagutzen du langile horien egoera. «Portzentaje horrek agerian uzten du pertsona horien premia: diru hori behar dute bizitzeko, eta, haien egoeran, beste lanen bat lortzeko hauturik ez dute. Ondorioz, sarri gauza asko jasaten dituzte lana mantentzeko. Eta horri kontratu baten promesa eransten badiozu, ba paperik gabeko emakumeek sentitzen dute iraun egin behar dutela lan horretan, ahalik eta gehien. Negoziaziorako tartea aski apaldua duten pertsonak dira». Gogorarazi du, gainera, sarri Euskal Herrian familia sarerik ez duten pertsonak direla, eta horrek are gehiago zailtzen duela haien egoera. «Horrez gain, jatorritik ere presio handia dute; familia han utzi dute, seme-alabak: dirua irabazteko egiten da hori». Migrazio proiektua hasteko zorretan sartutako emakumeak ere ikusten dituzte sarri. Horiek horrela, epaitegi edo salaketa hitza entzute hutsak andrazko asko artega ipintzen dituela onartu du Velliscak: «Uste dute epaitegira iristea txarra dela haientzat».

Soka tenkatuta

Eta, hain zuzen ere, gehienetan egoera aski larrietan hurbiltzen dira aholkularitza jasotzeko tokietara etxeko langileak. «Krisia ja sortu denean etortzen dira; esaterako, lanetik era bidegabean bota dituztela kontatzen», azaldu du Callensek. Susmoa du askotan «bakarkako» borroka luzeen ostean heltzen zaizkiela, lantoki duten etxeko soka oso tenkatuta dagoenean, edo guztiz apurtuta. Pertsona horiek paperik gabeak badira, ahalegintzen dira egoera horren «abstrakzioa egin» eta haien lan eskubideak beste edozein langilerenak bezala defendatzen administrazioaren aurrean. Kontratu idatzirik ez badago ere, langile horien defentsa egin daitekeela oroitarazi du SOS Arrazakeriako ordezkariak. Paperek ez dute, gainera, dena konpontzen. Paperak dituzten etorkinekiko egoera bidegabeak ere usu ikusten dituzte aholkularitza ematean: «Prekariotasuna ez da paperekin bakarrik konpontzen».

Zuztarretara egin behar dela uste du Otxoak. «Lanaldi luzeak badaude, eta soldata bidegabeak, hori gertatzen da behar horiek ez direlako betetzen beste era batean», ohartarazi du. «Giro bat sortu behar da zeinean ez diren beharko 12-14 orduko lanaldietan egindako zaintzak. Zaintzeko modu hori ez da iraunkorra».

BERRIAn argitaratua (2017/03/04)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA