astekaria 2015/11/20
arrowItzuli

gizartea

MABEL MARIJUAN

«Ez dakigu nola hiltzen den jendea»

Arantxa Iraola

«Ez dakigu nola hiltzen den jendea»

Ibilbide profesional ia osoa darama Mabel Marijuanek (1960, Bilbo) bioetika gaietan murgilduta. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza Fakultatean, hain justu, alor horretan trebatzen ditu mediku gazteak. Asteazken ilunabarrean Etika, Humanismoa eta Zientzia. Elkarrizketak jardunaldietan —Laboral Kutxak, Donostialdea ESIk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen dituzte— mintzatu zen, Donostian. Bizitzaren amaierakoek sortzen dituzten dudez aritu zen Koldo Martinezen alboan; argi pixka bat ipintzeko ahaleginean.

Jendea nola hiltzen den argitzeko ahalegin bat egin beharko litzatekeela defendatzen duzu. Hain lauso al dago ba hori?

Komunitate batek errealitatea zein den ez badaki, nekez egin ditzake lege egokiak. Aldaketa handiak egon dira gizartean azken hamarraldi hauetan: osasunean, osasun sisteman, adin piramidean... Zinetan aldaketa handiak izan dira, baina ez dakigu nola hiltzen den jendea Euskal Autonomia Erkidegoan. Ez dakigu. Eta erraz jakin genezake; komunitate txikia gara, profesional ondo trebatuak ditugu alor askotan, eta zer gertatzen den azaleratzeko bidea eman dezakete horiek.

Egun badira legeak hobeto hiltzen lagun dezaketenak. Lege berriak behar dira horiek osatzeko ala horiek taxuz ezarrita hobekuntzak egin daitezke?

Nire ustez, indarrean dauden legeak elkartu beharko lirateke, eta birfundatu. Badago joera lege asko egiteko gai honen inguruan, hain justu, badaude hainbat: sei-zazpi badira. Legegileek, gizartearen beharrei erreparatu, eta legeak birfundatu behar lituzkete, eta orduan ikusiko lukete bi gairi eman beharreko erantzuna argitu behar dela: bai suizidio lagunduari, eta bai eutanasiari. Argi dut gure gizartean erlijio katolikoak eragin handia izan duela eta gauzak ez direla gauetik egunera aldatuko; lehen bide bat izan daiteke medikuek suizidio lagunduari heltzea, eta gero, akaso, eutanasiari. Edo ez. Ez dakit. Duda handia dut, benetan itzela; baina ziur naiz gure osasun sisteman egiten direla suizidio lagunduak, eta egiten dela eutanasia ere... Alegia, esan nahi dut erantzuna ematen zaiela zenbait pazientek beren borondatez eta modu iraunkorrean bizitza amaitzeko egindako laguntza eskakizunei.

Debekatuta daude bi jarduerak. Legea urratzen da, beraz?

Modu sistematikoan ez, jakina. Baina badira eskatzen duten pertsonak eta erantzuten duten klinikoak. Baina hori leku guztietan gertatzen da; gurearen tankerako herrialde eta osasun sistema guztietan badira medikuari bizitza amaitzeko laguntza eskatzen dioten pazienteak, eta erantzuten duten klinikoak. Herbehereetan, esaterako, hori argi eta garbi ikusi zuten Remmelink txostena egin zutenean, eta auzi pribatu hari forma publikoa eman behar zitzaiola ikusi zuten txosten hartan, gizarte osoari dagokiolako. Ondoez handia sortzen du jakiteak egon daitezkeela medikuak jendeari bizitza amaitzen laguntzen; izan ere, zer ari dira, pazientearen onespenarekin? Ala senitartekoek eskatuta? Nik nire gizarteak kontu horiek argi izatea nahi dut.

Klandestinoki horrelakoak egiten direla diozu. Egiten ari direnaren berri izateko, profesional horien lege babesa ziurtatzea oso garrantzitsua litzateke...

Jo dezagun mediku eta erizainei galdera egiten diegula; zenbat aldiz lagundu dioten norbaiti hiltzen eutanasia baten bidez. Egia jakiteko lege babesa eman behar zaie pertsona horiei, jakina. Izan ere, zer eta nola egin duten jakingo bagenu datuak izango genituzke. Ez da zentzugabekeria bat hori egitea. Herbehereetan egin dute, Danimarkan... Aldiz, Mediterraneo itsaso aldera hurbildu ahala, gai horiek ikertzea kosta egiten zaigula dirudi. Eta oso ondo prestatutako jendea badugu horrelako azterketetan murgiltzeko. Tarte bat hartu beharko genuke jakiteko nola ari garen hiltzen; zer ari den gertatzen.

Espainiako Zigor Kodean zerrendatuta daude eutanasia eta suizidio lagundua. Nola lortu horiek arautzea muga horrekin?

Europako Batasunarena sinets dezakegun kontu bat da; Ekialdeko Europako herrialdeak sartu ahala atzeraldi bat egon da, egia da hori. Baina, oro har, gai hau Europa osoan aintzat hartzeko erakoa da, eta Europako Batasunak askatasun zibilen inguruan ematen dituen irizpideak oso argiak dira. Egia da Zigor Kodean daudela gai horiek, eta agian, gakoa, auziari buruzko lege bat eskatzea baino gehiago, horiek zigorgabetzea da lehen helburua. Abortuarekin ere horixe egin zen; abortua zigorgabetzea, horixe izan zen lehena.

Hilurren daudenen sedazioa, tratamenduak bertan behera uztea, zaintza aringarriak... Legezkoak dira denak, baina horien inguruan oraindik zalantzak sortzen dira. Zer egin da gaizki?

Ezagutza, izan, badugu, baina askotan diskurtso publikoak gai hauetan bandoen arteko mezuetara bideratzen dira; sinplekerietara. Gai horiek lantzeko jarrera sinpleetara jotzen da usu, eta klinikoak ere ilunkeriatan erortzen dira zenbaitetan. Zuzenbidearen aurrean kikildu egiten gara sarri medikuak, eta umeen moduko jarreretara ere egiten dugu. Horregatik litzateke interesgarria gaiaren inguruan dauden legeak elkartzea, birfundatzea. Baina legez egin daitezkeen indikazioen gainekoa, berez, egun konpondutako auzia da: legea akaso nahasi xamarra da zenbaitetan, baina konponduta dago. Konpontzeko geratzen dira eutanasia eta suizidio lagundua: baina horiek ez dira medikuek egindako indikazioak, horiek hautuak izango dira, pazienteen hautuak.

Endekapenezko gaixotasun neurologikoak asko hazten ari dira, eta, iragarpenen arabera, halaxe jarraituko dute. Tankera horretako diagnostiko baten aurrean, nola landu bizitzaren amaierari buruzkoak?

Ez da erraza gaiaz aritzea, jakina, eta zenbaitetan laguntza pixka bat lortzea garrantzitsua da. Bizitza datorren moduan dator; ez dakigu zer tokatuko zaigun. Baina heldu izateak eta gizarte heldu bat izatea izan behar dugu jomuga, gai horien gaineko erantzukizuna hartzea eskatzen du, oso gogorrak badira ere. Norbaitek har dezake deus ez jakitearen aldeko jarrera, infantilista, baina hori ez dator bat eduki nahi dugun askatasunaren ideiarekin, ezta?

Baina jarrera heldugabe hori ukaezina da, ezta? Bizi testamentuari buruzko datuek erakusten dute: zuek emandako datuen arabera, herritarren %15ek egiten dute, gehienera.

Kosta egiten zaigu sexuaz eta heriotzaz mintzatzea, ukaezina da. Gizartea prest dagoen eutanasia legeztatzeko? Askotan legeak erakusten du politikariek eta ideologoek uste dutena baino prestatuagoa egoten dela gizartea. Giltzarri da, ahal dela, lege erraz bat egitea; arazoak konpontzera egingo duena, eta ez gehiago sortzera. Errealitatea oinarri duen lege bat egitea nahi dut horretarako. Urteotan guztietan izan den eboluzioa oso interesgarria da, aintzat hartzekoa: lehen, pazienteei ez genien kontatzen zer gertatzen zitzaien; orain, hartzen diren erabakien partaide egiten ditugu.

BERRIAn argitaratua (2015/11/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA