astekaria 2017/03/10
arrowItzuli

gizartea

Iparraldeko erdara Hegoaldean

Mikel Rodriguez

Iparraldeko erdara Hegoaldean

Joan den hilaren hasieran ikerketa bat argitaratu zuen Gipuzkoako Kultura Departamentuak Echanges du Pays Basque enpresarekin elkarlanean, «Gipuzkoan frantsesaren presentzia nabarmena izango lukeen hezkuntza lerro baten eskaria egon litekeen aztertzeko». Denis Itxaso Kultura diputatuak azaldu zuenez, ikerketak erakutsi du «badela eskari nahikoa frantsesak protagonismo berezia izango lukeen hezkuntza lerro bat justifikatzeko»; ez hori bakarrik, Gipuzkoak gaur egun frantsesaren ezagutzan duen gabezia «egiaztatu» du. Itxasok ikerketaren aurkezpenean arrazoi ekonomikoak argudiatu zituen frantsesaren ezagutza hedatzeko, Frantziako Errepublikak Gipuzkoako esportazioen eta inportazioen balantzan duen garrantziarengatik eta turismoarengatik. «Badago pertzepzio hori, Ipar Euskal Herrian jende gehiagok dakiela gaztelaniaz, Hegoaldean frantsesez baino», adierazi du Aitzpea Leizaola antropologo eta hizkuntzalariak. «Egin izan diren inkestek hala adierazten dute», bat etorri da, berriz, Hur Gorostiaga Seaska Ipar Euskal Herriko ikastolen elkarteko zuzendaria. Beraz, maiz sortu ohi den zalantza da Hegoaldean frantsesaren ezagutza hedatzeak nola eraginen ote liekeen etekin ekonomikoez aparteko bertze arlo inportanteei: Ipar-Hego harremana, euskararen egoera, nazio ikuspegia...

Leizaolak tesia egin zuen mugak Euskal Herrian duen eraginari buruz. Antropologoak ez du uste Hegoaldekoek Iparraldekoen erdara gehiago jakiteak «halabeharrez» eraginen liokeenik elkar ezagutzari. «Mugaz gaindiko harremanen norabideak markatzen du gehiago, hizkuntza ezagutza hutsak baino: zer irudikapen egiten den mugaz bestaldeko parte horri buruz, zer nolako gogoa dagoen bestaldera joateko, zer erakarpen maila dagoen bata bestearekiko... Gaur egun, uste dut joera handiagoa dagoela hegoalderantz, iparralderantz baino, eta duela 30 bat urtera arte kontrakoa zen». Erdaren beharrari buruz eztabaida sortzearen bertze arrazoietako bat euskarak jasaten duen minorizazio egoera da. «Gaur egun, euskara ez da komunikazio hizkuntza nagusia mugaren bi aldeetan. Euskaldunak askotan beste hizkuntza batera jo behar du, parekoak ez dakielako euskaraz. Kasu batzuetan, ipar euskal herritarrak gutxieneko gaztelania maila bat eduki ohi du, euskaldun izan ala ez; kontrako aldera, frantsesarekin ez da askotan gertatzen».

Ezagutza goiti, baina gutxi

Eustat Euskal Estatistika Institutuaren arabera, frantsesaren ezagutza handitu egin da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren artean 1989tik 2014ra: Araban, %12tik %14ra; Bizkaian, %10etik %12ra; eta, Gipuzkoan, %13tik %20ra. Nafarroako Estatistika Institutuak 2011n neurtu zuen frantsesaren jakintza: herritarren %14k zeukan gutxienez A1 mailako ezagutza. Hala ere, ingelesarekin konparatuta, aldea nabarmena da kasu guztietan. 1989rako, horren ezagutzak frantsesarena gainditzen zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan —bi punturen aldearekin bakarrik Gipuzkoan, hamar puntu baino gehiagoz Araban eta Bizkaian—, eta 2014rako aldea are nabarmenagoa zen. Nafarroa Garaian, berriz, 2011n %32 inguru pertsonak zuten ingelesaren ezagutza, frantsesaren ezagutza zutenen kopurua halako bik baino gehiagok.

«1980ko hamarkadara arte, frantsesak zuen bigarren hizkuntzaren edo atzerriko hizkuntzaren rola, eta ez bakarrik hemen, baita nazioartean ere», azaldu Leizaolak. «Kulturaren eta zibilizazioaren hizkuntza zen, baina izaera pragmatikoago bat nabarmentzen zuen diskurtsoa nagusitu zenean, ingelesak hartu zuen frantsesaren lekua nazioartean, eta horrek eragin zuzena izan zuen Hego Euskal Herrian». Hizkuntzen irakaspenari dagokionez, arreta handiena hezkuntza sisteman finkatu ohi da, aldaketa erabakigarriak bultzatu ohi baititu horien ezagutzan. 1980ko hamarkadan ingelesak aitzin hartu zion frantsesari Hego Euskal Herriko hezkuntza sisteman. Ikastolen Elkarteak 1991n hasi zuen Eleanitz proiektua. «Planteamendua zen elebitasunetik eleaniztasunerako bidean ikastoletan lantzen ziren hizkuntza guztien ikuspegi bateratu bat ematea, eta metodologia aldetik ere bidea hurbilduz joatea», azaldu Itziar Elorza Eleanitzeko zuzendari ohiak eta EHUko Hezkuntza Fakultateko irakasleak. «1991n, ikastola bakar batek ere ez zuen frantsesaren aldeko hautua egin, eta, horren ondorioz, Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzan ingelesa bihurtu zen hirugarren hizkuntza». Hortaz, Eleanitzek ikastolen arteko koordinazio bat bultzatu zuen euskara, gaztelania eta ingelesa irakasteko, eta, frantsesaren kasuan, «bakoitzak ahal zuena» egin zuen.

Hori, Hegoaldean. Ipar Euskal Herriko ikastoletan, bertzelakoa izan da hizkuntzen irakaspena. 6 urtera arte, ikasleak euskara hutsean aritzen dira, eta 7 urterekin frantsesa ikasten hasten dira, progresiboki astean ordu gehiagoz 11 urtera arte. Bigarren Hezkuntza Hegoaldean baino urtebete lehenago hasten da Iparraldean; lehenbiziko mailan —Iparraldean seigarren maila erraten zaio— ikasleek gaztelaniaren edo ingelesaren artean aukeratu behar dute hirugarren hizkuntza; bigarren mailatik aitzinera —borzgarren maila erraten zaio—, berriz, biak dituzte derrigorrezko. «Ohitura dugu beste aldera joateko, eta, ongi edo gaizki, jendea moldatzen da gaztelaniaz», azaldu du Gorostiagak. «Ikastolako ikasleak hiru eledunak dira, eta, asko, lau eledunak, ingelesarekin». Seaskako zuzendariak uste du Hegoaldeko ikastetxeetan frantsesak derrigorrezko irakasgaia izan beharko lukeela, «euskararen kaltetan» ez bada. «Oso modan dago ahal bezain goiztik sartzea atzerriko hizkuntza. Ni ez nago konbentzituta, baina Bigarren Hezkuntzan sartuko nuke, orain baino askoz indartsuago. Azken finean, Euskal Herrian daukagun hiru hizkuntzetako bat da».

Mugaren berezitasuna

Gorostiagak gogora ekarri ditu 2003an argitaratutako ikerketa baten emaitzak: Euskara Donostia-Baiona Eurohirian. Felix Etxeberria EHUko Pedagogia katedradunak egin zuen. Bildutako datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko ikasleen artean %97k zuen euskara gutxienez irakasgai gisa, eta Ipar Euskal Herrikoen artean, berriz, %25ek. Gaztelaniaren kasuan, %100ek EAEn, eta %25ek Iparraldean. Ingelesaren kasuan, %95ek EAEn, eta %75ek Iparraldean. Eta, frantsesari dagokionez, %2k EAEn, eta %100ek Iparraldean. Ingelesa zuten, beraz, hizkuntza nagusi komuna.

Hegoaldean, ordea, azken urteotan frantsesarekiko egoera aldatzen hasi da. «Euskal curriculumaren planteamendua egin genuenean, ikusi genuen beharrezkoa zela frantsesari ahalik eta toki indartsuena ematea, mugaren bi aldeetako kohesioa lortu bahian», azaldu du Elorzak. Joan den hamarkadan hasi zen gorpuzten frantsesa ikastoletan zabaltzeko egitasmoa, eta, gaur egun, gutxienez hautazko bezala zentro guztiek dute eskaintza. Gehiago eman dionik ere badago, Berako Labiaga eta Lesakako Tantirumairu ikastolek (Nafarroa Garaia) derrigorrezko irakasgaitzat baitute 2015-2016ko ikasturteaz geroztik. «Ikastolak duen kokapena kontuan izanda, interesgarria iruditu zitzaigun frantsesari garrantzi gehiago ematea», erran du Jon Diez Labiaga ikastolako zuzendariak. «Gurasoei gaia azaldu zitzaien, eta batzar orokorrean proiektuarekin jarraitzea erabaki zen. Tantirumairu ikastolarekin harremanetan paratu ginen, eta beraiek ere gauza bera egitea erabaki zuten». Ikasleak Lehen Hezkuntzako laugarren mailan hasten dira frantsesa ikasten —Tantirumairun hirugarren mailan, laugarrenekoekin gela partekatzen baitute—.

Mugan kilometro gehien duen lurraldea Nafarroa Garaia bada ere, biztanleria eta mugimendu aldetik Txingudiko badia da eremu nagusia, nabarmen. Irunen (Gipuzkoa), Txingudi ikastola da ikastetxe handiena. Sare publikokoa da, eta DBHko lau mailatan hautazko irakasgaitzat du frantsesa. Eskaria «gero eta handiagoa» dela kontatu du Sergio Arnaiz DBHko zuzendariak. Badiaren Gipuzkoako aldeko bertze hirian, Hondarribian, Talaia institutu publikoak DBHn eta Batxilergoan aukera ematen du derrigorrezko atzerriko hizkuntzatzat ingelesaren eta frantsesaren artean hautatzeko, eta hautazko irakasgaietan ere tokia dute bi hizkuntzek. Txingudiko badian gertatzen den bertze fenomeno bat da Lapurdiko eskolek Gipuzkoako ikasleak jasotzen dituztela. Gorostiagak azaldu duenez, Frantziako eskola publikoetara eta pribatuetara joan ohi dira, Seaskako ikastoletara baino gehiago. «Konparazioz, askoz gehiago dira frantsesa ikasteko etortzen direnak, euskaragatik baino».

Hegemoniaren «lehia»

Gauzak horrela, Hegoaldean herritarren %100 da gaztelania hiztun, eta, Iparraldean, bertze %100 frantses hiztun. «Ez dut uste frantsesa Hegoaldean irakasteak aparteko kaltea ekar diezaiokeenik euskarari, euskara Hegoaldean galtzen bada ez baita izango herritarrek frantsesez egiten dutelako, espainolez egiten dutelako baizik. Eta, Iparraldean, alderantziz», erran du Urtzi Urrutikoetxea kazetari eta Euskal PENeko kideak. Hala ere, Urrutikoetxeak uste du «hierarkiak argi» markatu behar direla. «Batzuei ez zaie hori gustatzen, baina niri geroz eta gehiago iruditzen zait euskaldun normalizatu batek haren hizkuntzatzat euskara izan beharko lukeela, eta bigarrena ingelesa, ez frantsesa edo espainola». Urrutikoetxeak bere idazkietan maiz landu du hizkuntza eta nazio minorizatuen gaia, eta atzerriko ereduak aztertu izan ditu euskara hizkuntza hegemoniko bihurtzeko bideak proposatzeko. «Lehen hizkuntzak hemengoak izan behar du, eta bigarrenak, estatutik kanpo mugitzeko, ingelesak. Estonian hala egin zuten: erabaki zuten estonierak izan behar zuela estatu hizkuntza, eta errusierak zeukan rolak hirugarren plano batera pasa behar zuela, eta, tarteka, akaso suedierak edo finlandierak ere hartu behar zutela rol hori».

Euskarak Hegoaldean hegemonia lortzeko, «gaur egun daukanari» kendu behar dio, Urrutikoetxearen ustez. «Lehia bat dago espainolarekin, eta argi esan behar da zeini kendu behar zaion. Frantsesa sartzea interesgarria izan daiteke, baina betiere argi izanda espainolaren hegemoniari kalte egin behar diola».

Ingelesez, Euskal Herrian

Ipar-Hego harremanei dagokienez, euskararen galerak izan ditu ondorioak. «Gertatzen da mugaren bi aldeetako jendea elkartu eta ingeles eskas batean aritu behar izatea, elkar ulertzen ez dutelako», adierazi du Leizaola antropologoak. «Komunikatzeko beharra dagoenean beti bilatzen da lingua franca bat, eta hiztunek ingelesez badakite, ingelesa egingo dute». Urrutikoetxeari ez zaio gaizki iruditzen euskal herritarren artean ingelesez aritu behar izatea. «Baionara banoa eta euskaraz ez badakite, zergatik ez dut ingelesez egingo? Badakit batzuentzat sakrilegio hutsa dela, nolabait onartzen baita euskaraz ez badakite, beste erdara horiek gureago direla ingelesa baino. Baina gureari mehatxu egiten diotenak espainola eta frantsesa dira, eta horiek ahalik eta gutxiena erabiltzeak, badu garrantzia hegemonia kentzeko». Leizaolaren arabera, mugaren bi aldeetako euskaldunak elkartuz gero, «argi» dago euskara izaten dela baliatzen duten «lingua franca». Horregatik, zalantza sortzen zaio Urrutikoetxeari: «Hegoaldean frantsesak ez du euskara ordezkatuko, baina denok baldin badakigu frantsesez eta espainolez, akaso euskararen beharra...».

BERRIAn argitaratua (2017/03/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA