astekaria 2017/03/10
arrowItzuli

gizartea

Bai euskal armadari?

Jose Mari Pastor

Bai euskal armadari? Jose Mari Pastor

Armada beharko luke estatu berri batek ezinbestean, bai ala ez? Nolakoa? Galdera hori egiten ari zaio independentismo katalana bere buruari. Horren harira, Política de defensa i estat propi liburua argitaratu zuten joan den astean. Lana hainbat adituk idatzi dute. Dorcha Lee dugu horietako bat, Irlandako armadako koronel ohia. Haren ustez, Kataluniako armada 24.000 kidek osatu beharko lukete. Gainera, sinesgarria izateko lur, itsas eta aire atalak izan beharko lituzke. Haren zeregina disuasioa izango litzateke. Kataluniaren aurkako eraso armatu bati aurre egitea.

Korapilatsua da gaiari buruzko eztabaida. PDeCAT alderdiko gazteek armada propioa nahi dute, NATOren barruan. Ez dirudi CUPek oso gustuko izango duenik. Guk ere inoiz heldu beharko diogu gaiari, katalanen prozesuaren mailara iritsiko bagara. Independenteak izanez gero, euskal armadarik bai ala ez? Baiezkoan, nola deituko genioke? Eusko Gudarostea? Euskal Armada? Euskal Errepublikako Armada? Herri Armada? Euskal Armada Iraultzailea? Euskaldunok ezagututa, izenarekin bueltaka ibiliko ginateke eta, ados jarri aurretik, la rojigualda egongo litzateke Bizkargin.

Nolako armada izango genuke? Profesionala, berarekin borondatez eta diruagatik bat egiteko? Kideak derrigorrezko soldadutzaren bidez hartuko lituzke? Bada beste biderik: Suitzako Armadan %5 baino ez dira militarrak. Besteak herritarrak dira. Izan ere, han entrenamendu militarra hartzen dute, derrigortuta, 42 urterekin erreserbara pasatu arte. Armak nork bere etxean gordetzen ditu, asalto fusilak eta abar. Halakorik Euskal Herrian? Hori beldurra!

Armadarik gabeko herrialdea da beste aukera. Baina nork eta nola defendatuko luke gure lurraldea, armarik izan gabe? Herritarrek, tankeen aurrean tunika laranjak jantzita eta kandelak piztuta? Nahi beste feng shui, tai chi eta chomin chi egingo ditugu, baina gaur-gaurkoz ez ditut euskal herritarrak horrela irudikatzen. Iraganaren zama ez zaigu arin arinduko. La mili con los milis entzuten zen garai batean, ezker abertzalearen aldetik. Bien bitartean, 36ko gudarien irudi perfektua laudatzen zuten jeltzaleek. Betiko euskal paradisua: gudariek soilik airera egiten zuten tiro; Ertzaintzak ez du inoiz ere torturatu; hemen ez dago ustelkeriarik, euskal arima Arielek garbitutako kulero menstrualak baino zuriagoa baita. Hala eta guztiz ere, azkenean baiezkoa emango baliote euskal armada horri —eta eman, emango liokete— onartu egingo lukete hiltzea beharrezkoa izan litekeela, muturreko kasuetan. Erori egingo litzateke oraingo mantra: hiltzea txarto dago, ez du merezi bizitza bat apurtzea... Zertarako nahi duzu armada? Inbasioa izan, eta zure soldaduak negarrez belaunikatzeko arerioaren aurrean, tiro bat ere bota gabe? Eraso bati erantzuteko hiltzea justifikatuko lukete, inplizituki. Eta Francoren garaiko ETAk eraso bati erantzun balio?

Zenbait herrialdek ez dute armadarik. Askotan beste estatu baten eskuetan uzten dute defentsaren arloa. Islandia, adibidez, AEBek eta NATOk defendatuko lukete. Andorra babesteko ardura Frantziak eta Espainiak dute. Hori egiteko eskatuko genieke Paris eta Madrili? «Zuen lurralde sakratua zatikatu dugu, baina, mesedez, etorri gu salbatzera thailandiarrek inbaditzen bagaituzte».

Beste modu bat dugu, nire gustukoena: Costa Ricako eredua. Erdi Amerikako herrialde horretan ez dute armadarik. 1948. urtean desegin zuten. Defentsa Costa Ricako Indar Publikoa deritzon gorputz polizialaren eskuetan dago, natura zibila duena, maila eta galoi militarrik gabea. Ez dute txarto egin. Geroztik ez dute gerra zibilik izan. Somoza diktadoreak eta bestek Nikaraguatik bultzatutako inbasioari aurre egin zioten 1955ean —AEBek lau gerra hegazkin eman zizkioten Costa Ricari. Nobody is perfect—. Nik halako eredu baten alde egingo nuke, baina ez dakit hemen funtzionatuko lukeen. Asko gustatzen zaizkigu galoiak, besteenak ez badira. Are gehiago eskopetak, gureak badira.

BERRIAn argitaratua (2017/03/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA