astekaria 2015/10/09
arrowItzuli

gizartea

Euskaldunak Hollywooden

Jose Mari Pastor

Euskaldunak Hollywooden Jose Mari Pastor

Euskal film bat lehen aldiz garaile Hollywooden. Hizkuntza arrotzean eta AEBetatik kanpo ekoitzitako pelikula onenaren saria irabazi du euskaraz eginiko lanak. Saria banatzeko garaia heldu da. Galazko ekitaldia, glamour-a. Hedabideen arreta eta fokuak Los Angelesen. Euskaldunon hitzak entzuteko garaia. Euskaraz, ingelesez? Edo espainieraz?

Kasu hipotetikoa da, baina hortxe dago: Loreak filma hautagai ofizialen artean dugu atzerriko pelikula onenari ematen zaion saria irabazteko lasterketan. Prozesua luzea izango da, eta irabaztea, zaila. Hainbat film daude Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak eginiko pelikularekin lehian. Oraingo fikzioa errealitate bihurtuko balitz gero, zer esango lukete sarituek? Oscar sarien banaketa ekitaldia salaketa edo adierazpen leihoa izan da batzuetan. Bertan esandakoek oihartzun handia izan dute munduan. Marlon Brandori aktore onenaren saria eman zioten 1973an The Godfather pelikulan eginiko lanagatik. Brando ez zen saria jasotzera joan; emakume amerindiar bat bidali zuen bere ordez, ekitaldian protesta agiri bat irakurtzeko. Ameriketako aborigenek jasandako zapalkuntza salatu nahi izan zuen aktoreak. Garañoren eta Goenagaren esanak politikariek hamaika mitinetan errepikatutako hitzak baino aiseago hedatuko lirateke bazter guztietan. Kontua da: zer esan, zer adierazi Euskal Herria eta mundua begira dauden unean? Batez ere, beti kritikatuko zaituztenean, esaten duzuna esaten duzula.

Eskerrak ematen badituzu gizalegez eta begirunez, besterik gabe, munduari Euskal Herriaren berri eman ez izana, gure egoera salatu ez izana egotziko dizute. Txepela. Espainiako estatuaren politika kritikatuz gero, esker txarrekoa zarela esango dizute; Espainia ordezkatzen ari zarela; Espainiak aukeratu zaituela; lana hizkuntza espainiar batean eginda dagoela. Hizkuntza espainiarra? Nork sinetsaraziko dizu Loreak pelikulak eta haren hizkuntzak Soriako herritar bat ordezkatzen dutela eta ez Zuraideko bat? Identifikatuago sentituko dira filmarekin Gaztelako herritar erdaldunak Lapurdiko euskaldunak baino?

Kritiko horien guztien artean egongo da Oscarretan parte ez hartzeko eskatuko duenik. Espainiako selekzioari boikota proposatzen dutenetako batzuek Oscar sariei ere muzin egitea nahi lukete, Espainia ez ordezkatzeko. Ez nituzke kasu biak parekatuko. Kasu honetan euskarazko pelikula bat sarituko lukete. Euskaraz eginiko lan batek, euskal kulturaren jardunean eginak, errespetua merezi du. Euskarak ere bai. Baloi baten atzean korrika doazen futbolarien kontu korronteak, ez. La roja me la trae floja.

Saria lortzeak zaila dirudi oso. Hollywooden, gainera, Akademiaren interesak daude, lobby-ak eta presioa. Euskaldunok puretak gara. Puruegiak, batzuetan. Beste batzuetan, ordea... Raul Castrok bostekoa eman dio Barack Obamari. Kritikarik egin diogu Castrori horregatik? Kubako presidentea, gainera, Bill Clintonekin elkartu da New Yorken. Clinton, Jugoslavia ohia bonbardatzea bultzatu zuena. Granma egunkariak, Kubako Alderdi Komunistaren Komite Zentralaren organo ofizialak, Clinton larrutu zuen sasoi hartan. Fidelen anaiak eskua luzatu die Obamari eta Clintoni. Ez al da hori pragmatismoa? Non daude ortodoxiaren, pragmatismoaren eta posibilismoaren arteko mugak? Gure alde jarriko balira, onartuko genuke euskaldunok Clinton, Obama edo Bush beraren bitartekaritza Espainiak gurean duen gatazkan, batek baino gehiagok behin baino gehiagotan gerra kriminaltzat jo ditugun arren?

Euskaldunak Hollywooden? Hala bada, onerako izan dadila, ez berriketa eta txutxu-mutxu patxangeroak zabaltzeko. Nahikoa eta nahikotxoa dugu Angelina Jolie, Nicole Kidman, Natalie Portman, Brad Pitt, Salma Hayek, Jude Law eta besteren lotsari moralak eta haragizkoak aireratzearekin. Egingo ote lukete gauza bera Nagore Aranburu, Itziar Aizpuru, Itziar Ituño, Josean Bengoetxea, Ane Gabarain eta Egoitz Lasaren arima, bihotz eta gorputzekin LND programan?

BERRIAn argitaratua (2015/10/02)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA